Arabiarrak eta islamiarrak Israelen aurka

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-09-23 02:32

belokijmari@gmail.com 1758587649991

Irailaren 9an Hamasen buruzagitzaren aurka Israelek Dohan burutu zuen atentatu odoltsua salatzeko asmoz, Islamiar Lankidetzarako Erakundea eta Arabiar Liga Dohan bertan bildu ziren. Israelen aurkako elkarlan bateratua erraza ez duten arren, azpimarragarria da aspaldiko urtetan lehen aldiz denak bildu izana. Turkiako TRT plataforma publikoaren irakurketa politikoa ekarri dugu hona.

Israelek Qatarren kontra berriki egin duen erasoa gogor gaitzetsi zuten Islamiar Lankidetzarako Erakundearen (OCI) eta Arabiar Ligaren buruek astelehenean, irailak 15, Dohan egin zuten premiazko goi bileran. Han bildutako 50 estatuburuek Tel Avivek nazioarteko zuzenbidea etengabe urratzen duela eta Ekialde Hurbileko bakea eta segurtasuna mehatxatzen dituela salatu zuten.

Goi-bilerak ohartarazi zuen Israelek estatu arabiar baten edo gehiengo musulmanaren aurkako edozein mehatxu berri eskalada arriskutsutzat hartuko litzatekeela, eta nazioarteko erantzun sendo bat beharko lukeela.

Bileraren ostean emandako adierazpenean, “Qatar anaiaren Estatuarekiko elkartasun osoa” adierazi zuten buruzagiek. Ildo horretan azpimarratu zuten joan den irailaren 9an Dohan hainbat zibil hil zuen erasoa “koldarra eta legez kanpokoa” izan zela.

Goi-bileraren arabera, erasoa ez da soilik Qatarren aurkakoa izan, “estatu arabiar eta musulman guztien aurkakoa” baizik. Eta Tel Avivi leporatu zion Dohak Gazan su-etena lortzeko negoziazioetan bitartekari gisa izan zuen funtsezko papera ahuldu nahi izatea.

Estatu kideek Qatarren subiranotasunaren eta segurtasunaren aldeko babesa berretsi zuten, aldi berean, Israelek Gazan egindako erasoaldi militarra bertan behera uzteko deia berrituz, eta nazioarteari eskatu zioten Benjamin Netanyahuren Gobernuari leporatu ziezaiotela gerrako krimenen erantzukizuna.

Goi-bileraren azken adierazpenak Israelek palestinar herriaren sarraskiarekin jarraitzea eragozteko neurri legal eta eraginkor guztiak hartzeko eskatu zien Estatuei. Horrek barne hartzen ditu zigorrak ezartzea, armen eta material militarraren transferentzia etetea, eta horien aurkako prozedura judizialak hastea.

Era berean, OCIko herrialdeak bultzatu zituen Israel NBEko kide ote zen aztertzera, Nazio Batuen Gutunaren eta haren ebazpenen etengabeko urraketak aipatuz, bai eta kide izate hori eteteko ahaleginak koordinatzera ere.

Nazioarteko zilegitasunari atxikitzearen garrantzia berretsi zuten buruzagiek, eskualdean bakea eta segurtasuna lortzerik ez dagoela azpimarratuz, Israelek okupatutako Zisjordanian legez kanpoko kokalekuak hedatzen jarraitzen duen bitartean, eta estatu arabiar eta musulmanen irudia islamofobiaren bidez desitxuratzen saiatzen den bitartean.

Horrez gain, Gazan palestinarren aurkako gerra krimenak egitearen erantzuleen aurka Nazioarteko Zigor Auzitegiak (CPI) emandako atxiloketa aginduak betearaztearen alde egiteko deia egin zuen dokumentuak, baita genozidio kasuan Nazioarteko Justizia Auzitegiak (CIJ) Israelen aurka emandako neurriak betetzearen alde ere.

Goi-bilerak pozik hartu zuen New Yorken laster eginen den Bi Estaturen Konponbiderako Konferentzia, eta Jerusalem Ekialdea okupatuta duen Estatu palestinar baten aitortza zabalagorako pausutzat jo zuen.

Gainera, Qatarreko buruzagiak goraipatu dituzte, Israelen erasoaren aurrean erakutsi duten "jarrera zuhur eta arduratsuagatik".

Tamim bin Hamad Al-Thani Qatarreko emirrak argi eta garbi hitz egin zuen: Israelen “odol egarriari” aurre egiteko “urrats zehatzak” ematea eskatu zuen, erasoa “koldar eta traidoretzat” joz.

Israelek Gazan su-etena adosteko elkarrizketak eten nahi izan zituela esan zuen, Hamas erresistentzia talde palestinarraren negoziatzaileei eraso egin zielako. Tel Aviven benetako ametsa Israelen eraginpean dagoen mundu arabiarra dela adierazi zuen. Horrez gain, Netanyahuren Gobernuarentzat bahituak askatzea lehentasuna ez dela agerian uzten duela esan zuen. “Negoziatzen ari den alderdia hiltzeko arduraz eta sistematikoki lan egiten duenak negoziazioak sabotatu nahi ditu. Haientzat, elkarrizketa ofentsibaren parte bat baino ez da”, adierazi zuen.

Bere aldetik, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak esan zuen gehiengo musulmana duten herrialdeek Israelen anbizio espantsionistak zapuzteko bitartekoak eta gaitasuna badituztela, eta herrialdea ekonomikoki inguratu behar dela azpimarratu zuen. Israelen aurkako zigorrak areagotzeko ahalegin diplomatikoak areagotu behar direla adierazi zuen, “kaosetik eta odoletik elikatzen” den bere “pentsamolde terroristari” aurre egiten ari baitzaio.

Jordaniako Abdala II.a erregeak ideia horren berri eman zuen eta eskualdearen erantzun “argi, erabakigarri eta disuasiozkoa eskatu zuen, Israelen mehatxuak ez baitu mugarik ezagutzen”.

Bestalde, Abdel al Sisi buruzagi egiptoarrak ohartarazi zuen Israelen ekintzek arriskuan jartzen dituztela indarrean dauden bake akordioak, “eta akordio berrien edozein ikuspegi oztopatzen dutela”. Gainera, honakoa iragarri zuen: “Ondorioak negargarriak izango dira: eskualdea gatazka girora itzuliko da. Prezio hau denok ordainduko dugu, salbuespenik gabe”.

Beste nazio batzuek ere arazoaren jatorria gogorarazi zuten. “Israelen kanpaina genozidak Gaza hondakin eta hondakin bihurtu du. Munduak beti eramanen ditu sarraski amaigabe honen orbainak, gizateriaren ezpata berean grabatuak”, esan zuen Pakistango lehen ministro Shehbaz Sharifek.

Bestalde, Indonesiako Kanpo Harremanetarako ministro Sugionok adierazi zuen palestinarren auzia “ez dela Palestinarena bakarrik, gure nazioen biziraupenari ere eragiten baitio”. “Ez dugu ahaztu behar Israelek Palestina legez kanpo okupatu izanaren arrazoia”, azpimarratu zuen.

https://www.trtespanol.com/article/419ddce5732b

joan mari beloki kortexarena

2025-09-23


Utzi iruzkina: