Amiltzera doan hegazkina (eta II)
Errusiako Federazioa zutik jarri zen. 20-30 urte eman dituzte beren ekonomia eta teknologia garatzen, eta hori egiten zuten bitartean gero eta gehiago aurkeztu genituen etsai inperialista gisa. Eta Errusia Iran tratatzen dugun bezala tratatu dugu. Agian hortik badago zerbait ikasteko. Alegia, herrialdeei presioa egin behar badiezu, ikatzari presioa egiten badiozu, baliteke azkenean diamantea lortzea. Eta hori ez zen zure asmoa. Eta orain kontrolatu ezin duzun zerbait duzu. Horixe eragin dugula uste dut.
Ulertzen dut Europak zergatik nahi duen Ukraina. Oso modu kolonialean nahi dute, baliabideengatik, jendearengatik, eskulan merkeagatik, maniobrak egiteko lurra edukitzeagatik, ariketa militar masiboak egiteko... Beraz, non eginen ditugu gure operazio guztiak? Non jarriko ditugu gure laborategi biologiko guztiak? Non eginen ditugu Washingtongo megalomanoek eta defentsarako manufaktura-industrialaren sektoreak hazten jarraitzeko eskatzen dituzten gauzak? Non eginen dugu hori guztia? Ba, Ukraina bezalako leku bat behar dugu.
Estatua eskala handiko lapurrez osatutako banda bat baino ez da. Ez dago gidatuko duen inolako moralitaterik. Hau boterea da, irabazia. Kontua da noraino egin dezakegun nahi duguna zigorrik gabe. Eta gure etsaiei leporatzen diegu hori. Errusiari leporatzen diogu, garai batean Sobiet Batasunari leporatzen genion bezala.
AEB erortzen direnean, guztion arazoa izanen da. Baina non dago hori aitortzen duen boterean dagoen jendea? Hegazkina erortzen ari da, hau jasanezina da, denek ikus dezakete. Beste kontu bat izanen litzateke munduak hori ikusi ez eta aldaketa batzuk egin eta egokitu ahal izateko modua bagenu. Baina denak ikusten ari dira; beraz, denbora agortzen ari zaigu. Egia esan, hori gertatzen denean estatubatuarrak harrituta geratuko dira. Ez dut uste gehienek arazoaren tamainaren ideiarik badutenik. Inork ez du ulertzen 40 bilioi dolarreko zorra zer den. Inork ez du ulertzen. Aurten gure zorraren interesek Pentagonoaren aurrekontua gainditu dute. Eta Pentagonoaren aurrekontua Kongresuaren aurrekontuaren zatirik handiena da. Beraz, hau hondoratzen ari da, eta ez dakit nola azaldu.
AEBetan dagoeneko ez ditugu ikusten Ukrainako banderak jendearen Facebookeko profil-argazki txikietan. Dagoeneko ez dira Ukrainarekin identifikatzen. Ukrainak ospea galdu du. Guk geuk ere ez genioke zuzenean aurre eginen Errusiako armadari. Zergatik pentsatu Ukrainak hori egin zezakeela?
Oso adierazgarria izan zen auzi hau diruari eta armei lotua azaltzea, gerraren hasieran, AEBek eta Boris Johnsonek Istanbulgo bake-akordio posiblea zapuztu ondoren, guk, Europak eta AEBek, gauza zahar guztiak atera genituelako. Armairuak hustu izan bagenitu bezala izan zen. “Bota iezaiezue ukrainarrei erabiltzen ez dugun guztia”. Gauza zahar guztiak kendu genituen. Orain dena berria erosteko garaia da. Dirua irabazteko maniobra bat izan zen, apustu handi bat, baina estatubatuarrak orain konturatzen ari dira ez doala ongi. Ez dut ulertzen nola konbentzitu ahal izan zituzten Zelenski eta militarrak gure armak jaso, Errusiaren aurka borrokatu eta irabazi eginen zutela. Nola saldu diezaiokezu inori horrelako zerbait?
Gerra bat eginen dugu, zuen lurraldean izanen da. Funtsean, armada nahiko serio baten aurka borrokatuko duzue, Errusiako armadaren aurka. Haiek jende gehiago errekruta dezakete, beren ekonomia osoa armagintza ekoizpenera bideratu dezakete... Zergatik pentsatuko zenuke Errusiaren aurkako gerra ideia bikaina dela? Uste dut norbaitek erantzukizunak hartu beharko dituela gerra hau amaitzen denean eta han gertatu dena eta kontatu diren gezur guztiak zabaltzen direnean.
Jendea konturatzen ari da gobernuko agenteak kalean pertsonak harrapatu eta frontera bidaltzen ari direla. Irudi horiek eragina izaten ari dira. Jende askok hori ikusten du eta esaten du: «Hemen zerbait ez doa ongi, pertsona horiek ez dutelako borrokatu nahi». Zergatik ez dute borrokatu nahi? Borroka ez delako bidezkoa. Hiltzera bidaltzen ari gara, Errusia kolpatzen jarraitu ahal izateko. Irango eta Ukrainako gerrek AEBen eta haren aliatuen ahultasun moral izugarria ari dira uzten agerian. Gaza ere sar dezakezu, baita Israelen ahultasun morala ere. Ez dago moralik. Herritarrek, gobernuak berak zalantzan jartzen hasten direnean, haietan konfiantza izateari uzten diote.
Horrelaxe erori zen Sobiet Batasuna. Haien diruak ez zuen ezertarako balio, errubloa txantxa bat zen. Ba, egun dolarra ere bai. Sobiet Batasuna erori aurreko 1970eko hamarkadan Errusian zegoen zinismo-maila izugarria zen. Ba, uste dut orain AEBetan zinismo-maila bera ikusten ari garela. Gobernuarekiko eta estatuarekiko zinismo iraunkor moduko bat da. Zerbait esaten diguten bakoitzean, automatikoki gezurretan ari direla pentsatuko bagenu bezala. Horrek gobernuak amaitzen ditu eta inperioak eraisten.
Zure gobernuaren diruarekiko, boterearekiko eta ontasun moralarekiko fede-galera horrek suntsitu egiten ditu. Eta orduan ikusten duzu hegazkina hegaldi-planetik atera dela eta aire-kontrolatzaileek esaten diotela: «Aizu, itzul zaitezte zuen hegaldi-planera». Eta inork ez die kasurik egiten, beraz, talka gerturatzen ari da. Ez da polita izanen. Sobietarrek hori sufritu zutenean bazekiten sufrimenduak eta gabeziak nolakoak ziren, eta gogorrak eta erresistenteak bihurtu ziren. Irandarrak independente bihurtu zituzten zigor horiek guztiak bezala. Estatubatuarrei ez zaie antzeko ezer gertatu, eta, beraz, ez gaude kolapso horretarako prestatuta.
Hegazkin hori erortzen denean, ikusiko duzue zer gertatzen den. Lehen ere ikusi dugu, Afrikako zenbait herrialdetan iraultzak daude, gerra zibilak, era guztietako gauzak gertatzen dira, gatazka dago, arriskua dago, eta estatubatuarrak ez daude horretara ohituta. Uste dut puntu batera iritsi garela, non ez dugun uste gobernuak erantzunik emanen digunik. Gobernua ez dela erantzuna ikasten ari gara. Uste dut ona dela ulertzea gure gobernuak bere burua bakarrik zaintzen duela, bere burua eta bere lagunak besterik ez. Eta lagun horietako bat ez bazara, gehienok ez garen bezala, bost axola zaio. Hori ulertzen hasiak gara, baina ez gaude porrot ekonomiko baterako prestatuta.
Gure herrialdean gauza txarrak gertatzetik oso gertu gaude, bai ekonomikoki eta bai politikoki, eta ez dugu horri aurre egiteko planik. Kolpea handia izanen da, badirudielako AEB beti arrakastaz arrakasta joan direla, ekialdeko kostaldeko lehen kolonietatik mendebalderantz hedatu zirenean bezala. Gero, bi superpotentzia handietako bat bihurtu zen, eta, ondoren, munduko hegemonia global bakarra, historian lehen aldiz. Eta badago ideia bat dioena egun onenak beti etortzeko daudela… eta, bat-batean, kolapsoa. Sekulako kolpea izanen da eta, bai, horretaz kezkatu egin beharko genuke.
https://www.youtube.com/watch?v=Td2YI3KWLFQ
joan mari beloki kortexarena
2026-08-13

Iruzkinak
Utzi iruzkina: