Askatasuna kateatuta (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-05-06 12:39

belokijmari@gmail.com 1746528079426

“Teknologia Militar” izeneko Youtubeko kanalak eskaintzen digun bideo honetan Europako politikan gero eta txertatuago dagoen birus hilgarriaren azken berria dakarkigu. Duela urte erdia Errumaniako hauteskundeak baliogabetu ziren, jarraian Calin Georgescu irabazleari hurrengo hauteskundeetara aurkeztea debekatu zitzaion, martxoan Frantziako Marine Le Peni ere hauteskundeetara aurkezteko debekua jarri zitzaion, orain Alemanian Europako Batasunaren politikarekin bat ez datorren AFD alderdia legez kanpo uzteko bidean ezarri dute. Azken atal honen gorabeherak azaltzen dizkigu bideoak.

 

Eskandalua piztu da Alemanian eta baliteke herrialdeko panorama politikoa aldatzea. Azken inkesten arabera herrialdeko popularrena bilakatu den Alemaniarako Alternatiba (AFD) alderdia, estremista gisa onartu dute ofizialki. Erabaki horrek alderdiaren gaineko erabateko kontrola izateko bidea zabaltzen du eta aniztasun politikoa kolokan jartzen du. Funtsean, adierazpen askatasunarekin zuen konpromisoaz harro zegoen herrialde batean proposamen alternatibo bat ezabatzeko saiakera da.

Herrialdearen panorama politikoan aldaketa tektonikoa gertatzen ari da. Azken hauteskundeetan AFDk lortutako emaitzek harrituta utzi zituzten behatzaileak zein botere faktikoak. Duela urte batzuk bazterreko eta txikitzat jotzen zen indar baten alde bozkatu zuen boto-emaileen laurdenak baino gehiagok. Hauteskundeetan %26ko babesa lortu zuen, herrialdeko alderdi popularrena bilakatuz.

AFDren aurkako ekintzetan erabiltzen ari diren baliabideak hain handiak direnez, arerio politikoa baino Estatuaren etsaitzat hartua dela dirudi. Konstituzioa Babesteko Bulego Federalak oinarri demokratikoen aurka doan egitura gisa izendatu du alderdia. Orain agentziak eskubide osoa du alderdiaren jarduerak ikuskatzeko eta zerbitzu berezien armategi osoa alderdiaren kontra erabiltzeko (telefono entzuketak, ezkutuko zaintza, agenteen infiltrazioa…) Oposizioa legalki kontrolatzeko bidea zabaldu da.

Azken hamarkadetako migrazio politika zalantzan jartzea leporatzen diote AFDri. Jarrera zinikoa erakusten du honek, ez baitzaizkio legez kanpoko ekintzak leporatzen, AFDren alde bozkatu duten milioika herritarrek partekatutako kezkak baizik. Alemanian gora egin du legez kanpoko immigrazioarekin lotutako kaleko delinkuentziak, eta poliziak horren berri emana du publikoki. Baina datu horiek AFDren diskurtso politikoan txertatzen direnean, demokraziaren aurkako delitu bihurtzen dira.

Hauteskunde atarian ere KBBF Konstituzioa Babesteko Bulego Federalak ez zuen halako urrats erradikalik eman. Alderdien arteko aukera berdintasuna errespetatzeko beharra berresten zuen. Hauteskundeak amaitu bezain azkar, ordea, KBBFak jarrera aldatu zuen. Aurrekari bat sortu da errepresiorako eta boto-emaileen laurdenak baino gehiagok bozkatu duen alderdia, gaur egun, arriskutsuak izan daitezkeen erakundeei aplikatzen zaienaren pareko zaintzapean dago. Gizarte demokratiko batean ez da onargarria aktore politiko popularrena isolamendu legal baten menpe egotea.

Prozesu guztia ezkutuan egosi da. Ez da eztabaida publikorik egon. Alderdiaren zuzendaritzak erabakiaren aurka epaitegian helegitea aurkeztuko duela adierazi du. Baina makina mediatiko eta juridikoak aldi berean martxan jarri direnez, epaiketa objektibo bat jasotzeko aukerak oso urriak dira. Bereziki, Alemaniako hedabide nagusi gehienek aktiboki babestu dutelako erabakia.

Neurri hauekin hautesleen ahotsa erabat galtzen da. Zalantzan jartzen dira bai alderdiaren zilegitasuna eta bai milioika herritarren hautua, herri subiranotasunari errespetua ukatuz. Izan ere, gizartearen laurdenaren iritzia zuzendu beharreko akastzat hartzen bada, zer geratzen da demokraziatik?

KBBFren erabakiak askatasun politikoaren kontzeptua aldatu egin du Europan. Argi dago ez direla legezko arauak aplikatu. Afera disidentzia ideologikoaren aurkako borroka bihurtu da. Ebaluazioak ez dira gertaera juridikoetan oinarritu, migrazio politikaren inguruko diskurtsoan baizik.

Adibidez, kexetako bat “labanadun migratzaile” terminoaren erabilera izan da, jendartean aspaldi erabilera normalizatua duela eta biztanleriaren zati handi baten benetako beldurra islatzen duela kontutan hartu gabe. Adituek hitz hori diskriminatzailetzat jo dute. 1100 orrialde baino gehiagoko perituen irizpena ez da juridikoa, ikerketaz mozorrotutako ebazpen politikoa baizik. Diskurtso emozionalen aipuak nabarmentzen dira, gogorrak batzuetan, baina lehia politikoan guztiz zilegiak. Salaketak ez dira edukiari buruzkoak, diskurtsoaren tonuari buruzkoak baizik.

Iritziaren mugak murriztuz doaz urtetik urtera. Europako politikan, bat ez datozen pertsonak ez dira onartuak. Demokraziak nortasun zibikoaren eredu bakarra onartzen du. Dagoeneko ez dago pluralismorik. Adierazpen askatasuna sistemarekin talka egiten ez badu bakarrik onartzen da Europa honetan.

Prozesua 2024an hasi zen, Ipar Renaniako Administrazio Auzitegi Gorenak epai bat eman zuenean AFDren zaintza baimenduz, talde sozial jakin batzuekiko mespretxua pizten duen egitura gisa. Batez ere atzerritarrez eta komunitate musulmanez ari zen. Hortik aurrera, immigrazio-politikari egiten zaizkion kritika guztiak konstituzio-ordenarekiko desleialtasuntzat hartzen dira. Erabaki horrek forma juridikoa zuen presio instituzionaleko prozesu bati hasiera eman zion.

Geroztik isolamendu politiko eta juridikoko aro berri bat hasi zen. Alderdiak norabide erradikalagoetara jo zuen. Erretorika aldatu egin zen, eta alderdia gogorrago hasi zen hitz egiten immigrazioarekin, barne segurtasunarekin eta identitate kulturalarekin lotutako arazoez. Hori mingarria izan zen Berlin ofizialarentzat eta AFDren ahotsak zenbat eta indartsuago egin orduan eta gehiago aktibatzen ziren estatuaren euste mekanismoak.

Lehen ekintza zehatzengatik epaitzen ziren alderdiak. AFDren kasua bestelakoa da. Gizarteari buruz duen ikuspegia ebaluatzen da, pentsatzeko modu bat inposatu nahian.

Horrekin batera, hedabideek iritzi publikoa landu dute, testuinguru emozionala moldatuz. AFDren ordezkarien migrazio-politikari buruzko edozein iruzkin kritiko xenofobiatzat hartzen da, eta muga irekien politikari buruz zalantzak dituen boto-emaileak hautesle onartezintzat jotzen dira.

https://www.youtube.com/watch?v=_v7nFnMjvB8&ab_channel=TECNOLOG%C3%8DAMILITAR

joan mari beloki kortexarena

2025-05-07


Utzi iruzkina: