"AEBek eraman zuten gerra Ukkrainara" (I)
Gaur Steven Kinzer dugu gurean. Kazetari, idazle eta kanpo politikako analista honek 20 urtez jardun zuen AEBetako The New York Times egunkarian, besteak beste atzerriko berriemaile gisa. Elkarrizketa honetan idatzi berri duen “Irakite puntua: nola AEBek eraman zuten gerra Ukrainara” izeneko liburua aurkeztu digu.
Liburu hau idaztera bultzatu ninduen arrazoietako bat askotan entzun dudan «probokatu gabea» esapidean laburbiltzen da. The New York Times egunkariak 327 aldiz erabili zuen esapide hori Errusiako inbasioaren ondorengo bi hilabeteetan, hau da, egunean hiru bat aldiz. Askotan, albisteetan agertzen zen, egitate frogatu bat balitz bezala aurkeztuta. Hitz horiek gehiegitan entzunak nituelako, gerra hau nola probokatu zen ikertzea erabaki nuen.
Bakar-bakarrik 2022ko otsailaren 24ko gertakariei erreparatzen badiegu, kontakizun oso sinple batekin gera gaitezke: Errusiak beste herrialde bat inbaditu zuen. Bata biktima izanen zen, eta bestea erasotzailea. Baina irudi hori film luze baten azken fotograma gisa ulertu behar da. Egun hartan gertatutakoa zergatik gertatu zen ulertzeko, film osoa ikusi behar da.
Horrela ohartu nintzen hau AEBen 75 urteko proiektua izan dela. Bigarren Mundu Gerra amaitu ahala, AEB Ukraina Errusiaren aurkako ahari-buru bihurtzen saiatu ziren. Gerra honek zerikusi txikia du Ukrainarekin, eta gerra hau eragin zuten AEBen esku-hartzearen hamarkadek ere zerikusi txikia izan zuten Ukrainarekin.
Dena 1947an hasi zen, eta AEBek tren hori geldiarazteko aukera ugari izan zuten. Azken unean bada ere, Joe Biden-ek «Ukraina ez da NATOn sartuko» esan izan balu, agian gerra osoa saihestu ahal izanen zen. Harrigarriena da Biden-en gobernuko kideek bazekitela Ukraina ez zela inoiz NATOn sartuko, eta hori modu ez-ofizialean adierazten zutela pasabideetan.
Nire liburuak AEBek Ukrainan egindako esku-hartzearen fase guztiak aztertu ditu. 1947an Ukrainara jausgailuz jaurtitako komando armatuen misioetatik hasi eta gaur egungo kanpaina postmodernoraino. Azken horretan, gobernuz kanpoko erakundeek (GKE), Demokraziaren aldeko Fundazio Nazionalak (NED), Soros-ek eta beste hainbat erakundek hartu dute parte, AEBen esku hartzeko modu guztiz berri bat egituratuz. Hala, Ukraina esku-hartze postmodernoaren eredu bihurtu da, eta hori guztia 75 urteko historia luze horren parte da.
Gerra probokatu gabea izan zela eta segurtasun-arrazoirik edo kezka legitimorik ez zuen ero baten ekintza hutsa izan zela uste baduzu, baliteke diplomaziak inolako zentzurik ez izatea zuretzat. Hala ere, jendeak gerra probokatua izan zela sinets dezan lortzen badugu, bide diplomatiko bat ireki daitekeela pentsatu nahi dut.
1947an abiarazi zuten AEBek egitasmoa Ukrainan
AEBek Ukrainan zuten proiektua CIA 1947an lanean hasi zen une berean jarri zen abian. Frank Wisner CIAren ezkutuko operazioen lehen arduradunak SESBri bere lurraldean bertan arazoak sortzeko Ukraina zela lekurik egokiena ondorioztatu zuen. Hala, 1947tik aurrera eta hainbat urtez, komando armatuak jausgailuz jaurti genituen Ukrainara. Ia guztiak berehala atxilotu eta exekutatu zituzten, baina Errusiaren aurkako gerra pizteko modua horixe zela uste genuen.
Ez genuela sobietarren aurkako partisano bakar bat ere ezagutzen zen AEBek aurrean genuen arazo nagusia. Horregatik, akordio guztiz koherentea egin genuen Ekialdeko Europan eta Sobiet Batasunean Hitlerren espioitza-sarearen buru izana Armada naziaren jenerala zen Gehlen jeneralarekin. Gerra amaitu eta egun gutxira, AEBetako base batean agertu eta bere burua entregatu zuen. Akordioa oso sinplea zen: estatubatuarrek, urkatu beharrean, kontratatu eginen zuten eta ordainsari ederra emanen zioten. Horren truke, Gehlen-ek Ukrainako eta Ekialdeko Europako gainerako herrialdeetako sobietarren aurkako ekintzaileei buruz mikrofilmetan gordeta zituzten dokumentu eta artxibo guztiak emanen zizkien estatubatuarrei.
Gehlen-ek gure esku jarri zituen pertsonak izan ziren nazien proiektuaren oinarria Ukrainan, eta, une hartatik aurrera, AEBen proiektuaren oinarri bihurtu ziren. Beraz, AEBen proiektua Ukrainan nazien proiektuaren oinarrien gainean eraiki zen, eta horrek sekula galdu ez duen kutsu berezia eman zion. Ukrainako tradizio naziaren oinordekoek botere handia dute gaur egun ere. Borrokan ari diren milizia gehienak mobilizatzen dituzte. Indar politiko garrantzitsuak ere badituzte. Hortaz, hari berak lotzen ditu errusiarren aurkako gure lehen ukrainarrak eta gaur egungoak.
Gehien liluratu nauen alderdietako bat -liburuan atal oso bat eskaini diot- AEBek nola hartu zuten errusiarren aurkako hain politika nabarmena. Jatorria XIX. mendearen hasieran koka daiteke. Britainia Handiak inperioaren hedapenarekin lotutako hainbat abenturatan ziharduen Asian eta Kaukason, eta beldur ziren Errusia jabetuko ote zen beraiek konkistatu nahi zituzten lurraldeez. Horregatik, Errusia gaiztoaren irudia sortzea komeni zitzaien, inperioa zabaltzeko gerra haiek guztiak justifikatu ahal izateko.
SESBn hazitakoek gidatu dute AEBen kanpo politika
Errusiarren aurkako sentimendu hori SESBen garaian areagotu egin zen. Eta pentsa zitekeen, Sobiet Batasuna desagertu eta politikoki bestelakoa zen herrialde berri bat sortu zenez, Mendebaldeak Errusiarekiko zuen politika ere aldatuko zuela. Baina ez zen halakorik gertatu. Zergatik? Harrigarria bada ere, gure kanpo-politika SESBn, Ekialdeko Europan edo Errusian familia-sustraiak zituzten goi-kargudunek gidatu zutelako belaunaldiz belaunaldi. Fenomeno guztiz berezia izan zen. Inoiz ez zen gertatu etorkin-talde batek, edo haien seme-alabek eta bilobek, AEBetako kanpo-politikaren aparatuan sartzea eta, azkenean, txikitatik gorrotatzen irakatsi zieten herrialdearekiko politika erabakitzea.
Horietako lehena Zbigniew Brzezinski izan zen, Polonian jaioa, jatorri ukrainarreko familia batean. Bera izan zen Jimmy Carter Afganistanen errusiarren aurka esku hartzera bultzatu zuena. Bera izan zen 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoei boikota egitea defendatu zuena. Geroago, Pragan jaiotako Madeleine Albright kontratatu zuen, Segurtasun Nazionaleko Kontseiluan berarekin lan egin zezan. Victoria Nuland, 2014an Maidan-en agertu eta manifestariak hautatutako gobernuaren aurka matxinatzera bultzatu zituen Estatu idazkariordeak Moldavian ditu jatorriak. Alexander Vindman, Trump-ek Zelenskiri egindako telefono-deiari buruzko testigantzaren ondoren ezagun egin zena, Ukrainan jaio zen. George Soros, Ukrainan ehunka milioi dolar gastatu zituena, Hungarian jaio zen. Tony Blinken-ek, Biden-en Estatu idazkariak, Ekialdeko Europan ditu familia-sustraiak. Demokraziaren aldeko Fundazio Nazionaleko (NED) eta Open Society Foundations fundazioetako dirulaguntzak esleitzeko arduradunek ere Ekialdeko Europan zituzten jatorriak. Eta abar.
Pertsona horiek guztiek Errusiari kalte egiteko moduak etengabe bilatzen hazi ziren. Horregatik bihurtu zen Ukraina AEBetako politikaren arretagune nagusietako bat. Haiek markatzen zuten politika, eta botere handia eskuratu zuten Alderdi Demokrataren barruan. Errepublikanoei, aldiz, auzi horrek ez zien interes handirik pizten; izan ere, enpresaburu kontserbadoreek zuzentzen zuten alderdia, eta haiek ez zuten kanpaina ideologikoetan inolako interesik.
Horrela, pertsona horiek AEBetako kanpo-politikaren aparatua ez ezik, Alderdi Demokrata bera ere errusiarren aurkako mundu osoko jarduera gune bihurtu zuten.
G.D.: Zergatik ez zuten AEBek Errusiarekiko ikuspegia berriz aztertu Gerra Hotzaren ondoren? Errusia oso mendebaldearen aldekoa zen. Europako herrialde normal bat gehiago izan nahi zuen.
S.K.: Arrazoi duzu. Gure bizitzan alferrik galdutako aukera geopolitikorik handiena izan da hori. Gerra Hotzaren amaierak aukera paregabea eskaini zien Europari eta mundu osoari alde guztiak bildu eta guztiontzako segurtasun-arkitektura bat diseinatzeko. Zergatik ez genuen egin? Bill Clinton kargua hartu berria zen, aste gutxi batzuk besterik ez zeramatzan presidente, Václav Havel Txekiako buruzagia eta Lech Wałęsa Poloniako buruzagia Clintonengana hurbildu zirenean. Honela esan zioten: «NATOn sar gaitzazun behar dugu. Errusiaren beldur gara». Kanpo-politikako aditu askok, bata bestearen atzetik, Clintonengana jo zuten hori egin ez zezan eskatzeko, baina hark aurrera egin zuen.
(bihar bigarren eta azken atala)

Iruzkinak
Utzi iruzkina: