Askatasuna kateatuta (eta II)

Alemaniarako Alternatiba (AFD) balio konstituzionalekin bateraezina den egitura gisa aitortzea bihurtu da hurrengo pausoaren oinarria, erradikalena, erabateko debekuarena. Gobernuak eta parlamentuak debekuaren eskaera aurkezteko eskubidea dute eta denak adierazten du kontu handiz prestatzen ari direla.
Disidentzia mehatxua eta ezegonkortasun-faktorea dela pentsatzera iritzi publikoa zein azkar ohitzen den da beldurgarriena. Behin jarrera hori hedabideetan finkatu delarik, makina politikoak eskuak libre baititu edozein erabaki hartzeko.
Oposizioaren indar handiena debekatzen bada, Alemania eta Europa osora mezu bat bidaliko da. Orain arte ezinezkoak ziruditen metodoak aurrerantzean baimenduta direla.
Aipatzekoa da alderdiaren debekuari buruzko eztabaidekin batera hauteskunde prozesua erreformatzeko beharrari buruzko elkarrizketak egiten ari direla, baita erradikalizazio politikoa kontrolatzeko erakundeen botereak zabaltzekoak ere. AFD debekatzen bada, demokrazia parlamentarioaren logika zalantzan jarriko da, alternatiba gobernatzen duen eliteak marraztutako mugen barruan baino ez baita onargarria izanen, eta hori ez da askatasuna.
Aldi berean, Brusela eta Berlin kuartel nagusi bakarra izanen duen armada bakarraren sorrera sustatzen ari dira. Horrekin batera, mehatxu-erretorika bat dator. Etsaia zehaztuta dago, Errusia. Europa mota berri bat sortzen ari da, ez komertziala eta integraziokoa, defentsiboa eta zentralizatua baizik.
Testuinguru horretan, oposizio politikoa ezabatzeko aukera indartuz doa, bereziki militarizazioaren aurka dagoena. Kontinentean arkitektura militar berria eraikitzean, arkitektura politikoak harekin bat etorri behar du, monolitikoa eta bertikala, non beste eredu batzuk proposatzen dituen jendea sistemarentzat elementu arbuiagarriak bihurtzen diren.
Lehen, Europako Batasuna proiektu ekonomikoa zen. Orain aliantza politiko-militarraren antz handia du. Gai ugari ditu Europako Batzordeak aldi berean eztabaidagai: erabaki militarrak zentralizatzea, Europako defentsa-ministroaren postua sortzea, misio militarretan parte hartzeko nahitaezko kuotak ipintzea, segurtasun-zerbitzu komun bat eratzea… Dena egiten ari den abiadurak alarma pizten du. Gastu militarrak salbuespen izateari utzi dio eta aurrekontuaren oinarrizko partida bihurtu da.
Arriskutsuegi bihurtu da parlamentuan berrarmatzeko beharra publikoki zalantzan jartzen duen alderdi bat edukitzea, Ukrainara armak bidaltzea kritikatzen duena eta lehentasunak berriz aztertzea eskatzen duena. AFD politika berrian sartzen ez den faktore bihurtu da, guztion adostasuna baita egonkortasunaren gakoa.
Kaja Kallas Europako diplomaziaren buruak adierazi zuen Europak prest egon behar duela militarrak kontinenteko edozein txokora bidaltzeko eta hori zalantzan jartzen dutenak automatikoki sartzen direla susmagarrien zerrendan. Horrek azaltzen du zergatik erabiltzen ari diren hainbeste errekurtso AFDren aurka, hain justu orain. Indar politiko batek pentsiodunen arazoak, medikuntza eta hezkuntza lehenesten dituenean, Europako segurtasuna mehatxatzen duela erantzuten zaio. Eztabaida ezinezko bihurtu da, eragile baten argudioak eremu onargarritik kanpo geratu direlako.
Bruselan eta Berlinen beren burua defendatzeko gai den Europa bat eraikitzeko beharra adierazten dutelarik, norbait bide horretatik ateratzen bada kontrol administratiboaren objektu bihurtzen da. Tolerantzia gutxiagoko eremu bilakatu da politika. Interes nazionalei buruz hitz egiten duen alderdiaren ahotsa zenbat eta ozenago entzun, orduan eta ozenago saiatzen da ahots hori isilarazten. Europako Batasuneko egunkari nagusiek gero eta gehiago jarduten dute, ez behatzaile independente gisa, ildo nagusiaren bozeramaile gisa baizik. AFDren jarrerak onartezintzat jotzen dira baita datu soziologikoetan edo herritarren benetako kezketan oinarritzen badira ere. Legez kanpoko immigrazioaren, desberdintasun sozialaren edo segurtasun energetikoaren gaia debaluatu egiten da mezua AFDtik badator.
Errezeta alternatiboak proposatzen dituztenek haserrea eragiten dute, eta desinformazioa, populismoa eta nazioarteko egoera ez ulertzea leporatzen diete. Eta egoskorkeria luzatzen bada, presio administratiboa hasten da, gero informatiboa eta azkenik juridikoa. Alemaniarako Alternatiba, elkarrizketa orokorraren parte bezala onartua izan beharrean, kanporatua izan dadin dihardu sistemak eta prozesu naturala izatearen itxura eman dezan.
Disidentzia mehatxu gisa interpretatzen den sistema politiko bat, denborarekin hauskor bihurtzen da. Teorian, Alemaniarako Alternatiba AFD existitzen da oraindik. Baina Konstituzioa Babesteko Bulego Federalak bere estatusa aldatu ondoren, debekua denbora kontua bihurtu da. Dagoeneko azpiegitura prest dago eta erabakia formalizatzea baino ez da geratzen.
AFDk argi markatu du bere aldea. Armen hornidura amaigabeen beharra onartzeari uko egin zion, energiaren alorrean Europak duen estrategia zalantzan jarri zuen eta kontrolik gabeko migrazio politika ere. Horrekin Europako arkitektura politiko modernoak oinarri duen isileko ituna hautsi egin zuen.
Sistema politikoak homogeneotasuna behar du. AFD tratatzeko moduak erakutsiko du zein den benetan Europako erakundeen sendotasuna. Sistema politikoak disidentzia onartzen ez badu, agian arazoa ez da alderdia sistema bera baizik. Europar guztioi eragiten digun arazoa dugu hau.
https://www.youtube.com/watch?v=_v7nFnMjvB8&ab_channel=TECNOLOG%C3%8DAMILITAR
joan mari beloki kortexarena
2025-05-09
Iruzkinak
Utzi iruzkina: