AEB noranzkoa aldatzen?

AEB noranzkoa aldatzen? EUSKAL HERRITIK | 2026-10-23 23:48

AEB noranzkoa aldatzen?

Larry Johnson, aditu militar gisa CIA Agentzian analista izan zena dugu gaur gurekin. Ukrainako gorabeherez duen ikuspuntua azalduko digu. Glenn Diesen unibertsitateko irakasle norvegiarraren galderei erantzun die.

G.D. Nazio Batuetara gonbidatu zintuzten, gai militarretan aditu gisa esku hartzeko.

L.J. Bai. Eta azpimarratu nahi dut duela bi urte, Segurtasun Kontseiluaren aurrean agertu nintzen azken aldian, Amerikako Estatu Batuetako ordezkaria nahiko oldarkor agertu zela Errusiarekiko. Errusiarren inguruko mespretxuzko gauzak esan zituen. Oraingoan, ez. Gizon hau nahiko neutral agertu zen eta hori oso harrigarria iruditu zitzaidan. Une batean, Vasili Nebenzia Errusiako enbaxadoreari hurbildu nintzaion eta esan nion: «Haluzinatzen ari naiz ala estatubatuarren aldetik guztiz bestelako tonua entzuten ari gara?». Eta hark erantzun zidan: «Beste tonu bat entzuten ari gara». Kontua da gizon hau ez zela bere iritzia ematera mugatu. Aurkeztu zuen adierazpena AEBek Nazio Batuetan duten ordezkaritzak onartua zen.

Europako ordezkarien artean, daniar bat, letoniar bat, frantsesak eta greziarrak ziren. Haien erasoak izugarri bortitzak izan ziren. Baina bilera hartatik ondorioztatu zena AEBen politikan izandako aldaketa nabarmena izan zen. Eta ordutik ikusi dugunak hori berresten du. AEB Starling moteltzen ari dira, eta bai Trump eta bai Rubio argi eta garbi ari dira kritikatzen Zelenski, haren aurka hitz gogorrak erabiliz. Erakunde-mailako aldaketa bat gertatu da. Uste dut AEB dagoeneko fase berri batean sartu direla eta Europak bere kabuz moldatu beharko duela Errusiaren aurrean.

Estatu Departamentuari dagokionez, eta Gerra Departamentuari ere bai, AEBen politikan norabide-aldaketa argia gertatzen ari da, eta aldaketa hori gerra honi amaiera emateko pentsatuta dago. AEB konturatu dira Ukrainako gerra hau galdua dutela. Eta orain galdera hau da: nola aterako gara egoera honetatik geure buruari kalte handiegirik eragin gabe?

Tamalgarria da europarrek Errusiarekiko gorrotoarekin itsututa jarraitzea, horrek erotuta bezala baitauzka. Baina argi dago aldaketa bat gertatu dela, eta Trump ez dela bere iritzi hutsagatik ari horrela jokatzen. AEBen politikan funtsezko aldaketa bat gertatzen ari dela uste dut.

Europarrek ez dute deus eskaintzen arlo militarrean. Militarki, hutsaren hurrengoa dira. Asko hitz egiten dute, baina desindustrializazio-prozesuan daude. Horien armadek ez dute inolako baliorik. Eta, gainera, Zelenski dute hor, 100.000 milioi dolar eskatzen. Herrialde horiek ez dute halako dirutzarik. Guztiak daude dirurik gabe.

Eta droneen ekoizpena handitzen eta droneak jaurtitzen saiatzen ari direla diotenean, uste dut gure lagun Sergei Karaganovek esandakoa berresten ari direla. Mendebaldeak gerra nuklearrari beldurra galdu dio, Errusiaren gaitasun nuklearrari zion beldurra galdu egin du.

Lehenago, batez ere 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko zuzeneko aurrez aurrekoak hainbat gatazkatan gertatu arren —Vietnam, Afganistan, Angola, Erdialdeko Amerika...—, AEBek beti errespetu diplomatikoarekin tratatu zituzten sobietarrak, eta haiekin hitz egin zuten. Errusiarekin negoziazioak egiteak ez zuen ondorio negatiborik ekartzen. Izan ere, arma estrategikoak mugatzeko akordioak eta beste hainbat hitzarmen lortu ziren. Hitz egiten genuen, eta elkarrekiko errespetua zegoen, inork ez baitzuen gerra nuklear batean sartzeko arriskurik hartu nahi.

Europak beldur hori galdu du eta orain Errusia mendekua hartzera bultzatuko duten ekintzak egiten ari da. Errusiak eraso fisikoa eginen dio Europari. Horrek europarren erantzuna eraginen du, eta Karaganoven balorazioaren arabera, litekeena da horrek Errusia arma nuklear taktikoak erabiltzera eramatea. Eta ez Errusiak hori egin nahi duelako, hain zuzen ere.

Ezin dut behar adina azpimarratu europar horiek zein amorratuta eta iraingarri agertu ziren, bereziki daniarrak eta letoniarrak. Baina baita frantsesak eta greziarrak ere. Europako buruzagiak Errusiarekiko gorroto bizia publikoki adierazten ari dira. Herritarren artean, aldiz, gehienok geure buruari galdetzen diogu zergatik ari garen Errusiaren aurka borrokan.

Aurrerantzean Errusia askoz oldarkorrago jokatzen ikusiko dugula uste dut, eta droneak herrialde baltikoen gainean eraitsiko dituela. Horretarako Letoniako, Lituaniako eta Estoniako aire-espazioa urratuko du. Eta, funtsean, hau esanen die: «Begira, gustuko ez baduzue, utzi droneak jaurtitzeari. Bestela, etorri guri eraso egitera, eta elkar kolpatuko dugu».

Errusiarrak benetan nazkatuta daude. Pazientziaren mugara iritsi dira, eta Vladimir Putin orain arte jendea geldiaraztea lortu duen arren, uste dut dagoeneko ezin duela kontrolatu. Errusiarrak haserre daude droneengatik eta jaurtitzen ari diren horiek garesti ordainduko dute. Benetan txundituta nago. Gerra Hotzean, hau pentsaezina zen.

«Errusiako findegi guztiak hondakin bihurtu behar dira. Hori da gure helburua» diote kameren aurrean Europako buruzagiek. Orain, beste urrats bat eman da: Errusiaren barruan irismen luzeko erasoak egitea, eta, gainera, NATOren aire-espazioa erabiliz. Horrek gutxienez eztabaida bat mereziko luke, ezta? Baina ez dago halakorik, eta gai hori planteatzen duen edonori Errusiako propaganda dela esanen diote. Guzti honen arduragabekeria sinestezina da.

Mendebaldeko publikoari helarazten ari zaizkion gezurrek Errusiaren gaitasunen irudi faltsua sortu dute. Mendebaldeko askori sinetsarazi diote Errusia ahula dela, giza galerak izugarriak izaten ari dela eta ekonomia erortzeko zorian duela; horrenbestez, nahi dugun guztia egin dezakegula. Errusia erraz menderatzeko moduko aurkaria dela, alegia. Ba, tira!, Errusiari horrela aurre egiten badiozue, zuen heriotza-zigorra sinatzen ari zarete. Errusia ez da jolasean ari.

Dagoeneko 30 urte baino gehiago daramagu Mendebaldeak Errusia etsai gisa hartu zuenetik. Errusia bazkide bihurtu beharrean, ekonomikoki ustiatzeko helburutzat hartu dugu, militarki beldurtu eta kikildu dezakegun herrialdetzat.

Putinek benetako miraria egin du Errusiako armada eta ekonomia modernoak, indartsuak eta dinamikoak bihurtuz, Mendebaldea kontrakoa dela itxurak egiten saiatzen den arren. Eta, hala ere, Mendebaldeak Errusiaren aurkako gerra nahi du. Horren zentzugabekeria argien erakusten duen adierazleetako bat artilleria-obusen ekoizpena da. 2022ko apirilean, Errusiak urtean 155 mm-ko 425.000 obus inguru ekoizten zuen, eta NATOk, osorik hartuta, 350.000 inguru. Gaur egun, Errusiak urtean 4.300.000 obus baino gehiago ekoizten du. Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak esan zuen bezala, Errusiak NATOk eta AEBek elkarrekin urtebetean ekoizten dutena baino gehiago ekoizten du hiru hilabetetan.

Beraz, Mendebaldeak bere buruaz duen fantasia hori —nagusitasun militarra, industria-gaitasun itzela eta teknologiarik onena dituela dioen ustea— gezur eta autoengainu hutsa besterik ez da. Errusiak gai honi AEBek eta Europak baino ikuspegi estrategikoagoz heldu dio.

Egoera amorragarria da, eta errusiarrak pazientzia handia izan du. Eta, egia esan, ez dut ulertzen hainbeste zabaldu den errusofobia, ezta haserre hori ere, ezta Vladimir Putin esteroideak hartzen dituen Adolf Hitler baten moduan aurkeztea ere. Inork ez duela historiarik irakurtzen dirudi.

Hala ere, AEB presioa bereziki Europari eta Zelenskiri ari zaie eragiten, zeharkako gerra honi amaiera ematen hastea helburu duen presioa. Beraz, nahiko laster aurrerapauso batzuk etorriko direla pentsa liteke.

https://www.youtube.com/watch?v=Sq6w9SLPhaE

 

 

 


Utzi iruzkina: