Aldaketak datoz Europara (I)

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2025-11-07 17:23

belokijmari@gmail.com 1762532763112

Michael von der Schulenburgek 30 urtez jardun zuen Nazio Batuen Erakundean eta bere izenean Iraken eta Sierra Leonan hainbat urte eman zuen bake misiotan. 77 urteko alemaniar honek gaur eurodiputatua da Sarah Wagenknechten taldean eta Europaren erradiografia eskaintzen digu gaurko bideoan. Sarrera gisa, Jeffrey Sachsen hitz batzuk jaso ditugu. Europarlamentariaren hitzaldia hain aberatsa izanik, bi ataletan banatu dugu, edukirik ez galtzearren.

Michael von der Schulenburg: Europako Parlamentu osoa Errusiarekiko gorrotoz, gerrako histeriaz eta izuz beterik dago. Gerra irabaziko dutela eta Errusia ekonomikoki amilduko dela sinesten dute. Giroa erabat irreala da. Eta zerbait desberdina esaten duen edonor berehala isilarazten dute. Egoera irrazionala da erabat.

Jeffrey Sachs: enigma handia da. Ukrainan bakerako aukera asko ikusi dugu eta orain artean AEBek denak baztertu dituzte. Orain, estatubatuarrek irtenbide bat nahi dutela azaltzen dutelarik, Europa da aukera hori zapuzten duena. Hainbat hamarkadatan Ukrainako gerra saihesteko modukoa izan zen. 2008an Europak NATO Ukrainara zabaltzea onartu izan ez balu, saihets zitekeen. 2013an, Maidango estatu kolpearen ordez, Europak ministro europarrek Yanukovich presidentearekin 8 hilabetetan hauteskundeak deitzeko akordioa errespetatu izan balu, ere. 2015ean, Minskeko akordioa sinatu zenean, eta beste behin Europak eta AEBek "Ez da beharrezkoa hitza betetzea" esan ez balute, beste hainbeste.

Geroago, AEBek milioi bat laguneko armada osatu zuten Ukrainan, Donbassen beren jendea bonbardatzen zuen armada. Errusiarren eskaera: "Bakarrik NATOren hedapena gelditu eta Minskeko akordioa aplikatu". Baina AEBk eta Europak ez zieten entzun. Azkenik, Bidenen administrazioak inolako bake akordiorik ez sinatzeko eskatu zion Ukrainari eta Zelenskik, AEBen babespean dagoen diktadoreak, gerra sustatzen jarraitzen du oraindik. Orain, Trumpek irteteko bide bat nahi duela dirudi eta "Inola ere ez, hori amore ematea da" esanez erantzun dio Europak behin eta berriz. Europak irteera bide guztiak baztertu ditu 2008tik. Ez da herri-politika, jendeak ez baitu esaten "Gerra nahi dugu". Politikariek erabat ahaztu dute diplomazia.

Michael von der Schulenburg: Europako Batasunak bat-batean aldatu du bere jarrera eta orain Errusiak gerra hau irabaz ez dezan lidergo papera hartzen saiatzen ari da. Haientzako mehatxu existentzial gisa hartzen dute. Elite politikoen helburua Europako Batasuna hirugarren potentzia handia bihurtzea da. Horretan datza militarizazio hau guztia. Errusia etorkizunean hirugarren potentzia bihurtzeak izutzen ditu orain.

Orain dela gutxi Moldaviako presidentea Parlamentu honetara etorri zen. Sandu andrea. Eta denek zutik txalotu zuten, hauteskundeetan sekulako iruzurra egin berria zuen arren. Gure alderdia izan zen Moldaviara ikuskatzera joan eta hauteskundeak manipulatuak izan zirela ikusi zuen bakarra. Gero Groenlandiako lehen ministroa izan genuen. “Europarrak gara eta ez AEBetakoak” esan zuenean txalo zaparrada jaso zuen honek ere parlamentariak zutituta. Bielorrusiako oposizioko liderra izan genuen eta gauza bera esan zuen eta denak altxatu eta txaloka hasi ziren. Europako Batasuna proiektu elitista da eta, bere esanetan, handiagoak egin behar gara. Hemen arazo handia dago, gaur egungo irizpideen arabera, herrialde horietako bakar batek ere ezin baitu Europako Batasunarekin bat egin.

Ahobatezkotasun-printzipioa ezabatu eginen da. Hungaria bezalako zalapartariak, eta agian laster txekiarrak eta eslovakiarrak ere, kanpoan geratzea nahi dute. Kide berriek ez dute boto eskubiderik izanen. Dena diseinatuta dago EB erraldoia ahalik eta azkarren sortzeko. Georgia ere sartzea espero dute. Orain Errumaniako, Moldaviako eta Georgiako hauteskundeetan esku hartu dute, estatubatuarrek egin ohi duten bezala,  erregimen aldaketa eragiteko asmoz. Beste estatuen barne arazoetan esku hartzen dugu, Europa zabaldu eta mundu multipolar batean hirugarren potentzia handia bihurtzeko  asmoz. AEB, Txina eta Europako Batasuna. Kito. Errusiak txikia izan behar du.

Ukrainaren aldeko borroka hau galdu eginen dugu. Eta europarrak ez dira sortuko den egoerarako prestatu. Zer gertatuko da Ukrainako gerra militarki galtzen denean? Ez dago planik, ez dago ideiarik. Pentsatzeko ere ez da betarik. Europak bere hilobia zulatu du. Geure buruaz beste egiten ari gara, nola ekonomikoki hala politikoki. Oso isolatuta gaude. Hedatze-plan horiek guztiak ez dira gauzatuko. Ukrainak ez du bat eginen EBrekin. Europa harrapatuta geratuko da.

Jeffrey Sachs: duela 35 urte Berlingo harresia erori zen eta Europa osoak bat egiteko aukera izan zuen. Une hartan Mijail Gorbachov presidenteak Europako etxe komun bat nahi zuen. Sobietar Batasunari agindu zitzaion NATO ez zela hazbete bakarra ere mugituko ekialderantz. Hori benetako konpromisoa izan zen, guztiz esplizitua, Helmut Kohl Alemaniako presidenteak eta James Baker AEBetako Estatu idazkariak Gorbachov presidenteari eta geroago Boris Yeltsini maiz errepikatua. Argi zegoen asmoa ez zela Errusiarentzat mehatxu berri bat sortzea.

Baina AEBek eta Ekialdeko Europako herrialdeek esan zuten "NATO handitu egin behar da" eta horrek gerra berritu baten bidean jarri gintuen. Von der Leyenek Europa zuzentzen duen moduan hirugarren mundu gerrara garamatza. Etsaia sortu dute eta horrela 800.000 milioi euro lortuko dute diru-kutxa militarrentzat. Proposamen hilgarria eta galtzailea da. Gerra ikaragarri suntsitzailea litzateke Europarentzat.

Michael von der Schulenburg: EB eliteen proiektua da. Dagoeneko ez dago babesik EBrentzat herritarren aldetik. Oso demokrazia txikiko burokrazia da. Von der Leyen inork ez du aukeratu, estatuburu gisa jokatzen du eta ez dituen eskumenak bere gain hartzen ditu. Europa bateratu baten ideiaz jabetu den elite baten proiektua da. Herritarren %30ek bakarrik bozkatzen du EBren alde egon daitezkeen alderdien alde. Identitate krisi izugarria dugu. EBren proiektua estatu etsaien aurkako superpotentzia bihurtzeko borroka gisa ikusten da. Ez da besteekin lankidetzan eraikitako Europa.

Europa histeriko bihurtu da. Hauteskundeetan tranpak egiten ditugu, kazetariei zigorrak ezartzen dizkiegu, EB gustuko ez dugun jendeari ekiteko erabiltzen dugu, gure iritzi eta adierazpen askatasuna mugatuz. Erabakiak nork hartzen dituen ere ez dakigu. Dena justifikatzen da Errusiak Europa okupatu nahi duela gezurrezko argudioa erabiliz. Komunikabideak oso boteretsuak dira Europan eta ez da arma nuklearrek dakartzaten arrisku handiak ikusten dituen jende askorik. Azkenean ez gara Europa batua izanen. Galtzen ari gara. Ez dakit politikoki nola biziraunen dugun Ukrainako porrotaren ondoren.

https://www.youtube.com/watch?v=rJ8MGfeMul0

(bihar II. atala)

joan mari beloki kortexarena

2025-11-07


Utzi iruzkina: