Ansar Allah eta Yemengo iraultza

Ansar Allah eta Yemengo iraultza EUSKAL HERRITIK | 2026-09-19 23:15

Ansar Allah eta Yemengo iraultza

Alastair Crooke, Britainia Handiko diplomatiko ohia, egoitza Beiruten duen Gatazka Foroaren sortzaile eta zuzendaria da. Erakunde honek islam politikoaren eta Mendebaldearen arteko elkarrizketaren alde egiten du lan. Britainiar honek Mendebaldeko Asia ongi ezagutzen du, eta Yemenen eta eskualdean iraultza nola garatzen ari den azaldu digu gaurkoan.

Yemenen gertatzen ari dena iraultza bat da, Ansar Allah-k gutxienez zazpi urtez planifikatutakoa. Mendebaldean gutxietsi egiten dituzte oinutsik dabilen jendea delako, baina Saudi Arabiak Ansar Allah-ren aurrean atzera egiteko bidea hartzen badu, yemendarrei 1934an lapurtutako hiru probintziak itzuli beharko dizkie.

Huthiek lotura sendoak dituzte orain Saudi Arabiaren parte diren probintzia horietako tribuekin, baina berreskuratu egin nahiko dituzte. Era berean, Arabiar Emirerri Batuetako eta Saudi Arabiako indarrak Hegoaldetik erretiratzeko eskatuko dute. Izan ere, indar horiek menderatuak izaten ari dira eta literalki suntsituak. Indar horiek ihesi joan dira huthiek haien aurka misil balistikoak erabili dituztelarik eta dagoeneko eremua utzi dute.

Saudi Arabia sortu zenetik (1932), saudiak euren islam forma ezartzen joan dira Yemenen urte hauetan guztietan. Yemendarrena islam esoterikoagoa da, barne-bizitzara askoz bideratuagoa. Oso desberdina wahabismotik.  Abdulaziz Ibn Saud-ek wahabismoa arma bihurtu zuen 1930eko hamarkadan eta Ekialde Hurbil osoan zehar jardun zuen. Meka eta Kerbala erasotu zituzten, eta bertan hamarka mila pertsona hil zuten. Azkenean, Abdulaziz hura gelditzera behartuta egon zen, petrolioaren loraldia hasita zegoelako eta britainiarrei nahiz estatubatuarrei inguru hura estatu bihur zitekeela sinestarazi nahi zielako.

Wahabismoa basamortuko islamaren zutabe oso bortitz eta puritanoan oinarritzen da; edozein aldaketa beren tradizioarekiko heresiatzat hartzen du eta islamaren beren ikuspegia partekatzen ez duen edonork heriotza merezi duela uste du. Zer desberdintasun dago basamortuko wahabismo honen eta Daesh-en artean? Batere ez. Daesh haien beste bertsio bat baino ez zen. Azkenean, Abdulaziz-ek jende honi aurre egin behar izan zion, Britainia Handiarentzat eta AEBentzat onargarria zen botere saudia eraikitzeko proiektua mehatxatzen zutelako. Britainiarrek gehienak hil zituzten. Kontua da agintaritza saudiak inoiz ez zituela Saudi Arabiako tribu nagusiak ordezkatu, haiek ere suntsituak izan baitziren. Abdulaziz menderatutako tribu bakoitzeko emakume batekin ezkondu zen eta azkenean 22 emazte izan zituen, berriro erasotzea ekiditeko modua zela uste zuelako.

Baina tribuek Saudi Arabia gobernatzen duen familiarekiko erresumina izaten jarraitzen dute. Antzinako tradizioen arabera, aberastasuna modu bidezkoan banatu behar zen tribuen artean, eta beren lurraldeak nahiz eskumenak errespetatu egin behar izaten ziren. Shamar bezalako tribu batzuek milioi bat kide baino gehiago dute. Tribu handiak dira eta Saudi Arabiaren mugaz harago hedatzen dira.

Iraultza beste eremutara zabaltzeko arriskua

Saudi Arabia estatu politiko sendo eta modernoa dela mitoa da. Dirua izan zuen, baina gaur egun dagoeneko ez du. Gainera, huthiei kontzesioak egiten badizkie, iraultzak indar handiagoa hartzeko, hazteko eta Irakera nahiz beste eremu batzuetara hedatzeko arriskua du. Hori dagoeneko gertatzen ari da. Iraultza haizea sumatzen da Ekialde Hurbilean, pertsona talde txiki batek kontrola hartu berri duelako eta indar saudia zein hutsala den erakutsi duelako. Iranek AEBen papera eskualdean zein hutsala den erakutsi duen modu berean. Eta ez dezagun Irak ahaztu, non milioika pertsona joan ziren Israelek eraildako lider gorena zen Ali Jamenei aiatolari egindako hileta-omenaldira.

Sute iraultzaile moduko batekin jolasten ari gara. Mendebaldean, egoera Mendebaldearen ikuspegitik aztertu ohi da, den-dena Saudi Arabiak eta Golkoko herrialdeek AEBekin petrolioaren inguruan duten harremanetara mugatuko balitz bezala. Baina gertatzen ari dena lehengora itzultze prozesua da. Eskualde osoa xah erori arte zegoen botere-paradigma zaharrera itzultzeko puntuan dago; paradigma horretan, historikoki botere zibilizatzaile handiak Mesopotamia, Persia edo Iran izan dira beti, biztanleria eta aberastasun handiarekin funtzionatzen zuten potentziak.

Harik eta, 1996an, Richard Perlek eta beste batzuek Clean Break dokumentua idatzi zuten arte, botere-egitura osoa aldatzea gomendatzen zuena. Modu horretan, AEBetako botere ekonomiko eta energetikoaren zutabe berriak Saudi Arabia eta Golkoko estatuak izanen ziren eta Iranen aliatu guztiak ezabatuak izanen ziren. Botere-egitura berri honek, gainera, Israelekiko normalizaziorako oinarri gisa balio beharko luke.

2006tik aurrera, Dick Cheney AEBetako presidenteordeak muturreko islamismoa erabili zuen Irani aurre egiteko. Cheney-k wahabismoaren erabilera tresna sektario gisa legitimatu zuen —ondoren ISIS, Al-Nusra eta gainerako guztien osagai desberdinetan eraldatuko zena—, Iran ahultzeko eta botere-aldaketa osatzeko. Golkoko estatuak boterearen eta eskualdean Israelen presentziaren zutabe izatera igaro ziren. Iran kanpoan geratu zen. Iranekin eta huthiekin ikusten ari garena sistema zaharrera itzultzea da.

Said Hassan Nasrallah-k, orduan Hezbolako idazkari nagusia zenak, Hezbolako goi-kargu bat izendatu zuen huthiekin bizitzera joan zedin eta beren eraldaketan lagun ziezaien. Ibilbidea ongi planifikatuta eta Iranekin koordinatuta zegoen. Khamenei Imamak lehendik iragarria du Irango iraultza ez dela eskualdeko iraultzen amaiera. "Beste batzuek jarraituko dute", ziurtatu zuen. Eta Seyed Mojtava Khameneik aditzera eman zuen Yemenen ikusten ari garena bertan garatzen ari den beste iraultza garrantzitsu bat gehiago dela.

Nazio askapena helburu

Golkoko kanpo-ministroen eta Saudi Arabiako tribu-buru batzuen artean elkarrizketak izaten ari direla uste dut. Hizketen ardatza eremu osorako familia bakarraren egungo egitura atzean utzi eta egitura federatu baterantz joatea izanen litzateke. Tribu hauetako askok urteak daramatzate huthiekin gai honi buruz hitz egiten. Mendebaldeak kontu hau guztia krisi energetikoaren arabera aztertzen du. Baina horrela ikusteak ezkutatu egiten du Saudi Arabia puritano gisa jarduten zuten basamortuko tribu bortitz batzuek eraiki zutela. Fanatikoak ziren eta beren erlijio-ideiarekin bat ez zetorren guztia suntsitzen zuten. Harrezkero, familia-enpresa modukoa izan da, non gainerako guztiek mahaitik apur gutxi batzuk besterik ez duten jaso.

Zein da Ansar Allah-ren iraultzaren helburua? Garbi dago, kolonialismo saudiarekin amaitzea eta nazio-askapena direla helburuak. Beren burujabetza berreskuratzea da kontua, gaur egun lurralde saudi diren eta bertako biztanleak Yemengo tribu etnikoetatik datozen hiru probintzia horiek berreskuratzea barne. Huthiak hauekin harremanak lantzen joan dira eta tribu mailan oso lotuta daude. Nazio askapenerako eta independentziarako mugimendua da eta horrek jendea ilusionatu egiten du. Zerbait mugitzen ari da eskualdean eta huthiek metxa piztu dute. Baina oraindik ustekabe gehiago izanen dugu.

Sandaliak jantzita dabiltzan tributzat hartzen jarraitzen dugu, baina sofistikatuak dira eta borrokalariak. Dagoeneko Ekialde Hurbilean leherketa baten ertzean egon gaitezke. Eskualdean euforia handia dago huthiek egin dutenagatik, askatzeko mobilizazio gisa ikusten dutelako eta horrek gauzak asko aldatzen dituelako. Eskualdean abian den nazio askapenerako saiakera gisa ikusten da.

https://www.youtube.com/watch?v=2gXnABV9cVg

joan mari beloki kortexarena

2026-09-20


Utzi iruzkina: