AEBen gainbehera hegemonikoa: Errusia, Txina eta sortzen ari den polaritate anitzaren erronka
Izenburu honekin José Díaz, Nazioarteko Politikan Ohoreekin Lizentziatua Stirlingeko Unibertsitatean, abuztuaren 16an artikulu ederra idatzi du NAIZen. Luzea denez, parrafo batzuk soilik ekarri ditut hona. Euskaratuta, jatorrizkoa gaztelaniaz baitago.
Amerikako Estatu Batuen gainbehera hegemonikoa gero eta nabariagoa da. Egia esan, polaritate bakarreko aroa amaitu da eta, beraz, Estatu Batuak eta Mendebaldeko gainerako potentziak izu eta nahasmendu egoeran daude politika globalaren agertokian azaleratzen ari den eta eraldatzen ari den polaritate anitzaren aro berri baten aurrean.
Kopenhageko Eskolako Nazioarteko Harremanetako irakasle Barry Buzanek bere garaiari aurrea hartu zion hitzaldi batean nazioarteko ordenaren etorkizuneko eraketari buruzko analisi bikain bat azalduz. Polaritate anitzaren aro berri bati hasiera emanen zion superpotentzien amaiera eta potentzia erregional handien agerpenaz ohartarazten zuen. Haren hitzek durundi egiten dute oraindik artikulu honen egilearen gogoan, atzo izan balitz bezala: «Bai Mendebaldeak, oro har, bai Estatu Batuek, bereziki, onartu behar dute munduan nagusi izateari utziko diotela. Superpotentzien aroa amaierara iritsi da». Hitz horiekin, Barry Buzanek hamabost urte baino gehiago eman zuen polaritate anitzaren oinarriak eta Mendebaldearen hegemonia globalaren gainbehera finkatuko zituzten eskualde-potentzia handiak sortuko zirela iragartzen. Zalantzarik gabe, Buzanen hitzak profezia autorrealizatu baten duinak dira.
Polaritate anitza errealitate bihurtu da Errusia potentzia energetiko, diplomatiko eta militar handia egin denean. Vladimir Putin Errusiako presidentea Errusiaren handitasuna berrezarri zuen estatuburu handi bezala pasako da historiara, 1991n Sobietar Batasuna erori zeneko hondamendiaren ondoren eta 90eko hamarkadan karguan bere aurrekari izan zen Boris Yeltsin presidente mozkorti eta bihurriak herrialdeari eragin zion suntsiketa eta krisi ekonomiko handiaren ondoren. Putin presidentearen zeregin erraldoia ez da batere erraza izan, baina, objektiboki, Errusia historikoki izan zen potentzia handi gisa itzultzea lortu du. Hori dela eta, Vladimir Putinek Errusiako gizartearen babes osoa du (gustatu ala ez).
Mendebaldeak beti nahi izan du Errusia porrot egindako estatu gisa eduki, bere eragin-eremua sobietar ondorengo espazio deiturikoa baino harago iritsiko ez delarik, horretarako AEBek eta bere beso exekutatzailea CIAk eskualdean ezegonkortasuna eragiteko asmoz Errusiaren aurkako iraultza koloretsuz jantzitako estatu-kolpeak antolatu dizkiolarik. Baina Errusiak segurtasun nazionalaren eta Estatuaren biziraupenaren arloan beharrezko neurriak hartu ditu eta bere lurraldean Mendebaldeak babestutako GKE gisako mugimenduak eta Alexei Navalny oposizioko zerbitzu mediatikoa bezalako elementu subertsiboak kontrolatu ditu.
Dagoeneko, Mendebaldeak Ukrainako gerra galduta duela onartu behar du (duela 6 hilabete baino lehenagotik). Errusiako armada mugiezina da, eta Ukrainari ez zaio ia gazterik gelditzen frontean heriotza segurura bidaltzeko; beraz, bada garaia su-etena deklaratzeko, bide diplomatikoak irekitzeko eta bake negoziazioei ekiteko. Batez ere, Ukrainako herriaren onerako, zeina Volodymyr Zelenski presidentearen eta Kieveko erregimenaren harropuzkeriagatik sakrifikatu eta traizionatua izan delarik, Vladimir Putin Errusiako presidentearekin hitz egiteari eta gatazka konpontzeko zubiak eraikitzeari uko eginda.
Urtea baino gehiago daramate Vladimir Putin presidentea eta Serguéi Lavrov atzerri ministroak bakea lortzeko elkar hizketa eta negoziazioei ekiteko prest. Baina, zoritxarrez, Estatu Batuek eta NATOk (Gerra Hotzaren arrasto horrek) beste plan batzuk dituzte errusiarren eta ukrainarren arteko senideen arteko gatazka luzatu eta gogortzeko, higadura-gerra gisa. Ukrainako herria bera esnatu eta matxinadan altxatuko den itxaropena besterik ez da geratzen, Zelenski presidentea boteretik kentzeko eta Kieveko erregimena desegiteko, honela Ukraina eta Errusiaren arteko baketze eta normalizaziorako bide orria bermatuz, AEBen eta NATOren eskuhartzerik gabe. Egilea bat dator Serguéi Lavrovekin, eta ohartarazi du Mendebaldeak sustatutako edozein negoziaziok Errusiako Federazioa elkarrizketatik kanpo uzten badu, porrotera kondenatuta dagoela.
SESB erori ondoren mundua polaritate anitzerantz biratu da, Amerikako Estatu Batuen polo bakarreko aroari amaiera emanez. Denbora agortu egin zaio..
Itzulpenaren ardura: joan mari beloki kortexarena
Iruzkinak
Utzi iruzkina: