ARNALDO OTEGIRI GUTUN IREKIAZ
Hilaren 25ean Joseba Aranburu Garmendiak gutun irekia idatzi zion Arnaldo Otegiri Berria egunkarian, bere “tristura” erakutsiz, EHBilduk Pedro Sánchez Espainiako presidente berriaren inbestidura saioan “debaldeko sostengua” eman ziolako. Gainerako indar politikoek “kontrapartida politiko mamitsuak” lortu zituzten bitartean, Arnaldorenak “nahita, bat ere ez”. Gainera, “alderdi abertzale baten zeregina ez dela Espainia eskuin muturraren mehatxutik salbatzea” erantsi zion. Amaitzeko, “Euskal Herriaren eskubide nazionalak eta sozialak mahaigaineratzeko aukera paregabea galdu dugula” adierazi zuen, “etsigarria” zela esanez.
Hasteko, “abertzale, independentista eta ezkerreko” boto-emaile honi errespeto osoa erakutsi nahi nioke, gainerako sentimenduak bezala tristurarena ere kritikatu ezin delako. Baina bere irizpide politikoen inguruan hitz pare bat esan nahi nioke.
Lehenik, goraipatuko nioke P.Sánchezek zortzi indar politikoren babesa bereganatzeko bere buruari jarri zion erronka. Saiakera horrek, besterik gabe, denon babesa merezi zuela pentsatzen dut. Saria ultraeskuinari Gobernuaren ateak ixtea zen eta hori preziorik ez duen saritzat jotzen dut nik. Halako indar bilketa Europan ezezik mundu osoan egiten zen lehen aldia zela esanen nuke eta trabak jarri baino egokiagoa zela “debaldeko” babesa ematea. Garrantzi politiko izugarria duen lorpentzat jotzen dut eta kalea, epailetza eta komunikabide urdinak nola aztoratu diren ikustea besterik ez dago garaipen horren balio handia neurtzeko. 1936an elkartu ziren berberek, estatuko gorriek eta periferiako abertzaleek alegia, diktadura ondorengo trantsizio bukatugabea behingoz amaitzeko aukera izanen dute orain.
Oraingoz dena lotu gabe dago
Hilabete hauetan izandako negoziazio luzeetan asko hitz egin dute, baina urrats zehatz gutxi eman da. Parlamentuan hizkuntza gutxituak ofizial bihurtzea eta amnistiaren legea aurkeztea dira orain arte emandako bakarrak. Beste guztia airean dago. Hortaz, “kontrapartida mamitsuak atera dizkiotela” esateari askotxo deritzot. P.Sánchez ongi aski daki zorretan dela ezker abertzalearekin, negoziaziorik egin ez badute ere. Inozo batek bakarrik pentsa lezake EHBilduk -beste talde parlamentario guztiek bezalaxe, bestalde- ez diola hurrengo lau urteetan exijentziarik aurkeztuko presidenteari. Bat, eraginkorrena agian, estatu plurinazionalaren eztabaida abian jartzea izanen da, eta Sánchezek dagoeneko bide horretan urratsak emanen dituela ziurtatu du Parlamentuan bertan, mundu guztiaren aurrean.
Bestalde, urtero aurrekontuak adostu behar izaten dira. Eta egitasmo honen inguruan indar politiko guztiak hutsetik abiatuko dira. Lehendik negoziaziotan ibili direnek ere. Eta EHBilduk, aurreko urteetan egin duen bezala, hurrengoetan ere lorpen politak ekarriko ditu Euskal Herrira. Gogoan izan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren legea lantzerakoan, edota pentsio baxuenak igotzerakoan, izan zuen protagonismoa.
Izan al dezakegu konfiantzarik Pedro Sánchez honengan? Ez dut erantzunik. Baina badakit gainerako ateak itxita daudela eta berak eskaintzen digun aukera hau bakarrik dugula jorratzeko moduan. Bestalde, orain arte izan duen jarrera eta eman dituen pausoak tinkoak izan direla esanen nuke. Inbestiduran zortzi indar politikoak erakartzea zerbait handia egiteko asmotan dela erakusten duela iruditzen zait. Denbora irabazten ari dela gero, azken unean, bluff egiteko? Gerta liteke. Baina presidente hau animalia politiko handia da eta oraindik helburu handiagoak lortzeko gogoa duela iruditzen zait. Zeintzuk geroak erakutsiko du.
Oraingoz, aurkari politiko guztiak burutik eginda ikusita, gozatzen ari dela uste dut, udan zerriak lokatzetan bezala. Espainiako presidente batengan konfiantzak izatea euskaldunontzat oso berria da, noski. Baina bere buruari jarri dion erronka erraldoi honetan barregarri bukatzeko gogoz ez dut ikusten gizona. Guretzat helburu garrantzitsua den fundamentuzko estatu plurinazional bat osatzeko bidean aurrerapausoren bat emateko asmotan dela sinets dezagun.
joan mari beloki kortexarena
2023-11-28
Iruzkinak
Utzi iruzkina: