AfD alderdiaren garaipena

AfD alderdiaren garaipena EUSKAL HERRITIK | 2026-09-16 01:06

AfD alderdiaren garaipena

Aurrekoan, AfD-ren garaipena Saxonia-Anhalten marxista baten ikuspuntutik aztertu genuen. Gaurkoan, bere burua eskuin politikoan kokatzen duen Stephan Ebner abokatu alemanarenetik. Biek bat egiten dute garaipenaren oinarrizko arrazoiak hausnartzeko garaian. Bien arabera, hiru dira herritarrak AfD masiboki bozkatzera eraman dituzten aferak: bizitzeko herritarrek dituzten estutasun ekonomikoak, Ukrainako gerrara Alemaniak bidaltzen dituen dirutzak eta kontrolik gabeko etorkinen uholdea.

Stefan Ebner: Izugarria da Alemanian ikusten ari garena. Alemaniarra naiz, Alemaniako familia zahar batekoa, eta Alemaniatik ihes egin dudala aitortu behar dut. Dagoeneko ez nago Alemanian. Dena saldu dut. Orain Luxenburgon eta Suitzan bizi naiz, Alemania jasanezina delako une honetan. Zergak ordaintzen ditugu. Tasek ez dute amaierarik. Frankfurteko eta Berlingo bulegoak itxi genituen, eta bana ireki dugu Luxenburgo hirian eta Basilean. Aldea izugarria da. Segurtasuna askoz handiagoa da. Babesa ere hobea da. Gure bezeroei herrialdetik alde egitea gomendatzen diegu. Gure ustez, AfD da Alemaniaren azken itxaropena eta ez dugu ulertzen zergatik Alemaniako hedabideek dioten AfD-n sinesten duten pertsona guztiak faxistak edo eskuin muturrekoak direla. Hori lelokeria hutsa da.

Pascal Lottaz: Alemanian hain indartsua den ondoez sozialak ez du zerikusirik immigrazioarekin bakarrik. Zerikusia du, halaber, prezioen mailarekin, irabazten edo irabazten ez duzun diruarekin, jendeak lana edukitzearekin, jan nahi duzuna ezin izatearekin, gobernuak zer elektrizitate mota erosi behar duzun agintzearekin... Eta orain alderdi batek dio hori konpondu nahi duela, jendeari min egiten diona dela berari interesatzen zaiona ziurtatzen duena eta botoen % 44 lortu duela. Zer gertatu zitzaion SPDri, garai batean sozialdemokrazia egiten zuen alderdiari, prezio baxuagoekin, gizarte segurantzako sareekin…? Zer gertatu zitzaion ezkerreko alde horri? Hilda dago. Boto-emaileek, lehen langile klasearen erretorika ezkertiarrean nolabaiteko itxaropena jartzen zuen kaleko jende arruntak, orain AfD-n aurkitzen dute.

Stefan Ebner: Noski baietz. Eta bada beste gai bat hemen benetan garrantzitsua dena: Errusiaren aurkako gerra. Errusiarekin gerran gaude. Milaka eta milaka milioi ordaintzen ari gara Ukrainari eta herritar alemaniar ertainak ez du hori nahi. Ez dugu inolako interesik Putinen aurka borrokatzeko. Ez dugu uste Putinek NATOri eraso eginen dionik ere. Eta Alemaniako alderdi tradizional horiek gerra moduan daude. Errusiaren aurka borrokatu nahi dute eta gezurrak kontatzen dizkigute komunikabideetan. Komunikabideei dagoeneko ez diegu sinesten. Alemanian ez dago hedabide librerik. Putin Leipzig-ko aireportua erasotzen ari dela esaten ari zaizkigu eta inguruko basoetan ezkutatuta Errusiako tropentzako armak daudela. Hori ez dugu inondik inora sinesten. Barregarria da. Eta hori lehenengo urratsa baino ez da. Gero berriro soldadu alemaniarrak bidaliko ditugu ekialdera eta hori ez dugu nahi. Betiko alderdiei ez zaie axola, baina AfD-ri bai.

Pascal Lottaz: Beraz, AfD gaur egungo klase politikoak erabat traizionatuta sentitzen den jende guztiaren amalgama politikoa da orain.

Stefan Ebner: Bai, noski. Eta are gehiago, aldaketa behar dugula dioen jende asko dugu. Ezin dugu horrela jarraitu. Eta AfD da benetan aldaketa eskaintzen duen alderdi bakarra eta herritarrei ez zaie axola eskuineko alderdia izatea. Aldaketa lortzeko eta zure herria salbatzeko eskuineko alderdi bati botoa eman behar badiozu, ba alderdi horri emanen diozu botoa eta ez zaizu axola.

Mendebaldean babesa ez da ekialdean bezain handia, baina hala ere botoen % 30 baino gehiago lortzea espero dugu. Han ere alderdi politiko indartsuena AfD izatea espero dugu, alderdi tradizionalek ez baitute inolako irtenbiderik eskaintzen, orain arte egin duten bezala jarraituko dutela besterik ez baitute esaten. Merzi ez zaio axola Alemaniako herritarren iritzia. "Nik agintzen dut. Orain arte bezala jarraituko dut", besterik ez du esaten. Eta hori onartzen zaila den errealitatearekiko harrokeria eta deskonexioa da.

Pascal Lottaz: Zure ustez, zerk eragingo du orain boto honek? Badirudi eliteak hunkituta eta kezkatuta daudela, beldurtuta.

Stefan Ebner: Beldurtuta, hori da hitz egokia, beldurtuta daude. Eta uste dut orain oso etapa gogorrean sartuko garela, oso konplikatuan, joera horrek jarraituko duelako. AfD behin eta berriz irabazten ikusiko dugu eta egungo erregimenak ez du hain erraz amore emanen, beraz kontraerasoan ariko dira. Dagoeneko AfD debekatzeko planak egiten ari dira. Jendea zapuztu eginen da eta gero eta jende gehiago batuko da.

Pascal Lottaz: Nola konbentzitu 30eko hamarkadako naziak AfD-rekin alderatzen dituztenak ez direla gauza bera?

Stefan Ebner: Ez du inolako zentzurik. AfD alderdiak ez du esaten: "Arraza gorena gara eta mundu guztia konkistatu nahi dugu gizateriaren agintariak izateko." Hemen ez dugu horrelakorik. Jarrera kontserbadoreak dituen jendea dugu, immigrazio masibo gehiegi dagoela esaten duena eta Alemaniako herrian zentratu nahi duena. Hori naziek egin zutenaren aldean guztiz desberdina da. Trump presidentearen MAGA mugimenduarekin ere antzekotasunak ikusten ditut, non lehenengo Amerika esaten duen norbait duzun. Eta hori, zalantzarik gabe, alemaniarrek nahi duten zerbait da. "Alemania lehenik" esanen duen lider bat nahi dugu. Eta gerrarik gabe. Gure Konstituzioan bada artikulu bat esaten duena Alemaniako herriak nazio guztien arteko bakea lortzen lagundu behar duela. Eta AfDk dio: "Ez dugu dirurik bidaliko Ukrainara. Neutral mantendu nahi dugu". Eta zer egiten ari da gure egungo gobernua? Milaka eta milaka milioi bidaltzen ari da Ukrainara, alemaniar bakar bati ere interesatzen ez zaion gerra elikatzen.

Munduan ez dago Ukraina bezain herrialde ustelik. Alemaniako herritar gisa, ez dut ulertzen zergatik babestu behar dugun zuzenbide estaturik ez duen herrialde bat, oso ustela dena eta Errusiarekin eskalada eragiten duena. Errusiako gas merkea ere erosi nahiko genuke, gure ekonomiak funtziona dezan.

Pascal Lottaz: Itzul gaitezen Alemaniaren gainbeherara, orain jendea aktiboki Alemaniatik alde egitera baitarama.

Stefan Ebner: Herrialdetik irtetea eufemismoa da. Ihes egiten ari dira. Jende asko dago, ni barne, bere diru guztia Alemaniako kontuetatik atera duena. Ez gaude ziur egungo gobernuak ez ote dituen funtsak erabiliko eta bere jabetza Alemanian salbu egoten jarraituko duen. Badira legeak gobernuari gure diruarekin gelditzeko aukera ematen diotenak, baldin eta horretarako gerta litekeen arrazoiren bat bada. Beraz, benetako arazoa da eta Alemaniatik alde egin nahi duen bezero ugari ari zaigu iristen.

CDU-ren eta SPD-ren artean nahasmena antzematen da. Ia gauza bera dira. Kontsignak botatzera mugatzen dira esanez lan gehiago egin behar dugula, produktiboagoak izan behar dugula… soilik egungo estatusa mantentzeko. Benetako lokatza da eta jendeak hala dela ulertzen du. Jendea ez da tuntuna, jendeak ikusi egiten du eta aldaketa behar dugula dio.

Pascal Lottaz: AfD nazio mailan boterera iristen bada, Errusiarekiko zerbait aldatuko dela iruditzen al zaizu?

Stefan Ebner: Bai, erabat ziur nago Alemaniarentzat gerra bukatu eginen dela. AfDk ere legezko immigrazioaren alde gaudela dio. Nazio guztiekin maila globalean lehiatzea gustatuko litzaiguke, adimenik distiratsuenak gurera etor daitezen. Immigrazio masibo eta legez kanpokoa da nahi ez duguna.

Pascal Lottaz: Zein da AfD-ren jarrera Israel eta Iranen auziaren inguruan?

Stefan Ebner: AfDk modu kritikoan ikusten du. Justifikatu gabeko eraso gerra izan dela dio. Ez dugu hori nahi inondik inora. Nahiz eta neutral mantendu nahi duen ere. Alice Weidelek Israel kritikatu izanak gai horretan AfD-ren barruan iritzi ezberdinak daudela erakusten du.

https://www.youtube.com/watch?v=fzfvpftxv0A

joan mari beloki kortexarena

2026-09-16


Utzi iruzkina: