%25etik osotasunera

%25etik osotasunera EUSKAL HERRITIK | 2026-07-13 14:29

%25etik osotasunera

José Manjón Espainiako Geopolitika Institutuko kidea da eta maiz azaltzen ditu bere iritziak Negocios TV telebista digitalean. Gaurkoan Konstantinovka errusiarren esku geratu izanaren balorazioa eskatu diote.

Zu ahula zarenean etsai indartsu bati kolpe gogor bat ematen badiozu, etsai indartsuak zuk eman diozun kolpea baino askoz gogorrago erantzunen dizula da ondoren izanen duzun arazoetako bat. Gogora dezagun azken astean ez dela gasolindegi bakar bat zutik geratu Ukrainan, erregaia banatzeko sare guztiak airean ibili direlako, Krimean egin zenari erantzunez. Errusiak Ukrainak egiten duenari neurri bikoitzean edo hirukoitzean erantzuteko gaitasuna du.

Gogora dezagun duela aste batzuk Mendebaldeak Moskuren eta San Petersburg-en aurkako erasoak txalotu zituelarik, Errusiak Kiev-en eta Ukrainako hirien aurkako erasoak bikoiztu eta sutan jarri zituela. Gogora dezagun Kiev-eko aldiri batean uranio pobretua duen arma biltegi bat bonbardatu zutela, hodei toxikoa eraginez eta jende asko herritik alde egitera behartu zuena. Errusiak, eraso egiten dioten bakoitzean, kolpeak itzuli egiten ditu. Gogora dezagun aurretik Ukrainako droneek eskola-autobusei, ikastetxe nagusiei eta biztanleria zibilari egindako erasoak izan direla.

Errusiako herritarrek ez dute deus negoziatu nahi. Eta gerra psikologiko honek, alde batetik, herritarrek gobernuarengan duten konfiantza ahuldu baldin badezake ere, bestetik, jendearen erresistentziarako borondatea handitu egiten du. Ondorioz, errusiarrek orain beren etsaiarekiko sentitzen duten gorrotoa askoz handiagoa da gatazkaren hasieran sentitzen zutena baino. Eta oraintxe bertan ura baretu nahi duen edozein politikari errusiar galduta dago, Errusiako iritzi publikoaren joera erabateko garaipenera arte berdin jarraitzearen aldekoa baita.

Denbora Errusiaren alde dago. Beraz, gogora dezagun hain amorragarria iruditzen zaigun gerra honetan Errusiaren helburua ez dela nagusiki lurra konkistatzea, baizik eta Ukrainari posizio horietan ahalik eta lanesku eta baliabide kopuru handienak suntsitzea. Gerrako mapei erreparatzen badiegu, errusiarrek normalean ez dute sekula leku bat ixten. Poltsa bat egiten dutenean, beti uzten dute bide bat libre etsaiak tropak bertatik sar ditzan, gizonengan eta materialengan ahalik eta higadura handiena eragiteko.

Errusiak gerra hau infinituraino eraman dezake, benetan gaitasun militarrak, teknologikoak, baliabideetakoak eta era guztietako lehengaiak dituelako. Armamentu industria propioa du, oso garrantzitsua dena, eta Ukrainak ez. Beraz, errusiarrek Ukrainako estatua pixkanaka-pixkanaka kolapsora eraman lezakete. Noiz iritsiko da kolapso hori? Ez dakigu, baina Errusiak 10 edo 12 urtera arte luza lezake gerra, urte horien amaieran Ukrainaren egoera guztiz jasanezina izanen delakoan.

Gogora dezagun gerra boskarren urtea betetzen ari dela eta, ziurrenik, oso luze joko duela. Zenbat eta gehiago iraun, orduan eta okerragoa izanen da Ukrainaren egoera. 2022. urteko Istanbul-go elkarrizketetan Ukrainak zuen posizioa nahiko ona zen. Gaur egun horrelakoa pentsaezina da, ezin izanen baitu inola lortu Vladimir Putinek 2022. urtean emateko asmo zuena. Ukrainako egoera okertu egiten da urtetik urtera.

Zein da Ukrainak duen irtenbide bakarra? Moskuri leherketa handiak eraginen dituzten kolpe mediatikoak antolatu eta honela zerbait irabazten ari denaren itxura eman. Baina frontean errealitatea erabat suntsitzailea da. Ukraina barrutik desegiten ari baita. Errepikakorrak eta astun xamarrak izanen gara, baina kontua da gerra hau ez dela guk nahi dugun gerra, ez da Mendebaldea nagusitzen ari den gerra distiratsua. Lehen Mundu Gerraren tankerako posizio-gerra da hau. Errusiarrei komeni zaien gerra da eta ez da batere ikusgarria.

Konstantinovka hartzeak Donbass-ko gerraren ia amaiera suposatzen du. Errusiarrak Donbass-ko azken gotorleku ukrainarra den Slaviansk-etik 3 kilometrotara daude. Hilabete batzuk barru, urtebete barru agian, Donbass oso-osorik errusiarren eskuetan egonen da. Kontutan hartu behar da 2022. urtean Donbass-ko matxinoek lurraldearen %25 bakarrik menperatzen zutela. Geroztik, sistematikoki, gupidarik gabe eta egunero, lurralde osoaren zati bat liberatu da. Eta horrek berdin jarraituko du luzaroan, harik eta kolapsoa gertatzen den arte.

https://www.youtube.com/watch?v=sT2-rAChrgU

joan mari beloki kortexarena

2026-07-1


Utzi iruzkina: