AEB Iran erasotzeko prest

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2026-02-25 23:59

belokijmari@gmail.com 1772060509066

Aurreko bideoetan Scott Ritter militar estatubatuarrak eta Mohammad Marandi intelektual irandarrak Iran jasaten ari den presioaren inguruan dituzten iritziak eta gerta litekeen gerraren inguruko aurreikuspenak ezagutu ahal izan ditugu. Gaur analista britainiar baten iritzia eta aurreikuspena dakargu, errealitatea urrutiagotik ikusten duen pertsona batek eskain dezakeen ikuspuntu orekatuago eta lasaiago batetik emana. Alastair Crooke da bera.

Antzinako Erromara itzuli gara eta enperadoreak erabakitzen du gerra izanen den ala ez.

Ez dirudi Iranen aurkako aire-eraso batek Estatua kolapsatzea edo lidergoa aldatzea eragin dezakeenik.

Teherango kaleetan ez dago zer babestu. Ez dago oposizio antolaturik Teheranen. Israeldarrek diote oso informazio gutxi dutela Irango zaindariei buruz eta ezinen luketela deskribatu nor izan litezkeen hautagaiak eta nor legokeen lidertzan.

Irandarrek esan zuten erasoak jaso ezkero erabateko gerrara joanen direla, inolako kontzesiorik gabe eta helburu estrategiko bakar bat ere saihestu gabe. Erabateko gerra izanen da.

Trumpek zer erabakiko ote du? Bere jendea esaten ari zaio, "Begira, Trump jauna, Iraken aurrean izan genuen baino suzko botere handiagoa dugu orain. Itsasontzi eta hegazkin talde handiena dugu inguruan. Sartu, bere defentsa guztiak suntsitu eta estatua eraitsiko dugu”.

Gerra teknologikoa izanen da. Txinak laguntza teknologiko handia eman dio Irani. Eta radarrak jarri dituzte Iranen. Beren satelite sarerako hargailu bat ere badute, oso datu zehatzak biltzen ari dena, metro baterainoko zehaztasunarekin.

Arrisku handia da Trumpek hartuko duena. Dirudienez, jendea ez da ohartzen gatazka Ekialde Ertain osora heda daitekeela eta Errusia eta Txina tartean sar daitezkeela. Dagoeneko baditugu Errusiako gerraontziak Irango Bandar Abbas portuan atrakatuta, eta Errusiako beste gerraontzi batzuk ere irandarrekin batera Ormuzko itsasartean ariketa batean parte hartuz. Ormuz 4 orduz itxi zuten, jendeari ixteko gaitasuna dutela gogorarazteko. Arraroa da isiltasuna, ezer ez balitz bezala ari da gertatzen.

Gerra honen osagai nagusia Israel da. Hainbat marra gorri oso argi daudela esan du Netanyahuk. Uranio-aberastasun zero egon behar duela esan zuen lehenik. Gainera, aberasteko zentrifugagailu guztiak kendu behar dira. Dena suntsitu behar da. Bigarren marra gorria -esan zuen- misilak dira. Israelera irits daitekeen edozein misil, 300 km baino gehiagoko irismena duena, suntsitu egin behar da. Hirugarren marra gorria Iranek lotura guztiak etetea Hezbolarekin, Hamasekin, Irakeko taldeekin eta abarrekin.

Irakeko Aiatola Al-Sistani handiak esan zuen, "Irango buruzagi gorenaren aurkako erasoa badago, AEBen eta Israelen aurkako Jihad globalera joanen gara". Hashad taldeetako buruzagietako asko martirio ziurtagiriak sinatzen aritu dira, AEBen eta Israelen aurkako borrokan martiri izateko prestutasuna adieraziz. Beraz, Iraken, Libanon, Yemenen… arazo handiagoen aukera izugarria da.

Irandarrei esan zaie, gai nuklearrari buruzko akordioaz gain, Netanyahuk azaldutako beste puntuak ere onartu behar dituztela, alegia, misilak eta proxi indarrak. Hau guztiz onartezina da irandarrentzat. Ados baleude gai nuklearrari buruzko benetako kontzesioak egitearekin, eta hori ez dut uste gertatuko denik, Mendebaldearen zigor guztiak kentzearen eta bere diru izoztua itzultzearen truke izan beharko luke.

AEBen inteligentzia zerbitzuak esan duenez, 2003tik ez da Iran arma nuklearretara aurreratzen ari den ebidentziarik. Irani eraso egiten badiote, denek ulertuko dute AEBak konbentzitzeko modu bakarra arma nuklearrak edukitzea dela. Hori ulertu zuen Ipar Koreak.

Israelek ba ditu arma nuklearrak. Estatubatuarrek eman zizkieten. Baina, ikuskatuta al daude? Ba al dute horren inguruko murrizketarik? Ez, beraz, aurrerantzean arma nuklearrak nonahi egonen dira.

Erabateko gerra existentziala izanen da. Munduko 10 teknologia- eta ingeniaritza-institutu nagusietatik lau Iranen daude. Teknologian eta armagintzan esperientzia handia dute. Lider gorenak oso erantzun argia eman zien. Irandarrek ez dute inolako konpromisorik espero, erabateko gerrarako prestatzen ari dira.

Arretaz begiratu beharko den lehenengo gauza Israelera iritsiko diren misilak izanen dira. Horiek laster hasiko dira. 2025eko ekainean israeldarrak izan ziren Trumpi su-etena negoziatzeko eskatu behar izan ziotenak, Irango misilak eragiten ari zitzaizkien kaltea zela eta. Jendeak ikusi beharko luke Errepublikaren egunean nola milioika pertsona atera ziren Estatua babestera.

Ormuzko itsasartea ixten bada, Golkoko herrialde txikiek ezin izanen dute beren petrolioa eta gasa esportatu. Irandarrek luze itxiko dute erasoa jasoz gero, eta gero lizentzia berezi batekin utziko diete pasatzen kolaborazionista ez direnei. Baina AEBei Iranen aurkako erasoan bere instalazioak erabiltzen uzten ari zaizkien eskualdeko estatuak ez dira neutralak.

Bi arrazoi ditu Iranek eraso prebentiborik ez egiteko. Bat da Iranek gerra islamiarraren balio moralak jarraitzen dituela. Haiek badute gerra justua zer den ulertzeko modu bat, eta gerra justu baten bertsio xiitan ez da aurkari baten aurkako ustekabeko erasorik egiten, abisua ematera behartuta daude. Islam xiitak suntsipen masiboko armak debekatuak ditu. Gerra bat hastea moralki eztabaidagarria dela uste dute. Aitzitik, Munichen esan berri digute AEBetan ez dagoela nazioarteko zuzenbiderik, ez dagoela moraltasunik. Zuzena boterea eta indarra dira.

Bigarren arrazoia da Txina, Errusia eta BRICS erakundeekin aliantza baten parte direla. Hegoalde globala Lerrokatu Gabeko Herrialdeen Mugimenduaren garaian ezarri ziren printzipioei leial mantentzen da. Oso argi dute subiranotasuna errespetatu egin behar dela eta besteekin kontsultatu behar dela. Halako borroka existentzial batera iristen garenean, azken erabakia Iranena izanen da, baina entzuten dute eta Errusia esaten ari zaie ez dela ideia ona irandarrek hastea gerra. BRICSen balio moralak lehenesten dituzte, ez dute mendebaldeko bidea jarraitu nahi.

Errusiak laguntza eskaini dio Irani gerra elektronikoaren eta zibernetikoaren arloan. Txinak bere satelite bidezko lokalizazio-sistema eskaintzen lagunduko du. Kostaldearen parean gerra elektronikorako ontzi bat dute, Txinako sateliteetara iristen dena. Inguruan urpekoak detektatzeko gai ere bada, eta sateliteen datuak zuzenean Irango misil hirietara transmititzen ditu. Txinak ere oso radar aurreratua eman die, 700 km-ko distantziara ezkutuko hegazkinak detektatzeko gai dena.

Bestelako gatazka mota bat izanen dela uste dut. Radar sistemen biziraupena, datuak transferitzeko gaitasuna, datu egiturak interferitzeko saiakerak nagusituko direla uste dut. Ez dira tiro egiteko eta ihes egiteko erasoak izanen, non AEBek hegazkinak bidaltzen dituzten, bonbardaketa handiak egiten dituen eta gero atzera egiten duen eta hurrengo egunean berriro bonbardatzera etorriko diren.

Honek bultzada handia emanen die BRICSi. BRICSek ez du solas foro gisa bakarrik geratu nahi, hori izan baitira orain arte. Gatazka honek bultzada handia emanen du BRICSek pentsa dezaten nola erreakzionatzen duten kolektiboki haien aurka hartutako neurrien aurrean. Agian Mendebaldea zigortuz, Txina jada eskala txikian egiten hasia den zerbait, edo baita erantzun militar koordinatua emanez ere.

https://www.youtube.com/watch?v=LUwcRXFkJ24

joan mari beloki kortexarena

2026-02-25


Utzi iruzkina: