AEB eta Errusia, bidaide?
Ray McGovern eta Larry Johnson CIAko agenteak izan ziren erretiroa hartu aurretik. Gaur analista politiko gisa dihardute eta oso egokiak dira argia ekartzeko estatubatuarrak eta errusiarrak egiten ari diren elkarrizketen inguruan.
Pascal Lottaz: abenduaren 2an AEBetako ordezkaritza Vladimir Putin eta bere taldearekin bildu berri da Moskun. Konpromisoren batetik hurbil gaudela dirudi. Zer deritzozue bost orduko bilera honi?
Ray McGovern: oso interesgarria da Marco Rubio han egon ez izana. Baztertu egin dute. Eta gauza bera gertatu da europarrekin, bi aldeen gerturatzearen aurka irmoki agertu baitira. Harreman ekonomikoen zabalkundeaz hitz egin zuten, baina ez da hainbat urtetan gertatuko. Benetan adostu zen gauza bakarra izan zen 28 puntuez geroagoko data batean hitz egitea. Garrantzitsuena da lurralde kontuak jorratu zirela, benetako oztopoa. Trump akordio batean interesatuta dagoela erakusten duten frogak daude. Azalpena behar duena da Trumpek zergatik duen presa.
Larry Johnson: bilera honen benetako helburua errusiarrei 28 puntuko agiria ofizialki aurkeztea izan zen. Hori izan zen gai garrantzitsuen inguruko negoziazioen hasiera. Errusiarrek saihestu egin nahi dute gatazka nuklear batera iristea. Bilera horren aurretik, Trumpek bertan behera utzi zuen Ukrainarentzako laguntza militarra. Benetako negoziazioetarako oinarriak finkatzen ari dira orain. Akordioa lortzea espero dute biek, baina sei hilabete eta urtebete artean beharko du.
Ray McGovern: errusiarrek nolabaiteko malgutasuna ikusten dute Trumpengan. Vladimir Putinek Dmitriev bidali zuen Miamira, Witkoff eta Kushnerrekin hitz egitera. Badirudi Witkoffek aldez aurretik elkarrizketarako puntuak eskatu zizkiola hasteko. Trump konturatu zen Kelloggek eta Rubiok gezurretan aritu zitzaizkiola. Hau da Estatu idazkaria NATOko ministroen bilera batera aurkezten ez den lehen aldia. NATO mespretxatua izan da, europarrak mespretxatuak izan dira eta Zelenski ere bai, Witkoff berarekin biltzea espero baitzuen.
Larry Johnson: hau guztia benetako negoziazioetarako lehen prestaketa da. Hemen ikusten ari garena 2015eko urtarrilean Debaltseveko guduan gertatu zena baino eskala askoz handiagoan errepikatzea da. Ukrainarrek porrotari aurre egin behar zioten eta Merkel Moskura joan zen eta Putin konbentzitu zuen Minsk 2ko protokoloa sina zezan. Hollandek berretsi egin zuen esanez, "Minsk 2 amarru bat izan zen borrokak gelditzeko, horrela ukrainarrei suspertzen eta berrarmatzen laguntzeko, gerran jarraitu ahal izateko". Hori da hemen gertatzen ari dena, azken hiru hilabeteetan Errusiak 86 herri eta hiri hartu dituelako eta orain lurreko indarrak dituelako lurraldea hartu eta kontrolatzeko. Mendebaldea ikaratuta dago, erabat izututa, Europa bereziki. Horregatik eskatzen dute Ukrainarentzat 800.000 soldaduko armada, Alemania, Frantzia eta Erresuma Batuko armadan guztira 500.000 baino gutxiago direnean. Horrek erakusten du zein etsita dauden.
Larry Johnson: Europa eta AEBak dibortziatuta daude edo behin-behinean banatuta. Ustelkeriaren arazoa aipatutako 100 milioi dolarrak baino askoz handiagoa da. 50.000 milioi inguru dira. Ustelkeriaren historia urak are gehiago nahasteko ari dira zabaltzen. AEBetako Kongresuko 23 kidek, gutxienez, Zelenskiri bidalitako milioika dolar jaso dituzte, ondoren herrialde baltikoetako bankuetara desbideratu zirenak. Diru hori AEBetako eta Europako politikariak, Kaja Kallas eta abar “malgutzeko” erabili zen.
2022ko martxoan, Istanbulen onartutako akordioaren zirriborroa ukrainarrek aurkeztu zuten. Errusiarrek gauza bakarra nabarmendu zuten: armada 85.000 soldadutara mugatzea. Donetsk eta Luhansk Ukrainaren kontrolpean jarraituko zuten. Gero Ukrainak akordioa baztertu egin zuen. Ondorioz, Vladimir Putinek 2024ko ekainean planteamendu berria azaldu zuen: “Bost probintzia zaharrak Errusiar Federazioaren parte dira orain. NATOk alde egin behar du erabat. Zuen armada murriztu egin beharko duzue eta hauteskundeak egin beharko dituzue. Zelenskik ez du zilegitasunik negoziatzeko”.
Itsaso Beltzean bi petrolio-ontziei egindako azken erasoarekin argi geratu da, berriz ere gertatuz gero, Errusiak Itsaso Beltza erabat itxi ahal izanen duela, Odessari enbargoa ezarri ahal izanen diola eta Ukrainara doazen itsasontziak abordatu ahal izanen dituela, nahiz eta frantziarrak, britainiarrak edo estatubatuarrak izan. Horrek eskalada esanguratsua ekarriko luke.
Ray McGovern: Kieven oraindik uste dute lor dezaketela armarik, dirurik eta indarrik ez duten europarren babesa. Zenbat denbora beharko dute europarrek jokoa amaitu dela konturatzeko? Rubio, Kellogg eta Zelenski bezala baztertuak izan dira. Orain prozesua Errusiako Atzerri Ministerioaren esku dago eta Putin-Trump goi-bilera antolatze lanetan ari da, baldintzak betetzen direnerako.
Larry Johnson: Errusiarentzat Ukraina desmilitarizatzea eta desnazifikatzea funtsezko bi helburu dira. Estatubatuarrek errusiarrek esaten dutena entzun beharko lukete.
Ray McGovern: Europako buruzagiak galtzaile dira honetan, eta hurrengo urte eta erdian kargugabetu eginen dituzte. Beraz, interes pertsonala dute hau dagoenean mantentzeko. Orain bandera faltsu baten erasoaren beldur naiz. Orain arte ikusi duguna baino handiagoa izanen litzateke. Europarrak horretarako gai dira, batez ere britainiarrak. Hori izanen litzateke hau guztia pikutara bota lezakeen gauzarik garrantzitsuena.
Bilera luze horrek zergatik behar izan zituen bost ordu? Ukrainan epe luzerako akordio baketsu baten aukerak sakon eztabaidatzeko aukera izan zelako. Funtsezko interesak eta segurtasun-arkitektura berria. Ez zuten xehetasunik aipatu, baina bai lurralde kontuak.
Putinek irailaren 22an pauso garrantzitsu bat eman zuen: "Start-a otsailaren 5ean hilen da. Ongi legoke markatzen dituen mugei erreparatuko bagenie. Muga horiek urratzeari buruzko moratoria bat ezartzeko prest gaude, zuek ere hala egiten baduzue”. Trumpek ideia ona iruditu zitzaiola esan zuen. Horretan datza benetako amaiera. Izan ere, Trumpek ezetz esanen balu, otsailaren 6an gure hegazkin bonbaketariak gailu nuklearrez hornituak izanen lirateke, hori baita Kongresuko lege batek zehazten duena. Hori izanen froga erabakigarria. Trumpek ezetz esaten badu, konplexu militar industrialarekin eta estatu sakonarekin aliatuta dagoela esan nahi du. Baietz esaten badu, Putini benetan gustatuko litzaiokeen akordioa bultzatu ahal izanen du.
Larry Johnson: Errusiak 30 urte darama NATOren hedapena eta erasorako entrenamenduak ikusten. Duela 30 urte baino aspaldiagotik, Ukraina de facto NATOko kide izan da. Errusia ez zegoen horri erantzuteko moduan, ez militarki, ez teknologikoki, ez ekonomikoki. 2022an, azkenik, planto egin eta "Hau bukatu eginen da" esan zuen.
Errusiak harreman positiboa izan nahi du Mendebaldearekin, baina europarrek ez dute elkarlanik nahi. Nerabe haserrea baino okerragoak dira.
Ray McGovern: errusiarrak Txinara begira daude. Txina eta Errusia modu banaezinean lotuta daude une honetan. Hori da azken aldiko indar-korrelazioko aldaketa tektonikoa.
Pascal Lottaz: errusiarrek atzealdea ziurtatu nahi dute eta Asiako etorkizunerantz aurrera egin. Kontua da nola ziurtatu ez dizutela inoiz hozka eginen.
https://www.youtube.com/watch?v=7CMlcWBZT0I
joan mari beloki kortexarena
2025-12-08

Iruzkinak
Utzi iruzkina: