Azken berriak Ukrainatik
Artikuluan irakurriko dituzuenak Lorenzo Ramírez analista ekonomiko espainiarraren eta Alexander Mercouris enbaxadore izandako britainiarraren hitzak dituzue. Biak elkarrizketatuak izan dira eta beheko bideoetan dituzue biek esandakoak. Ni haiek adierazitakoak laburki jasotzera mugatu naiz. Beraz, artikuluan ez duzue nire iritzirik irakurriko, den-denak bi analista ezagun hauenak dira.
Zelenskiren “Garaipenaren Plana”
Lorenzo Ramírez: Zer puntutaraino dago Zelenskiren Garaipenaren Plana gauzatzetik gertu? Urrian, Seymour Hersh kazetari estatubatuar ospetsuak Ukrainako guda ikuspegi geoestrategiko eta geopolitikotik amaituta dagoela adierazten zuen artikulu bat idatzi zuen. Orain Zelenskiri denek esan diote errusiarren kontrolpean dagoen Ukrainaren ekialdeko zatia haien esku jarraituko duela onartu behar duela eta negoziazioetan lurralde horiek berriro Ukrainaren eskuetara itzultzeko ez duela NATOren inolako laguntzarik izanen. Besteak beste, Donbass, Zaporozhie, Jerson eta Krimeako errepublikak Errusiako Federazioaren tutoretza konstituzionalaren pean daudelako. Financial Timesek argi eta garbi adierazi zuen Washingtonen, Mendebaldeko zenbait hiriburutan eta Kieven bertan ere giroa aldatu egin dela. Lehenago, Financial Timesek zioen armada errusiarra Ukrainatik kanporatuz soilik buka zitekeela guda. Orain, herrialdearen zati handienari eustea izan daiteke helburu itxaropentsuena. Beraz, dagoeneko ez da lurralde guztia erreklamatzen; lurraldearen bostena galdutzat ematen da. Trumpek Ipar Carolinan antzeko diskurtsoa egin zuen. Nabarmena da aldaketa hori prestatzen ari direla. Orain NATOn sartzen utziko ote dioten ala segurtasun berme baliokideak eskainiko ote dizkioten da eztabaida, Ukraina ez baita inola sartuko NATOn. Izan ere, NATOko idazkaritza nagusiak berak ez baitu nahi Ukraina NATOn sartzea.
Alexander Mercouris: Zelenski izututa dago. Europako liderrak Ukraina proiektua amaitutzat ematen ari baitira. Argi dago Etxe Zuriak Ukrainarekin amaitu duela. Botere faktikoak Bideni esaten ari zaizkio orain Ekialde Hurbilera begiratu behar dela eta Ukrainakoa itxi egin behar dutela eta Zelenski guztiz saihestu. Europako Batasunak ezin du errusiarren aurka joan estatubatuarren inplikaziorik gabe. Beraz, Zelenskik urte amaiera baino lehen ospatu nahi zuen Bake Gailurra bukatuta dago. Gailurra jaio aurretik hilda dago; inork ez du anfitrioi izan nahi eta are gutxiago bertara joan. AEBek ez dute Errusian irismen luzeko misilak jaurtikitzeko baimenik emateko asmorik. Ezta Ukrainaren sarrera NATOn eztabaidatzeko ere. Zelenskik estatubatuarrekin porrot egin du.
Ukraina Europako Batasunean
LR: Ukrainaren sarrera Europako Batasunean hondamendi ekonomikoa eraginen luke nekazaritzaren sektorean, batez ere inguruko herrialdeetan. Gero, Ukrainaren berreraikuntza kontua dago. Black Rock eta JP Morgan dira berreraikuntzarako banka gidatuko dutenak. Berreraiki beharreko eremua errusiarren esku badago, non jardunen dute? Kieven kalteak txikiak dira, eta gainerakoan, minak kendu eta portuetan lan batzuk egin behar dira, bai, baina non erabiliko dira Nazio Batuen arabera azken apirilean aipatutako 480.000 milioi dolar horiek?
AM: Zelenskik orain Europan zehar bidaiatzen ari da estatubatuarren lekukoa europarrek har dezaten saiatuz. EBera azkar sartu nahi du, eta hori hondamendi ekonomikoa izanen litzateke estatu askorentzat. Estatu askok oso argi adierazi dute ideia hori ez dutela gustuko. Polonia oso kezkatuta dago, nekazari ukrainarrei emanen litzaizkiekeen diru-laguntzek nekazari poloniarrak hondamendira eramanen lituzketelako. Frantziarrek ere ez dute bat egiten asmoarekin.
Gerraren amaierarako negoziazioak
LR: Zelenskik bere garaian onartutako dekretua baliogabetzen duenean soilik hasi ahal izanen dira negoziazioak. Zelenskik orain legerian Errusiarekin negoziatzeko aukera emanen dion erreforma bat onartu behar du. Bere garaian Ukrainako gobernuari Moskurekin bake elkarrizketak izatea debekatzen zion dekretu bat onartu baitzuen.
AM: Lavrovek elkarrizketa bat eman berri dio Newsweek aldizkariari eta bertan garbi azaldu ditu Errusiaren bake baldintzak. Ukrainak lau eskualdeetatik eta Krimeatik erretiratu behar du eta horiek ofizialki errusiarrak direla onartu. Arma nuklearrik gabeko estatu neutral bat adostu behar da. Ukraina desmilitarizatu egin behar da. Erradikalen (nazien) aurka neurriak hartu behar ditu eta errusiarrei eskubide osoak itzuli behar dizkie. Lavrovek Errusiari zigor guztiak kendu behar zaizkiola ere gehitu zuen. Zelenskik ez luke europarrekin bildu behar, baizik eta Errusiarekin komunikazio kanalak ireki behar lituzke, Txinaren edo Indiaren laguntzaz. Azken emaitza Kieven gobernu berri bat izan liteke.
Zelenskik Errusiarekin negoziazioak debekatzen zituen legea bertan behera utzi behar du. Baina hori egitea 2022ko apirilean Istanbulgo akordioei uko egitean herriarentzat egin zuen akats izugarriaren aitortza beldurgarria izanen litzateke. Badaki, gainera, hori egiten badu erradikal eta muturreko guztiak bere atzetik joanen zaizkiola. Horixe ez du nahi, beldur handiagoa baitie haiei errusiarrei baino. Guda frontean erabakiko da.
Europako Batasunaren etorkizuna
AM: Europarrak etsiak hartuta daude. Datorrena hondamendia da, bereziki EB hondamendi honetan sartu zuten Europako politikari guztientzat. Haien akatsa izan zen guda honetan sartzea eta ez zuten ondo pentsatu. Ez zuten amaiera ongi kalkulatu eta orain hondamendiari aurre egin beharko diote. Europarrak ez daude estatubatuarrekin hausteko moduan. Europarrak bakarrik geratuko dira gudaren aurrean eta Zelenski bera oso egoera zailean dago. Ez dute beste aukerarik AEBekin jarraitzea baino, munduan inork ez baitu europarrekin traturik egin nahi. AEBetako sektore neokontserbadoreekin hainbeste lotu dira, europarrak ere neokontserbadore bihurtu direla. EBko burokrazia osoa neokontserbadore bihurtu da eta orain estu-estu lotuta daude.
Errusiaren eragina munduan
LR: Bien bitartean, Sergey Lavrovi elkarrizketak egiten dizkiote mendebaldeko hedabide handietan, goi mailako politikari gisa aitortuta. Errusia Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena bitartekaritza lanetarako duen balioa erakusteko baliatzen ari da. Lavrov arabiarrekin harremanak estutzen ari da, petrolioari eragin diezaiokeen eskalada saihesteko eskualdeko gobernuek Kremlini laguntza eskatu diotela baliatuz. Horrek Errusiaren garrantzia berpizten du eta munduari nazio baketsu gisa aurkezteko aukera bikaina eskaintzen dio. Txinak egiten duen bezala aurkeztu nahi du bere burua eta horretarako Errusian ospatuko den BRICSen hurrengo gailurra aukera oso egokia da.
Nord Streameko atentatua
LR: Nord Stream inguruan ere albiste garrantzitsuak ditugu. Nirekin haserre bazaude eta gasa bidaltzeari utzi nahi badiozu, zer eginen duzu? Kanila itxi, ez da? Ez duzu gasbidea lehertu beharrik. Hori da denok ulertzen duguna. Proiektua Merkel eta Medvedevek lortutako akordio baten ondorioz sortu zen. Gasbidea egitea zen helburua, birgasifikazio-instalaziorik ez zutenez, gas natural likidotua itsasontziz bidaltzen jarraitzea ekiditeko. Era berean, Ukrainatik pasatzea saihestuko zuten, ustelkeria handia baitzen bertan, inplikatuan artean AEBko presidentearen semea ere zegoelarik. Horrela, independentzia energetikoa bermatzen zen.
Baina bat-batean, egun batean, gasbidea lehertu egin zuten, AEBek martxan ez zela jarri behar esaten urteak zeramatzatelarik. Atentatua Danimarkako kostaldearen aurrean gertatu zenez, Danimarkako fiskaltzak hartu zuen ikerketaren ardura bere gain. 2021ean, Errusia presionatzeko Bidenek Estatu Batuetako Itsas-Armadako itsasontziak Baltikora bidali zituenetik inguru hura munduan militar gehien zutenetako bat bihurtu zen. Eta bertan gertatu zen atentatua. Egileak NATOko indarrak izan zirela aitortzea izanen zatekeen normalena. Danimarkak berehala ondorioztatu zuen atentatua izan zela, baina ez zuten nork egin zuen esan. Zergatik? NATOko kideak inplikatuta zeudelako, noski. Orain, Danimarkako egunkari nagusietako batek fiskaltzaren eta poliziaren informazio filtratuarekin egindako erreportaje bat argitaratu du, eta bertan adierazi du ez zela ontzi errusiarra inguruan zebilen hura, nahiz hasieran hori esan ziguten. Estatu Batuetako Itsas-Armadako bi ontzi ziren leherketak gertatu baino lehen gertaeren lekuan zebiltzanak. Artikulu hau irailaren 26an Glenn Greenwell eta Thomas Fazi kazetariek argitaratu zuten. Gauzak argi uzteko, Bidenek Olaf Scholz bere bulegora deitu zuen, eta Scholzek, haserretu beharrean, itzuli eta oraindik belauniko jarraitzen du.
https://www.youtube.com/watch?v=D4Xc3gHDZPY&ab_channel=NegociosTV (7:53tik - 21:37 bitarte)
https://www.youtube.com/watch?v=G6Ntn8NqLvM&ab_channel=SaneVoxEspa%C3%B1ol
joan mari beloki kortexarena
2024-10-14
Iruzkinak
Utzi iruzkina: