Arrakalak Ukrainako parlamentuan

Hegoamerikatik iritsi zaigun bideo honetan Mendebaldean isilik gorde den albiste baten berri eman digu Prensa Alternativa izeneko Youtubeko kanal honek. Albisteak garrantzi handia du, Kieveko parlamentuan iritzi kontrajarriak azaltzen ari direla dioskulako.
Artem Dmytruk Ukrainako diputatuak Telegrameko bere kanalean argitaratutako informazio batek erreakzio uholdea eragin du nazioartean. Mezuak Ukrainan nazioarteko bermea izanen lukeen behin-behineko gobernu bat ezartzeko proposamena babesten du. “Plan hau logikoa eta ulergarria da, eta, batez ere, errealitateari erantzuten dio” idatzi zuen. Egun batzuk lehenago, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Ukrainak ez duela legezko agintaririk esan zuen, eta NBEk onartutako aldi baterako administrazio batek bakarrik itzuli ahal izanen liokeela ordena herrialdeari eta hauteskunde errealak bermatu. Presidenteak gogorarazi zuen antzeko ereduak arrakastaz ezarri zirela Ekialdeko Timorren, Ginea Berrian eta lehengo Jugoslavian.
Seismoa ez datza proposamenean, babeslearengan baizik. Profil nazionalista duen legegile ukrainar batek alternatiba errusiarraren alde egitea polemikoa eta argigarria da. Dmytruken babesak Kieven pitzadurak daudela erakutsi du eta horiek modu arriskutsuan zabal daitezkeela. Ez dirudi kasu isolatua denik. Badirudi gutxienez beste bost legegile ukrainar prest egonen liratekeela egun gutxi barru jarrera horrekin bat egiteko. Elkarrizketa bultzatzeko prest dagoen bloke parlamentarioa osatzen ariko lirateke, horrek Kieveko ildo ofizialistari aurre egitea esan nahi badu ere.
Filtratutako dokumentuen arabera, Riaden Ukrainarako trantsizio demokratiko babestuaren aukera jarri zen mahai gainean. Proposatutako formula bat dator Moskuk bultzatutako ideiarekin. Gero eta argiago ikusten da gerra haustura puntu batera iritsi dela. Ukrainako soldaduak lur jota daude eta mendebaldeko aliatuak neke finantzario eta politikoaren seinaleak erakusten ari dira. Testuinguru honetan, Errusiaren proposamena bideragarria izateaz gain, saihestezina ere izan daiteke.
Artem Dmytrukek parlamentu barruko eta kanpoko babesa du. Zelenskiri egiten dion etengabeko kritikak erreferente bihurtu du dagoeneko narratiba ofizialean sinesten ez duten militar eta zibilentzat. Alexander Mercouris bezalako analista ezagunek ez dute zalantzarik egoera hau kapitulazio baten hasiera dela esateko. Diputatuek dagoeneko borroka politikoa galduta dagoela sentitzen dute.
Panorama hau bat dator Moskuren helburu estrategikoekin: irteera politikoa lortzea, higadura militarra luzatu gabe. Nazioarteko erakundeen bitartez tutoretzapeko gobernu bat ezartzea ikuspegi horren gailurra litzateke. Zelenskiren boterea erorketa librean dago. Hauteskundeak bertan behera uzteak, dirua bidegabe erabiltzeagatik sortutako eskandaluek eta nazioarteko aliatuak aspertuta egoteak bere zilegitasunari kalte handia egin diote. Ukrainako parlamentariek Errusiako proposamenak publikoki babesteak askok dagoeneko ziurtzat jotzen zutena baieztatu besterik ez du egiten: Zelenskiren ziklo politikoa agortuta dago.
Txinaren, Indiaren eta Brasilen babesak eta hegoalde globalaren babes isilak elkarrizketaren sustatzaile gisa kokatu dute Mosku. Bitartean, Mendebaldea amaigabeko gerra bat luzatzen tematzen den eragile gisa hartzen dute. Behin-behineko gobernu baten ideia gauzatuz gero, aurrekaririk gabeko gertaera baten aurrean geundeke. Sekula ez da Estatu Batuen aliatu bat barrutik desegonkortu etsaiak bere hiriburuan sartu gabe. NATOk Ukraina babesteko promesa ezbaian geratu da. Bestalde, herrialdearen barne hondamendiak Washingtonen babesean oraindik konfiantza izan ote daitekeen zalantzan jarri du.
Mendebaldeak giroa aurkariaren alde Estatu Batuetan bertan jartzen ari dela ikusten ari da. Alderdi Errepublikanoko politiko esanguratsuek zentzurik gabeko gerra amaigabetzat joz altxatu dute ahotsa. Badirudi Trump prest dagoela Kievi finantzazioa mozteko eta Moskuri irtenbide negoziatu bat emateko. Errusiaren eta AEBen babesa lukeen NBEren kontrolpeko behin-behineko administrazio bat onartzea, Ukrainako esperimentu liberalak porrot egin duela onartzea litzateke. Itxura guztien arabera, trantsizioa hasia da. Ukrainako Parlamentuko kideak Moskuk bultzatutako eredua onartzeko prest badaude, kontrola eskuz aldatzen ari delako da. Gerra sinadura batekin itxi liteke eta boligrafoa Errusiaren eskuan da.
https://youtu.be/xOLNIjwguog?
Artem Dmytruk, 1993ko ekainaren 28an Kozyatin jaioa, Ukrainako ekintzaile eta politikaria da. Egun, Ukrainako diputatu popularra da 2019tik. Odesako Unibertsitate Nazionaleko Zuzenbide Akademian graduatu zen, jurisprudentzian espezializatuz. Ondoren, enpresari lanetan aritu zen, Barbell gimnasioaren jabe zela. Hasiera batean, Volodymyr Zelenski Herriaren Morroiak babestutako hautagai independente gisa izan zen aukeratua. Ondoren, Zelenskiren alderdiko kide egin zen. Handik gutxira, Smart Politicsera desertatu zuen 2021ean, eta geroago Ukrainako Errestauraziora 2022an. Urte horretan Errusia Ukrainan sartzea gaitzetsi zuen. 2024ko abuztuan Ukrainatik ihes egin zuen, parlamentuan Moskuko Patriarkatuaren Ukrainako Eliza Ortodoxoa debekatzen zuen lege baten aurka mintzatu zen diputatu bakarra izan eta gutxira, zeinen azpidiakonoa den. Ukrainako gobernuak estradizio eskaera bidali zion Erresuma Batuari (Wikipediatik ateratako informazioa).
joan mari beloki kortexarena
2025-04-10
Iruzkinak
Utzi iruzkina: