Arrisku nuklearra Iranen eta Errusian
Bideo honetan, Andrew Napolitano epailea John Mearsheimer irakasle eta analista geopolitiko ospetsuarekin mintzatu da. Munduko gune gatazkatsuenei bistadizoa eman eta gero, Iranen eta Errusian gaur egun gatazka nuklearrean amaitzeko dagoen arriskua azpimarratu digu.
Iran
Hemen estatubatuarrek aberastasun nuklearrari buruz negoziatzen hasi nahi dutela da aipagarriena. Baina Iranek gai nuklearra hirugarren tokira mugitu du zerrendan. Lehenik eta behin bakea lortu behar dela dio, gatazkari amaiera eman behar zaiola, alegia, AEBek eta Israelek Iran berriro eraso eginen ez duten bermea ziurtatuz. Bigarrenik, Ormuzko itsasarteaz hitz eginen dute, kontrola Iranek mantenduko duela argi utziz. Eta, hirugarrenik, gai nuklearrari buruz hitz egiteko prest dira. Bestela esanda, lehenik gatazkari amaiera eman behar zaio, gero itsasartearen gaia jorratu eta hirugarrenik gai nuklearrari buruz hitz egin ahal izanen da.
Horrek erakusten du irandarrak gero eta seguruago sentitzen direla beren posizioaz. Eskaintza berria txarragoa da estatubatuarrentzat. Trumpek ez du ulertzen irandarrek ez dutela amore emanen itsasartearen kontrolean, hortik baitator negoziaziorako bere boterea. Konfrontazio hori ahalik eta azkarren amaitzeko, AEBek min handiagoa sentitu beharko dute, baita mundu guztiak ere AEBei presioa egin diezaien.
Trumpek porrotera bideratutako estrategia abiarazi zuen. Israeldarrek konbentzitu zuten Irani beldurrezko kanpaina batekin eta burua mozteko estrategia batekin eraso eginez erregimen berri bat ezartzea lortuko zutela. Hori egitea oso erraza izanen litzatekeela eta garaipen azkarra eta erabakigarria lortuko litzatekeela. Gogoratu behar da Dan Cane jeneralak, Estatu Nagusi Bateratuaren buruak, John Ratcliffe CIAko buruak, JD Vance presidenteordeak eta Marco Rubio Estatu idazkariak esan ziotela israeldarrek proposatutako estrategiak ez zuela funtzionatuko. Oso kasu interesgarria da, Estatu sakonak eta presidentearen aholkulari estatubatuar nagusiek gomendatu ziotelako israeldarrek asmatutako estrategia ez gauzatzeko. Baina porrota bermatzen zuen estrategia gauzatzea erabaki zuen Trumpek. Historian, aire-kanpaina batek ez du erregimen bat agintetik kendu. Netanyahuk ziria sartu zion Trump presidenteari.
Trumpek garaipen azkarra lor zezakeela pentsatu zuen. Baina behin lortzen ez duzunean arazo larrietan zaude eta hor gaude gaur. Militarrek Trumpi esan diote ez dezala gerra berrabiarazi, ez ditzala bonbardaketak berrabiarazi, ez baitute funtzionatuko. Bonbardaketarik eta lurreko inbasiorik ez badago, itsas blokeoa besterik ez da geratzen. Baina itsasontzien blokeo honek, irandarrei amore emanaraziko al die? Ez, ez dute etsiko. Mehatxu existentzial bati egin behar diote aurre, eta kasu horretan azken pertsonaraino borrokatzen dira.
Ez dago bake akordio baterako itxaropenik. Eta hau batez ere Israelengatik da. Lobbya hain da ahaltsua AEBetan arduradun politikoengan eragiteko orduan, oso zaila dela arazo hau konpontzea. Ez dute onartuko Trumpek akordio garrantzitsurik sinatzea irandarrekin. Haiek gerrak jarrai dezan nahi dute. Eta, gai nuklearraren inguruan akordio esanguratsurik lortzen ez bada, aurre egin beharko diogu israeldarrek Iranen aurka arma nuklearrak erabiltzeko aukerari. Beraz, etorkizuna iluna da.
Errusia
Urduritasuna nabari da Errusiako eliteen, Kremlineko funtzionarioen eta Errusiako herritarren aldetik, 4 urte daramatzan gerrarekin. Errusiarrek noizbait arma nuklearrak erabiltzeko aukeraz pentsatzen ari dira. Nahiko argi dago europarrak ahal duten guztia egiten ari direla ukrainarrei laguntzeko eta ukrainarrak nahiko eraginkorrak bihurtzen ari dira Errusiaren barruko helburuak erasotzeko orduan. Ondorioz, Errusiako kanpo-politikako eliteak eta herritarrak urduri jartzen ari dira. Presio handia egiten ari zaizkio Putin presidenteari, gerrari amaiera eman diezaion.
Serguei Karaganov estratega errusiar ezagunak denbora luzea darama errusiarrek gerrari amaiera eman behar diotela aldarrikatzen, eta hori egiteko modu bakarra Mendebaldearen kontra arma nuklearrak erabiltzea dela, modu erakusgarrian, dagoeneko nahikoa dela adierazteko. Eta Ukrainari babesa ematen jarraitzen badute eta Ukrainak Errusiako azpiegitura suntsitzen, errusiarrek eskailera nuklearrean gora eginen dutela. Karaganoven arabera, Mendebaldearen kontra arma nuklearrak erabilita, hauek mezu indartsu eta argia jasoko dute eta ez dute Ukrainaren alde egiten jarraituko.
Ez da komeni errusiarrak egoera estuan jartzea. Baina horixe da, hain zuzen ere, Europa bilatzen ari dena. Sergey Lavrovek oso diskurtso garrantzitsua eman zuen apirilaren 24an eta argi utzi zuen Mendebaldeak Errusiari gerra deklaratu diola. Errusia Mendebaldearekin gerran dela dio eta Errusia, Ukrainaren aurka ez ezik, Europaren aurka ere borrokan ari dela uste du. Gainera, Europako herrialdeak Errusiaren aurka garaipen estrategikoa bilatzen ari direla, Errusia potentzia handien multzotik atera nahian. Eta horrelako helburu baten atzetik zoazenean, eta Errusiako azpiegiturari kalte handiak eragiten ari zarenean, arma nuklearrak erabiltzeko pizgarri garrantzitsuak ematen ari zatzaizkie errusiarrei.
Ez nuen uste honaino iritsiko ginenik. Izan ere, nahiko harrituta nago esaten ari naizena esaten ari naizelako, baina ez dugu gutxietsi behar Ukrainan gertatzen ari dena eta egoera hori zein arriskutsua den.
https://www.youtube.com/watch?v=C8KdUVn3XZc
Kamerak hartutako 5 proba nuklear handienak:
https://www.youtube.com/watch?v=_vPAoaRPi2k
joan mari beloki kortexarena
2026-05-03

Iruzkinak
Utzi iruzkina: