Aldaketal datoz Europara (eta II)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-11-08 19:13

belokijmari@gmail.com 1762626210729

Lehen atalean Michael von der Schulenburg europarlamentariaren eta Jeffrey Sachsen hitzak jaso genituen. Bigarren honetan europarlamentari alemaniarrenak bakarrik jaso ditugu, Jeffrey Sachs elkarrizketatik joan eta gerokoak. 

Inork ez daki benetan nork aukeratzen dituen epaileak, ezta Parlamentuak nola funtzionatzen duen ere. Sortu dugun entitatea nebulosa moduko zerbait da. Ez die Europako herriei mesede egiten, eliteei baizik. Ez dago eztabaidarik. Oso militarizatuta dago eta Errusiatik, Txinatik eta agian egunen batean Afrikatik ere babestu beharko den egitasmoa da.

Zer izanen da Europa bost urte barru? Askok pentsatzen dugu EB deszentralizatuagoa izan beharko lukeela eta uste dut hori dela orain nagusitzen ari den iritzia. Europa hirugarren potentzia izatea nahi dutenentzat egoera beldurgarria da. Estatubatuarrek ez dute Ukrainako gerran esku hartuko. Europa gaur egun Ukraina engainatzen ari da, ez dugu ahaztu behar. Agindu genien deus ez da bete.

Errusiako aktiboei buruz, Belgikako lehen ministroak esan berri du ez dagoela nazioarteko legerik errusiar aktiboetan dauden 200.000 milioi euroak hartzea baimentzen duenik. Egiten dugun guztia liluragarria da. Ezin da jarraitu ilusioetan bakarrik oinarritzen den politikarekin. Europan kolapso politiko eta ekonomiko izugarria ikusiko dugu eta zoritxarrez hori izanen da EB hau aldatzeko modu bakarra. Momentuz, trena norabide okerrean hain azkar doa aurrera, non ezin den gelditu. Joan den astean Parlamentutik itzuli nintzen eta ez dagoela hitzik, ez analisirik, ez dokumenturik aldatuko dituenik ondorioztatu nuen. Ikaratuta daude. Eta gerrari buruz ozenago hitz eginez gauzak aldatuko dituztela uste dute. Baina Europak ez du Ukrainako gerra aldatzeko modurik. Eta horrek porrota ekarriko dio Ukrainari.

Ukrainako gerra galduta dago

Washingtonen badakite gerra hau galduta dagoela eta jarraitzeko ardura Europari uzten ari zaizkio. Baina Europak dagoeneko ez du dirurik. Frantzia, Erresuma Batua eta Italia finantza-kolapsotik oso gertu daude. Hortaz, nork bidaliko du dirua? Horregatik eskuratu nahi dituzte Errusiaren aktiboak, baina ez dituzte lortuko eta honek egoera beldurgarrian utziko ditu. Gerra aurretik Ukraina Europako herrialderik txiroena zen. Orain erabateko hondamendia datorkio. Amildu eginen da eta amiltze hori ez da batere atsegina izanen. Ez dut etorkizunerako irtenbide onik ikusten.

Ukraina EBren ondoan dago eta, huts egindako estatu bihurtzen bada, Europako gainerako herrialdeentzat ondorioak izugarriak izanen dira kostuei, segurtasun ezari, errefuxiatuei … dagokienez. Oso egoera zailean gaude Europan, eta ez dago datorkiguna saihesteko politikarik proposatzenn duen politikaririk. Europaren etorkizuna erabat iluna izanen da orain egiten ari garena egiten jarraitzen badugu.

Irtenbide bakarra Errusiarekin akordio batera iristea da. Errusia gure bizilaguna da, gero ere izanen da eta beti izanen da herrialderik indartsuena. Akordio batera iritsi beharko genuke. Ziur naiz hori egiteko interesa dutela, besteak beste, beren mugetan kolapsatutako estatuko eskuin muturreko miliziarik eduki nahiko ez dutelako. Errusiak Ukrainan gerra irabazi eginen du. Baina guk ez dugu Europa osoko gerra bihurtu behar eta, are gutxiago, gerra nuklearra. Eta hori gertatzeko arriskuak badira. Gerra Hotzean baino handiagoak.

Eskuineko alderdien gorakada ikusten ari gara. Egungo sistemako alderdiak baztertzeko herritarrek ikusten duten alternatiba bakarra eskuineko alderdiak dira, lidergo sendoak nahi dituztelako. Eskuineko alderdi horiek kritikoak dira EBrekin. Beraz, horrek Europako Batasuna ahultzea ekarriko du. Zerbitzu sozialen murrizketak ere etorriko dira. Asaldura sozial handia izanen dugu.

Hala ere, benetako arriskua barrukoa da, gobernuekiko, alderdi politikoekiko eta sistema judizialarekiko konfiantza galtzea. Gauetik goizera berreraiki ezin den zerbait da. Denbora luzean galduz joan da eta etorkizunean gobernatzea oso zaila izatea eraginen du. Elementu erradikal askok irtenbide erradikalak proposatuko dituzte eta baliteke onak ez izatea. Barne-arazoa zaintzea kanpo-politika eta segurtasun-politika zaintzea bezain garrantzitsua izanen da.

Zein Europa mota nahi dugun pentsatu behar dugu. Ez dut uste Europa estatu bihurtu behar denik. Ez dator bat Europaren izaerarekin. Aniztasuna da gure abantaila nagusia. Bestelako Europa nahi dugu, askoz ere deszentralizatuagoa, pertsonengan zentratuagoa eta, jakina, hain militarizatuta ez dagoena. Orain dugun Europa hau amildu eginen da. Baina arduratsuak izan behar dugu eta ezin dugu amiltzen uztera mugatu. Halaber, pentsatu behar dugu nola berrezarri ordena eta jendearen nahiarekin bat datorren sistema mota bat eraiki. Eta oraintxe bertan Europan inor ez da halako planik lantzen.

Nazio Batuen Gutunaren garrantzia

Kezkagarria da teknologia militarrean ikusten ari garen gorakada, bereziki botere suntsitzaileari dagokionez. Gaur ordu bakar batean mundu osoa suntsi dezakegu daukagunarekin. Aldi berean, nazioarteko sistema juridikoaren erabateko kolapsoa ikusten ari gara Europan. Horregatik uste dut Nazio Batuen Gutuna hain garrantzitsua dela. Gaur egun ez dago hura ordezka dezakeen ezer. Gerra gehiago ez izateko eta giza duintasunaren aldeko dokumentua da. Gaur egun, hirugarren mundu gerra bat izanen bagenu, denok hil egin gintezke. Beraz, hobe dugu gerrak nola ekidin pentsatzea. Indiak eta Txinak AEBek eta Britainia Handiak ez bezalako ikuspegia dute, eta horrek itxaropena indartzen du. Nazio Batuen Gutunak gure arteko desadostasunak negoziatzea eskatzen du eta gerrak saihesteko irtenbide baketsuak bilatzea. Gu gara, Mendebaldea, NBEren Gutuna traizionatzen ari garenak. Ez da Txina, ez dira Hegoalde Globaleko herrialdeak, ezta BRICS herrialdeak ere.

Europako Batasunak “Si vis pacem, para bellum” egiten du, hau da, “bakea nahi baduzu, presta zaitez gerrarako”. AEBetako gerra-ministroak dio gerrak irabaz ditzakeenak bakarrik merezi duela bakea. Dena Nazio Batuen Gutunak deskribatzen duenaren guztiz bestelakoa. AEBetan eta Europan, pentsamolde ikaragarri horrek gobernatzen ditu orain gauzak.

NBEren Gutunak dio ahal bezain laster jo behar dela Segurtasun Kontseilura irtenbide baketsu bat aurkitzeko. Eta horixe egin zuten zehazki Errusiak eta Ukrainak 2022ko martxoan, gerra hasi eta hilabetera. Irtenbide baketsua aurkitu zuten eta guk boikota egin genion.

https://www.youtube.com/watch?v=rJ8MGfeMul0

joan mari beloki kortexarena

2025-11-08


Utzi iruzkina: