Amiltzera doan hegazkina (I)
Gaurkoan Karen Kwiatkowski gonbidatu dugu geure forora. 65 urteko emakume estatubatuar hau teniente koronela izan zen AEBetako Aire Indarrean. Analista gisa jardun zuen Pentagonoan, ardura ezberdinak izan zituen Segurtasun Nazionaleko Agentzian eta inteligentzia militarraren inguruko idazlan espezializatuen egilea ere bada.
Iraken inbasioa gezurretan oinarritutako inbasioa izan zen. Eta zabaldu ziren gezurrek inteligentzia-lana erabili zuten, baina ez zuten informazio guztia erabili. Menu bat balitz bezala hautatzen zuten, eta gauza jakin batzuk aukeratzen zituzten. Izan ere, 2002an eta 2003an bagenekien egiazkoak ez ziren gauzak hartu genituen, lehendik baztertuta zeuden gauzak. Baina sekretu goreneko inteligentzia-informazio gisa aurkezten zirenez, Pentagonoaren barruan lanean ari ziren arduradun politikoek kontakizun berri bat sortzen zuten eta filtrazioen bidez hedabide handiei saltzen zieten, hala nola Axios, Wall Street Journal, The Washington Post eta The New York Times-i. Inteligentzia hor dago arduradun politikoek nahiz erabaki militarrak hartzen dituztenek erabil dezaten, baina nabarmentzekoa da zigilu moduko bat bezala erabiltzen dutela, dagoeneko egitea erabakita dutenari zilegitasuna emateko.
Gerrak dirua ematen du, eta zure emaileei mesedeak itzultzeko modu bat da. Bereziki, Israelen aldeko gerrak. Gobernua ez da mesedeak egiteko makina erraldoi bat baino. Baliabide publikoak berriz esleitzeko existitzen dira. Etxebizitzak eraiki nahi baditut, nire kanpainari dirua eman dion higiezinen sektoreko norbait aurkitzen dut, eta hark nahi duena lortzen duela ziurtatuko dut. Horixe da jokoa, eta gerrak baliabide eta aukera ugari eskaintzen ditu mesedeak itzultzeko.
Herrialdeetan sartzen gara presio ekonomiko edo politikoaren bidez, hauteskundeak manipulatzen ditugu, koloretako iraultzak egiten ditugu… CIAk gure dirua hartzen du, eta gero atzerriko herrialdeetan operazioak egiten ditu haien gobernuak aldatzeko, gure borondatea beteko dutela bermatzeko edo, Ekialde Hurbilean, Israelen borondatea beteko dutela ziurtatzeko.
Gerra honek agerian utzi du gure armadak bere estrategietan dituen ahultasunen multzo zabala. Horrek beldurra ematen dit estatubatuar gisa, beste herrialde guztiek gure botere militar handia errespetatuko zutela sinetsi baitugu. Eta orain ikusten ari gara ez dela hain handia, eta ez dugula ideiarik ere botere hori modu eraginkorrean erabiltzen. Iranen, helburu berberak bi edo hiru aldiz erasotzen ari gara. Helburu horietako batzuk ez dira militarrak. Inoiz ez dira izan. Nesken eskola erasotu genuenean, gerra psikologikoaren parte zela jotzen zen. Irandarrei bihotza hautsi zien, baina ez borondatea. Ez dakigu daukagunarekin borrokatzen. Ez dugu praktikatu erasoari erantzuteko gai den norbaiten aurka nola borrokatu.
Botere handia genuela eta Ameriketako inperio hori benetan sendoa zela uste zen. Baina 40 bilioi dolarreko zorra dugu, eta urtean 2 bilioi dolarreko erritmoan hazten ari da. Eta ezin dugu ordaindu. Mundu osoan gero eta errezelo handiagoa dago hain zorpetuta dagoen herrialdean inbertitzeko.
AEBen sistema osoa hautsita
Gure sistema militarra irabaziak eta politikarien gaineko kontrola bilatuz bultzatzen da. Ez da ekipamendu merkeak, fidagarriak, hilgarriak, eremuan iraunkorrak eta mantentzeko errazak ekoiztera bideratzen. Horrek guztiak ez die diru askorik ematen gure korporazio handiei. Eta hamarkadak dira gure aurrekontu militarrak ez dituela Kongresuak ezta Gobernuak ere idazten. Dirua jasoko duten kontratista berberek idazten dituzte. Horrek kontratu erraldoiak lortzeko baino ez du balio, xahutze handia egon dadin. Pentagonoak berak milaka eta milaka milioi dolar ditu, eta inork ezin ditu horien arrastoak jarraitu. Ez lukete kontu-ikuskapenik gaindituko. Enpresa horiek modu parasitarioan fusionatuta daude Pentagonoarekin, industria-konplexu militarraren parte gisa. Enpresa oso puztuak dira, eta eraginkortasunik ezak garatu dituzte irabaziak lortzeko. Beraz, sistema osoa hautsita dago. Boterearen, hazkundearen, erantzukizunik ezaren eta ikusgarritasunik ezaren izaerak eraman gaitu horretara.
Estatubatuar gehienentzat ez dago gerrarik. Estatubatuarrek ez dakite zer gertatzen ari den. Batez besteko estatubatuarrak ezin du ezer egiaztatu. Gertatzen ari dena arretaz aztertzen ari direnek baino ez dute AEBentzat hondamendi honek duen tamainaren inguruko ideiarik. Gure herrialdean ez da antzematen.
Trumpen jarrera aldaketak merkatuaren arabera kalkulatzen dira, baita haren inbertsioen eta haren lagunen inbertsioen arabera ere. Oso agerikoa da honetan guztian ez dagoela inolako moralitaterik. Israelen izenean Iran erasotzea legez kanpoko gerra da. Inori ez zaio benetan axola, baina irandarrak justiziaren aldean daude.
Politikari bat dugu, guk hautatutako tipo bat, atzerrian gerrarik ez egiteko, tropak etxera ekartzeko eta AEB lehenesteko promesarekin kanpaina egin zuena. Hautatua izan zen eta hori guztia baztertu egin zuen. Ez dugu inolako kontrolik. Hautesleok, haren alde egin genuenok, ez dugu inolako kontrolik hark egiten duenaren gainean. Gerra hau ez da gure gerra.
Beste arriskua dena erortzen denean sortzen da. Gure finantzak erortzen ari dira, gure indar armatuen bizkarrezurra erortzen ari den aldi berean. Eta gure sistema disfuntzionala dela erakusten ari da. Beraz, aldatu egin behar da. Gure herrialdean ahotsak bilatzen ari naiz, batez ere gure gobernuan, eta, egia esan, ez dut aurkitu orain dela garaia esaten duen inor.
Kongresuak hutsuneei heltzeko uko egiten badio eta, besterik gabe, Pentagonoari bilioi gehiago ematen jarraitzen badu betiko gauza bera egiteko, horrek gure herrialdea suntsituko du. Uste dut azkenean suntsituta amaituko dugula. Gure zorra galtze hutsagatik ere suntsituta amaitu genezake. Zorpetuz gastatu ezin badugu, inork ez badu gure Altxorraren bonuak erosi nahi eta diru gehiago inprimatzeko gaitasunik ez badugu, makina hori gelditzen bada, gure herrialdea erori eginen da.
Lidergoan, pentsamenduan, estrategian, gaitasun militarrean eta finantzetan ditugun ahuleziak agerian utzi ditugu. Dena aldi berean. Hori krisia da. Eta nor ari da gure gobernuan horri krisi bati dagokion moduan heltzen? Inor ez.
NATO, AEBen kanpo-politikaren apendizea
Europan egon nintzenean, NATOko jendearekin lan egin nuen. Duela 25 urte baino gehiago izan zen, eta AEBen kanpo-politikaren apendizea bezala ikusten zen. Gure arma-sistemetarako merkatu gisa erabili genuen, eta hala jarraitu dugu. Orain, Europak hankan tiro egin dio bere buruari energiarekin, eta desindustrializatu egin da suspertzea benetan zaila den mailaraino.
Europan handi eta indartsu izan nahi dute. Beren beldur izatea nahi dute, espantsionistak izan nahi dute eta inperio bat izan nahi dute. Armak lortzeko asmo argia dago, erabili ahal izateko; NATO zabaltzeko, baliabide gehiago izateko; arma-sistema handiagoak, armada handiagoa eta tropa gehiago hedatzeko. Horretarako, Ukraina ezin tresna hobea zen. Ziur nago pentsatu zutela: «Sar dezagun Ukraina eta izan dezagun milioi bat gizonez osatutako armada, guztiak ukrainarrak, eta esan diezaiegun egiten dugun guztia eginen dutela. Primerakoa izanen da». Baina beren propaganda sinetsita, ahaztu egin zuten NATO gainerakoek ere diharduten munduan existitzen dela.
https://www.youtube.com/watch?v=Td2YI3KWLFQ
joan mari beloki kortexarena
2026-08-12

Iruzkinak
Utzi iruzkina: