"AEBek eraman zuten gerra Ukkrainara" (eta II)

"AEBek eraman zuten gerra Ukkrainara" (eta II) EUSKAL HERRITIK | 2026-11-08 19:03

"AEBek eraman zuten gerra Ukkrainara" (eta II)

Stephen Kinzer kazetariak oso argi azaldu digu estatubatuarren asmoa zein zen NATO Errusiaren mugaraino eramatean: Errusiak erantzuten ez badu, aurrerago berari ekiteko aurrerapauso izugarria eman dugu; erantzuten badu, inbaditzaile gisa aurkeztuko dugu. Bi kasuetan estatubatuarrak irabazle.

Bill Clinton-ek eman zion hasiera gerrari

Pertsona bakar bat aipatu beharko bagenu Ukrainako gerraren prozesuari hasiera eman ziona, Bill Clinton izanen litzateke. Bere kalkuluen arabera, gainerakoan hauteskundeak galdu eginen lituzkeelako. Aldi berean, AEBetako presio-talde handiena den industria militarra NATOren zabalkundea bultzatzeko ahalegin guztiak egiten ari zen. NATOn sartzen den herrialdeak arma-sorta berri oso bat erosi behar baitu. Hori da AEBetako arma-enpresentzat imajina daitekeen negoziorik oparoena. Beraz, Clintonek arriskuan jartzen zituen bai berriz hautatua izatea, bai presio-talde izugarri boteretsu horren babesa.

G.D. 1975ean Helsinkiko Hitzarmena sinatu zen. Gorbatxov-ek Europako etxe komuna proposatu zuen. 1990ean, Europa Berri baterako Parisko Gutuna sinatu zen, segurtasun zatiezinaren printzipio horretan oinarrituta: mugarik gabeko Europa. 1994an, printzipio horietan oinarrituta sortu genuen OSCE. Zergatik bota zen dena zakarrontzira?

S.K. Gure kanpo-politikan arrazionaltasuna ez da gure gidaria. Errusia barne hartzeak guk menderatzen ez dugun mundu bat onartzea esan nahi du; kontzesioak egin behar izatea. Ezin duzu nahi duzun guztia lortu. Ameriketako Estatu Batuetako pentsamoldea ez dago horretarako prestatuta.

Kontua hauxe da: AEB prest al daude munduko botere-oreka aldatu eta gure boterea gutxitzea onartzeko? Ala indarkeriaz erantzunen diogu prozesu horri? Ukrainako gerra bigarren aukera horren adibide bat da. Hori da gerra honen alderdirik beldurgarriena.

Ukrainan borrokan aritzeko dugun arrazoi bakarra Errusiari kalte egiteko nahia da. AEBetako herritarrei ez zaie Ukraina axola. Ukrainarrak AEBen eta Errusiaren arteko konfrontazio baten biktimak dira.

Ukrainan akordioren bat lortu eta astebetera, errusiarrak Varsoviara edo Berlinera iritsiko direla europarrek oraindik hori pentsatzea da gehien harritu nauen gauzetako bat. Europa histeria irrazionalaren espiral batean sartu da, Ukrainako bake-prozesu baten aurka egiteraino.

G.D. Nola ikusten duzu AEBek 2013ko eta 2014ko Maidan matxinadan izan zuten inplikazioa? Izan ere, ukrainarren % 20 inguruk baino ez zuen nahi NATOn sartzea. Angela Merkel-ek esan zuen Ukraina onartuz gero Moskuk gerra-adierazpen gisa interpretatuko lukeela. Beraz, bazekiten hori zela egin zitekeen gauzarik probokatzaileena. Are gehiago, William Burns CIAko zuzendari ohiak hala aitortu zuen: «Herritarrak aurka daudenez, matxinada bat piztuko da Ukrainako ekialdean, gerra zibila sortuko da eta orduan errusiarrek indar militarra erabiliko dute, gogoz kontra bada ere».

S.K. Estatubatuarrek proiektu bikaina zela uste zuten, nolanahi ere irabazten aterako zirelako. NATO Errusiako mugaraino eramaten badugu eta Errusiak ezer egiten ez badu, aurrerapauso erraldoia emanen dugu Errusia inguratzeko eta hura gure hurrengo helburu bihurtzeko proiektuan. Errusiak erreakzionatzen badu, inbaditzaile gisa aurkeztu ahal izanen ditugu mundu osoaren aurrean.

Beraz, AEBek Ukrainan egindako esku-hartzeak Errusiaren indarkeriazko erantzunen bat eragin zezakeelako ideia ez zen inondik inora faktore negatibotzat hartzen.

Maidango matxinada, neutraltasuna zapuzteko urratsa

2014ko Maidan altxamendua inflexio-puntu erabakigarria izan zen Ukraina, Europa eta munduaren historian.

Ukrainak 1991n lortu zuen independentzia. Hurrengo hamarkadan, AEBen proiektua Ukrainako Gobernua aldatzea izan zen, jarrera neutrala baitzuen. Beraz, estatubatuarrek gobernu berria nahi zuten Ukrainak Errusiarekiko gatazkari ekin aurretik. Horrek ekarri zuen 2013ko eta 2014ko Maidango matxinada.

Hala, 1991-2014 urteetan, Amerikako Estatu Batuek milioika dolar gastatu zuten gobernuz kanpoko erakundeen bidez, babesa biltzeko eta Ukraina NATOn sartzea eta Errusiari aurre egitea sustatuko zuten erakundeak sortzeko.

CIAren ospea oso kaltetuta zegoenez, Reagan presidenteak aurrerantzean dena modu irekian egin behar zela erabaki zuen. GKE sortu behar ziren; horien artean, Demokraziarako Fundazio Nazionala (National Endowment for Democracy) izan zen nabarmenena. Erakunde horien bidez, AEBetako zergadunen dirua bideratu eta gero eragin nahi genituen herrialdeetan banatu behar zen, herritarren iritzi publikoan eragiteko.

Ukraina bihurtu zen Europan funts horien hartzaile nagusia. Eta ez zen soilik AEBetako gobernua izan, Nazioarteko Garapenerako Agentziaren eta Demokraziarako Fundazio Nazionalaren bidez; erakunde pribatuak ere aritu ziren horretan, hala nola Freedom House eta George Soros-en Open Society Foundation, Europako beste hainbat erakunderekin batera.

Horrela jarri zen abian urte luzez iraun zuen kanpaina, ukrainarren pentsamoldea aldatzeko eta AEBetako proiektuarekin bat egiteko prest zeuden pertsonak sustatu eta finantzatzeko. Manifestazio hura planifikatu eta antolatu zuten talde guztiak, eta hilabete luzez hamarnaka mila manifestariri eusteko gai izan zirenak, AEBek finantzatu zituzten.

Victoria Nuland jendetzaren artean paseatzen eta herritarrei hautetsontzietan aukeratutako gobernuaren aurka matxinatzeko adorea ematen ikustea nahiko lotsagabea izan zen, eta inflexio-puntua markatu zuen estatubatuarrentzat. Gobernu neutralistaren eraispena eragin zen, AEBek agindutako guztia egiteko prest zegoen gobernu berri bati bidea emateko. Are gehiago, Victoria Nuland-ek berak aukeratu zuen Ukrainako hurrengo presidentea, telefono bidezko elkarrizketa batean grabatutakoak agerian utzi zuenez

«Probokatu gabea»

AEBetako proiektuaren hurrengo fasea Ukrainara arma-kopuru izugarriak bidaltzea eta Errusiaren aurka erabiltzeko mehatxua areagotzea izan zen. Orduan hasi zen erabiltzen «probokatu gabeko» adierazpena. Ideia zen Ukrainari NATOn sartzen utzi behar zitzaiola, herrialde guztiek baitute beren aliatuak aukeratzeko eskubidea.

Badirudi herrialde guztiei edozein aliantzatara batzeko aukera eman beharko litzaiekeela. Baina mundu errealean ez da inoiz horrela izaten. Nola erreakzionatuko genuke Mexikok Txinako base militar bat irekiko balu Veracruzen? Ez genuke sekula horrelakorik onartuko. Eta, hala ere, Errusiak antzeko zerbait onartzea nahi dugu. Garai hartan AEBek Ukraina gaur egun bizi dugun gatazkarako prestatu zuten.

Mundua arauak geuk ezartzen ditugun eta gainerakoek bete behar dituzten leku gisa ikusten dugu, baina geure burua arau horietatik salbuetsita. Gogoratu Madeleine Albright-ek esandako esaldi ospetsua: «Gu ezinbesteko herrialdea gara. Besteen gainetik gaude». Beraz, gure ikuspegitik, ezin dira Errusia eta AEB maila berean jarri. Errusiak onartu beharko lituzke AEBek sekula onartuko ez lituzketen gauzak.

AEBetako senatari batzuek argi eta garbi esan zuten: «Gure historian hobekien gastatu dugun dirua da hau. Errusiarrak hiltzen ari gara, estatubatuarrik hil gabe».

Asko pentsarazten du ikusteak zein erraz hartzen dituzten estatubatuarrek beste herrialde batzuetako herritarrak sekula beren herrialderako onartuko ez lituzketen patuetara kondenatzen dituzten politikak. Gertakari historikoak ezagutaraziz, jendeari begiak irekitzea da liburu honen bidez lortu nahi dudana.

https://www.youtube.com/watch?v=tqsLxY4UJc8

joan mari beloki kortexarena

2026-11-08

 


Utzi iruzkina: