AEB zeren bila dabiltza Iranen?
Pascal Lottaz irakasle suitzarra Patrick Henningson kazetari estatubatuarrarekin mintzatu da. Gizon hau analista geopolitikoa da eta albisteak eta analisiak eskaintzen dituen 21 Century Wire izeneko webgune independentearen sortzaile.
Mendebaldeko komunikabideek Irango urtarrileko gertaerei buruz azaldu zigutena benetan gertatu zen ala ez jakin nahi nuen. Zortea izan nuen poliziaren froga batzuk eskuratzeko eta agente probokatzaileek egindako kalteak aztertzeko. Armarik gabe zegoen polizia asko bizirik erre zuten, ikusi nituen frogen arabera. Iranen poliziak ez darama armarik, ezkutuak, borrak eta kaskoak bakarrik. Istilu horiek benetan bortitzak izan ziren. Jendea gobernuaren aurka altxatzen ari zela esan ziguten, herrialdea hautsita zegoela eta sekulako sarraskia gertatu zela. Beraz, gauza horiek egiaztatu nahi izan nituen.
Independentziaren egunean iritsi nintzen eta zuzenean Teherango erdigunera jo nuen. 2 milioi pertsona inguru zen kaleetan gobernuari babesa ematen, denek jakinik edozein momentutan bonbardatuak izan zitezkeela, ordurako AEB mehatxuak igortzen hasiak zirelako. Horrela jabetu nintzen gobernuarekiko eta buruzagi gorenarekiko duten elkartasun masiboaz. Une horretan bertan bazenekien istorioaren zati hori mendebaldeko narratiban guztiz asmatua zela. Geroago, autobusak erreta, larrialdietako ibilgailuak erreta, suhiltzaileak eta erizainak hilda ikusteko denbora izan genuen. Ehunka polizia hil zuten. Oinezko errugabe asko ere. Bizirik erre zituzten poliziei gasolina bota zieten gainera, eta gero ustezko manifestari baketsuek su eman zieten.
Kanpoko probokatzaileak egon ziren, kanpotik etorritako pertsona klabeak, oso ongi entrenatuak. Frankotiratzaile batzuek jendetzaren aurka tiro egin zuten, manifestariak eta poliziak harrapatuz; halaber, jendetza giza ezkutu gisa erabili zuten poliziari tiro egiteko eta poliziak erantzun zezan eragiteko. Hori Sirian, Maidanen eta beste hainbat lekutan ere ikusi izan dugu. Honi guztiari erantsi behar zaio jasaten ari ziren tiroketei poliziak eman zien erantzunaren inguruan komunikabideek hartutako irudien erabilera, hori baita Mendebaldeak gehien baloratzen duena narratiba moldeatzeko orduan. Koloreen iraultza bat eskalatzeko eta indarkeriazko bihurtzeko taktikak dira.
Kaosa bilatzen zuten. Gero AEBek eta Israelek dei publikoak egin zituzten jendea altxatu eta instituzioen kontrola har zezan. Geroago, israeldarrek eta estatubatuarrek beren inteligentzia zerbitzuak bertan aktibo zihardutela onartu zuten. Britainiarrak ere han zirela uste dut. Iranek ordena mantentzea eta egoera kontrolatzea lortu zuela izan zen benetako ezustekoa. Interneterako sarbidea moztu zuten eta horrek oso azkar baretu zuen egoera. Horrela lortu zuten Alemaniako Stuttgart eta Ramstein base estatubatuarrekin koordinatzen ari ziren antolatzaileak geldiaraztea.
Ez dago plan zehatzik. Kontua kaosa sortzea besterik ez da, eta hori da, hain zuzen ere, Iranentzat eta eskualde osoarentzat nahi zena; izan ere, kaosak eskualdea ezegonkortzen du, Txinaren garapena geldiarazten du eta AEBentzat mesedegarri gertatzen da. Kaosa bilatutako zerbait da.
Inork azalduko al dit AEBek zer interes duten azken hiru asteotan ikusi dugun horretan? Nik ez baitut ezer ikusten. Egoerari erreparatzen badiogu, AEBek sinesgarritasun neurri izugarria galdu dute.
"Nazioarteko zuzenbidea hilda dago, ahaztu ezazu" dioten pertsonek ez dute arrazoirik. Baliteke AEBek, Israelek eta Erresuma Batuak ez jarraitzea, baina munduko gainerako herrialdeek bai, eta egin behar dute, bestela kaosa baita. Herrialdeek diplomatikoki komunikatu eta liskarrak konpontzeko sistema bat behar da. Eta hori nazioarteko sistema da, AEBek suntsitu duten ala ez.
Jendeak ez du dirurik besterik gabe banatzen. Israelgo lobbyak 600 milioi dolar inbertitu zuen azken hauteskunde zikloan kanpaina errepublikanoetan bakarrik. Aurrekaririk gabeko diru-kopuruak txertatu dira AEBko sistema politikoan. Trukean deus ez dutela nahi uste al duzu? Itsu izan behar da ez ikusteko britainiarrek Israel sortu zutenean inperioaren beso luze gisa egin zutela, Suezko kanalaren bidezko petrolioaren joan-etorria kontrolatzeko asmoz. Beranduago, estatubatuarrek hartu zuten Israelgo Estatuaren tutoretza. AEBetako politika inperialak Israelgo lobbya du atzean. Honek, segurtasun nazionalarekin eta kanpo politikarekin zerikusia duten Trumpen administrazioko kide guztiak aukeratu zituen. Hori da 600 milioi dolarrek erosten dizutena.
AEBek eskualdean ezin izanen diote eutsi militarren nagusitasunari eta lehen zuten posizioari. Min handia egin diote beren buruari. Ez dut ikusten nola uztartzen den hori AEBen inperioaren nagusitasunaren planean. Beste gauza ezberdin baten aurrean gaudela uste dut. Israelek eta AEBek harreman sinbiotikoa dutela esanen nuke eta AEBak pozik daudela Israelen “Israel Handia” egitasmoarekin, nahiz eta aldi berean horrek beren inperioaren amaiera azkartu dezakeen.
1979an, estatubatuarrak izututa zeuden irandarrak Sobietar Batasunarekin bat egiteko aukeraren aurrean. Ondorioz, gobernu islamiar kontserbadorea aukeratu nahi izan zuten, ezkertiarraren ordez. Kalkulu akatsa izan zen AEBen aldetik. Estatubatuarrek, britainiarrek eta europarrek ez dute Irango zibilizazioaren eta erlijioaren sakontasuna atzematen. Mendetako historiaz ari gara, bere herriaren identitate pertsiarrarekin lotua. 5.000 urteko zibilizazioa da. 1979tik aurrera sortu zen islam politiko mota berri hau mundu osora zabaldu da. Ez dut uste Mendebaldean gai garenik kontzeptu horietako batzuk ulertzeko. Gure politikariek Mendebaldean duten maila baxua proiektatzen dugu besteengan. Eta hori ez da zuzena. Beste herrialde batzuek oso maila altua dute. Errusia adibide ona da.
Reza Pahlevi “Sha” ordezkatu zuen Irango gobernu islamiarra gobernu iraultzailea da, dinamikoa, bizia. 47 urteren ondoren, oraindik indarrean jarraitzen du gobernu iraultzaile gisa. Menperatzea ez da erraza. Irango iraultza islamiarreko gobernuen oinarria antihegemonikoa da. Kontserbadoreak izateko joera dute, baina ez dira antimodernoak. Iran oso antiwokea dela esan daiteke, hori adierazteko modua oso egokia ez bada ere. Independenteak dira eta subiranoak, biziki subiranoak.
Euren programa nuklearraren helburua, programa zibila guztiz, petrolioaren gaineko zigorren ondorioz etorri zen, gerra batean beren petrolioa eta gasa zerbitzuz kanpo gera zitezkeela ohartuta. Gaur egun, hori da Israel eta Trump jarraitzen ari diren estrategia, gizartea suntsitzeko helburuaz. Bermeren bat behar zuten herrialdea martxan mantentzen duen oinarrizko energiaz ongi hornituta egoteko. Beraz, kontua ez zen arma nuklearrak garatzea, nahiz eta Mendebaldeak hori proiektatzen duen.
Ameriketako AEBek eta Israelek munduko alde horretako merkataritza-fluxuen gaineko erabateko kontrola nahi dute. Gero eskualdeko herrialde guztiak desmilitarizatu eta Israelen menpeko bihurtu. Gero eta harroputzago daude. Inork ez ditu geldiarazten.
AEB eta Israel gauza bera dira une honetan. Biko honek arma nuklearrak erabiltzen baditu, onartu beharko dugu aurkaria garaitzeko estrategia batetik deuseztatzera pasatu dela. Eta deuseztapen gerra horretan Gazan erabili ziren formak ikusiko ditugu, Gazakoa deuseztapen eta triskantza misioa baita. Baina 90 milioi pertsona dituen nazio bat suntsitzen saiatzea zoroegia iruditzen zait, baita Etxe Zurian dagoen pertsona honentzat ere.
https://www.youtube.com/watch?v=GOb2HIoUMtA
joan mari beloki kortexarena
2026-03-27

Iruzkinak
Utzi iruzkina: