AEBen estrategia Iranen

AEBen estrategia Iranen EUSKAL HERRITIK | 2026-04-28 14:19

AEBen estrategia Iranen

John Mearsheimer zientzia politikoko irakaslea da Chicagoko Unibertsitatean eta, halaber, nazioarteko harremanen teorialari ezaguna. Eskola neorrealistako kide ospetsuenetakoa da.

Trumpena diplomazia modu oso berezia da, zentzurik ez duena. Gerra honi amaiera lehenbailehen eman nahi dio eta ez du gerra irabazteko aukera emanen dion estrategia militarrik. Hemen ez dago aukera militarrik. Eskalada igo ezkero, irandarrak nagusituko dira. Gainera, munduko ekonomia kolokan dago, eta egoera hau zenbat eta gehiago luzatu, orduan eta kalte handiagoa jasanen du ekonomia globalak.

Beraz, Trump egoera honetatik ateratzeko presio izugarriaren pean dago Iranekin akordioren batera iristeko. Bera eta bere administrazioa ez dira gai diplomazia gaietan. Trump ez da diplomatiko ona, ezta hurrik eman ere. Eta gauzak areago okertzeko, Israelekin eta Israelgo lobbyarekin borrokatu behar du. Israeldarrek orain arte gerra galdu dutela ulertzen dute. AEBek eta Israelek lau helburu zituzten gerran sartu zirenean: erregimena aldatzea, uranioa aberasteko gaitasuna ezabatzea, irismen luzeko misilak desagerraraztea eta Hamasen, Hezbolaren eta huthien operazioak laguntzeari uztea. Guztietan porrot egin zuten eta, gainera, irandarrek lehen ez zuten Ormuzko itsasartea kontrolatzen eta orain bai. Beraz, irandarrek irabazi dute.

Israelen ikuspuntutik, egoera hau penagarria da, israeldarrek mehatxu existentzial gisa ikusten baitute Iran. Eta, jakina, AEBetako lobbyak Israeli jarraitzen dio, egiten duena egiten duela. Ondorioz, Israelek gerran jarraitu nahi du. Irani presioa egiten jarraitu nahi dute, hura menderatu nahian. Eta amore ematea lortzen ez badute, suntsitzen saiatuko dira. Gazan egin zuten gauza bera egin nahi dute Iranen. Hori da Israelen eta Israelgo lobbyaren ikuspegia.

Israelek eta Israelgo lobbyak presioa egiten dute gerra Iranek irabazi duela islatuko duen bake akordio batera irits ez dadin. Trumpek akordioren bat lortu nahi du, munduko ekonomiaren egoera eta gerran gertatu dena kontutan hartzen baititu. Badaki ez duela aukera militarrik, badaki praktikan galdu egin duela, eta ulertzen du ekonomia globalari egin liezaiokeen kaltea. Baina, beste alde batetik, israeldarrak eta beren aliatuak daude. AEBen administrazio osoan daude eta presio izugarria egiten diote akordiorik sinatu ez dezan eta, horren ordez, irandarren aurrean jarrera gogorra har dezan.

Trumpek indar militarra tresna gisa erabili nahi du irandarrek su-etena onar dezaten eta gero negoziatzera eser daitezen. Presio militar hori erabili nahi du akordio on bat lortzeko, ez akordio handi bat. Ez du akordio handirik lortuko.

Irandarrak Begia begi truk” eran ari dira erantzuten. Irandarrek oso argi utzi dute, negoziazio mahaira itzuli nahi badute, AEBek blokeoari amaiera eman behar diotela. Beraz, uneren batean Trumpek blokeoa amaitu egin beharko du, besterik gabe, berriro negoziatu ahal izateko. Ezin du betiko atzeratu.

Zein da arrakasta izatea ahalbidetuko duen formula berria? Energia azpiegitura guztia suntsitu eta Iranen bizia ezinezko bihurtu? Horrek ez du funtzionatuko. Mundu guztiak daki hori, irandarrek gogor erantzun dezaketelako. Beraz, Trump aukerarik gabe geratu da. Lehenbailehen su-etena lortu beharko luke eta negoziatzen hasi. Irandarrekin lantzeko ideia-multzo adimentsu bat proposatu beharko luke, akordioren bat lortzeko asmoz. Egungo dinamika guztia ahal den neurrian geldiarazteko eta, amildegira erori aurretik, nazioarteko ekonomia salbatzeko.

Iranen gaitasunak

AEB bonbardaketa kanpaina masibo batera itzultzen badira, energia azpiegiturak eta zubiak erasotuz eta Iranen barruan kalte izugarriak eraginez, milaka zibilen heriotza barne, Iranek Pertsiako Golkoa eta Itsaso Gorria guztiz itxiko ditu eta Golko osoko energia azpiegiturei eta gatzgabetze-plantei eraso eginen die. Eskualdea suntsitzeko ahalegin guztiak eginen ditu. Iran zigortu eta zigorrik gabe atera daitekeenaren ideia ez dago mahai gainean.

Iranek Golkoko estatu guztiak aurretik eramanen ditu eta munduko ekonomia suntsituko du, Itsaso Gorria eta Persiako Golkoa itxiz. Horrek ondorio txarrak izanen lituzke epe luzera eta mundu guztiak ulertzen du. Oso mehatxu serioa da. Ziur nago Trumpen administrazioan eta mundu osoan jendeak ulertzen duela hori gertatuko dela AEBek Irango azpiegiturari eta biztanleriari eskala handian eraso egiten badiote. Irandarrek karta guztiak dituzte. Irani sekulako kaltea egin dakioke, baina Iranek are kalte handiagoa eragin diezaioke munduko ekonomiari eta eskualdeko estatuei.

Gudu zelaian irabazten dutenak dira negoziazio mahaian irabazten dutenak. Israeldarrek ez dute hori gertatzerik nahi; beraz, indarrez presionatuko dute berriro gerra has dezagun. Baina egunen batean Trump presidentea zentzuaren alde jarriko da, hondamendi ekonomikoa saihesteko interes handia duelako. Nazioarteko ekonomian aditu batzuek diote Golkoa erabat itxi, Itsaso Gorria itxi eta Golkoko herrialde guztiak suntsitzen badituzu, depresio ekonomiko handia izan genezakeela, 1.930eko hamarkadakoa baino okerragoa.

Ibili eta buelta, Iranek itsasartea kontrolatuko du eta bidesari bat ezarriko du, konponketen eta zigorren kontuagatik, eta bidesaria luzaroan mantentzeko asmoz. Gainera, itsasartea kontrolatu nahiko du, presio ahalmen izugarria ematen diolako. AEBek edo Israelek etorkizunean Iranen aurrean gogor jarri nahi duten bakoitzean, irandarrek Ormuzko itsasartea beraiek kontrolatzen dutela gogoraraziko diete eta berriro itxiko dute. Hori disuasio-elementu oso indartsua da; beraz, gertatzen dena gertatzen dela, Iranek oso modu nabarmenean kontrolatuko du itsasartea eta bidesaria jarriko du.

Botere hegemoniko bakarretik banaketa poloanitz batera pasatzen ari gara eta boterearen nazioarteko banaketan aldaketa handia ematen ari da. Azkenean, AEBek interes gutxiago izanen dute Ekialde Hurbilean, beste lehentasun garrantzitsuago batzuk izanen dituztelako, eta eskualdea ez da lehengo egoerara itzuliko.

https://www.youtube.com/watch?v=xAPhoT9B9L0

joan mari beloki kortexarena

2026-04-28


Utzi iruzkina: