Alemania militarizatzen

Alemania militarizatzen EUSKAL HERRITIK | 2026-10-12 19:06

Alemania militarizatzen

Alemanian gazteria mobilizatzen ari da, eskolatakoa bereziki. Unibertsitateko ikasleek bat egin dute haiekin eta orain langileekin egin nahi dute bat, greba zabala eragiteko asmoz. Red Internacional eta La Izquierda Diario-ko lana duzue hau.

Alemanian eskualde-hauteskundeak izan dira, eta hedabide guztietan agertzen den albiste nagusia AfDren eta Die Linke-ren («Ezkerra») garaipenak dira. Saxonia-Anhalten, AfDk botoen ia % 44 lortu du, eta Mecklenburg-Aurrepomeranian, ia % 38. AfDk eskuinetik bereganatu du Friedrich Merz kantzilerraren murrizketa-politiken eta armagintzaren aldeko politiken aurkako atsekabea, eta horri esker iritsi da egoera horretara. Merz eta haren alderdia, CDU, izan dira hauteskundeetako galtzaile nagusiak. Mecklenburg-Aurrepomeranian botoen % 5 baino gutxiago lortu dute, eta parlamentuan ordezkaritzarik gabe geratu dira. Merzen gobernua oso ahulduta geratu da, eta dagoeneko hauteskunde aurreratuen inguruko espekulazioak hasi dira.

Berlin hiriburuan, Die Linke-k irabazi ditu hauteskundeak, botoen % 25 inguru lortuta, eta dagoeneko negoziazioetan ari da Alderdi Sozialdemokratarekin eta Berdeekin gobernua osatzeko. Bi alderdi horiek ez dute inolako arazorik izan murrizketa-politikak eta berrarmatze inperialistaren eta herrialdearen militarizazioaren aldeko neurriak aplikatzeko. Hala ere, Die Linke-ren barruan badira koalizio horren aurka dauden sektoreak, bereziki gazteen artean, eta koalizio horri aurre egiteko deia egiten ari dira.

Hauteskunde-emaitza horiek eskuin muturraren gorakada islatzen dute, baina baita gizartearen sektore garrantzitsu batek haren politika arrazista eta atzerakoien aurka egiten duela ere. AfD alderdi xenofobo eta arrazista da, baina badu sektore pragmatikoago eta kontserbadoreago bat ere, Giorgia Meloniren ildokoagoa.

Garrantzitsua da azpimarratzea zentro politikoaren krisia, hau da, Merz-en CDUrena eta sozialdemokraziarena (SPD), Alemaniako erregimen inperialistaren bi zutabe nagusiena, alegia. Esan daiteke Alemaniako proiektu inperialista krisian dagoela. Alemania Europako Batasunaren bihotza bihurtu zen hiru oinarri nagusiren gainean: industria-esportazioak, Errusiako energia merkea eta NATOren esku utzitako defentsa militarra. Hori guztia krisian dago oraintxe.

Mecklenburg-Aurrepomeranian eskuin muturrak botoen % 38 lortu duen tokian, zigor-botoa Die Linke-ren aurkakoa izan da. Berlinen, ordea, alderdi horrek gazteen eta langileen sektoreen atsekabea bildu du.

Alemaniako enpresaburuen elkarteek Merz-i bere burua sakrifikatzeko eskatzen dioten planak hiru ardatz nagusi ditu:

1. Langile-klasearen konkistak erasotzea. Erretiro-adina igotzea, eguneroko zortzi orduko lanaldiaren legezko muga kentzea... Hau da, gehiago lan egin behar izatea eta sindikatuak tartean ez sartzea.

2. Gastu militarra % 33 igotzea, ia 110.000 milioi euroraino, eta horri Indar Armatuentzako funts berezirako beste 30.000 milioi euro gehitzea. Alegia, armetarako dirua badago; gainerako guztiarentzat, murrizketak. Osasun Ministerioak aurrekontuan zuen diru-partidaren % 30 galduko du. Etxebizitzarako diru laguntzak, seme-alabengatiko laguntzak eta abar murriztu eginen dira.

3. Kanoi-bazka behar dute; horretarako, derrigorrezko soldaduska berrezarriko dute.

Azken urte honetan, gazteak mobilizatu egin dira soldaduskaren aurka, eta langile-klasearekiko batasunaren beharra planteatzen ari dira. Batez ere, gobernua erretiro-adina igotzen saiatzen ari delako eta enpresaburuak hainbat lantegi ixten saiatzen ari direlako.

Unibertsitatetik, unibertsitateko ikasle-mugimendua ikastetxeetako gazteekin batera garatzeko beharra planteatzen ari dira. Gazteak langileekin bat egitera deitzen ari dira, borrokak dimentsio handiagoa har dezan eta gobernuaren aurkako greba indartsu bat antolatzeko. Era berean, mobilizatzen ari gara, militarizazioaren aurkako Europako gazte-greba bat prestatzen.

Alemania bateratu zenetik aurrera, finantza-kapitalak kostu oso txikian erosi zituen ondasun publikoak eta pribatuak, helburu espekulatibo hutsarekin, eta alokairuen prezioak izugarri igo zituen. Enpresa horietako batzuek 130.000 etxebizitza baino gehiago dituzte jabetzan. Egoera horren aurrean, 2021ean erreferendum bat egin zen, eta Berlingo biztanleen ia % 60k etxebizitza horiek desjabetzearen alde bozkatu zuen. 2021ean Die Linke SPDrekin koalizioan Berlingo gobernuan egon zenean, ordea, ez zen desjabetzerik egin, eta ez zen etxebizitza-krisia konpondu. Orain, Merz-ek desjabetzeak eragozteko lege orokor bat sustatuko duela iragarri du. Horrek erakusten du arazoa ezin dela konpondu kudeaketa kapitalistaren bidetik, ezta erregimeneko alderdiekin aliantzak eginez ere; izan ere, alderdi horiek eragotzi eginen baitute banku eta enpresa handien jabetza zalantzan jartzen duen edozein neurri.

Loren Balhorn kazetariak Berlin Berdeen eta sozialdemokraziaren laguntzarekin gobernatzeko ildoa defendatzen du. Ikuspegi horrek hainbat arazo du:

1. Gobernatzeko esparrua oso zaila litzateke. Berlinek dagoeneko 5.000 milioi eurotik gorako egiturazko defizita du, eta unibertsitateetan murrizketak egiten ari dira, eskoletako gizarte-langileen kopurua gutxitzen ari dira, etab. Hori guztia, berrarmatzea finantzatzeko asmoz, murrizketak ezartzen ari diren esparru federal batean. Beraz, berrarmatzea finantzatzeko murrizketak udal-mailan kudeatuko lituzkeen gobernua izanen litzateke.

2. Die Linkek sozialdemokraziarekin batera osatutako gobernuak murrizketa ikaragarriak egin zituen 2000ko hamarkadan. Gainera, 2021eko udal-gobernuan parte hartu zuen, eta gobernu horrek lurperatu egin zuen higiezinen enpresa handien desjabetzearen aldeko erreferenduma. 2025ean, Die Linke-ren ministroek Bremenen eta Mecklenburg-Aurrepomeranian berrarmatzea finantzatzeko zorpetzearen alde bozkatu zuten Bundesraten, Senatu moduko erakunde batean. Azkenean, ez zen gai izan Alemaniako enpresaburuen politikari aurre egiteko.

3. Ezin dituzu soldaduskaren aurkako eskola-grebak babestu eta, aldi berean, berrarmatzeak dakartzan ondorioak kudeatu. Horregatik hondoratu zen Die Linke. Jendeak sistema politikora egokitutako indartzat ikusten du. Eta horrek ondorioak ditu: aldi berean, AfDko faxistak 2021eko % 17tik egungo % 38ra igo dira.

Stefan Schneider: «Burgesia handiak eta hedabide nagusiek beldur handia diote Die Linke-ren fenomenoari, ez Die Linke alderdiari berari, baizik eta bere garaipenak adierazten duenari: jende asko egoeraz nazkatuta dagoela eta aurrera egin nahi duela. Esaterako, higiezinen enpresa handiak desjabetuz. Bada sektore bat eskola-grebekin lotura estuagoa duena —soldaduskaren aurkako grebekin, alegia— eta alternatiba bat proposatzen ari dena. Esaten ari dira eskaera horiek lortzeko ez dela gobernuan sartu behar, langileen oposizioa eraiki behar dela baizik. Azken eskola-grebako leloa ez zen soldaduskaren aurkakoa bakarrik; gobernuaren politika osoaren aurkakoa baizik. Ostiral honetan, bigarren hezkuntzako 500.000 ikasle inguruk greba egin zuten, 100 hiri baino gehiagotan. Fenomeno zabala eta sendoa da».

Astelehenean, mobilizazio sindikal handia egin zen metalgintzaren sektorean. Enpresaburuak kaleratzeak, lantegi-itxierak eta lan-astea luzatzea ezartzen saiatzen ari dira. Astelehenean, metalgintzako 175.000 langilek greba egin zuten eta mobilizatu egin ziren, automobilgintzako lantegi batzuk arma-fabrika bihurtzeko planen aurka. Gainera, sindikatuetako zuzendaritzen planen aurka agertu zen langileen oinarriaren sektore borrokalariago bat ere; izan ere, zuzendaritza horiek ere berrarmatzea babesten baitute. Langileen sektore hori gazteek soldaduskaren aurka egiten ari diren eskola-grebarekin bat egiten saiatzen ari da.

https://www.youtube.com/watch?v=xMm-_9f9lAw 

 

joan mari beloki kortexarena

2026-10-12


Utzi iruzkina: