Encarnación Hiriye

neroni@hotmail.com 1634606496368

 

Ohartu ezkeitino, Paraguayko muga gehienak errekak dira. Erreka handi eta sakonak, berez, kilometro asko daukiezanak, Paraná, Paraguay, eta Araguay dira errekok, eta mugetatik hiru laurden edo betetan daurez. Hegoaldien batez be, Parana errekea da mugea eiten dauana, eta bere ertzetan zenbait hiri garrantzitsu topa lei.

Hirion artien Encarnación hiriye dago. Hegoaldeko mugan kokaute dago, urtegi baten ondoan, eta aurrez-aurre Posadas Argentinako hiriye deko. Paraguay iziteko nahiko hiri handiye da, hain zuzen be, hamargarren handiyena. Asuncionen aldean politaue da, etxe abandonatu gitxiau deko, baie kaliek bardin-bardin kuadra karratuetan dagoz antolaute.

Bestealdetik zenbait pisutako etxiek ugariyek direz, baina gehien-gehienak pisu bakarrekoak dira ortutxoa eta guzti. Espaloietan zugatx asko dagoz,eta mangondoak oso ugariyek direz.

Encarnacion peninsula antzeko lur mutur baten kokaute dago, alde guztiyetatik Yaciretá urtegiak inguratzen dau, baina justu lurregaz bat eiten dauan lekuen Argentinagazko mugea dago.

Bere inguru guztiyen Costanera izeneko lur eremuek dagoz. Berez ur ertzak dira, baina bertatik abenidek igarotzen deurie, eta udan jendearen denbora pasarako guneak direz. Gaur bertan agure bat ikusi dot kometa pare bategaz, eta esan daustanez jende gehiago joaten dire horretarako.

 

Eguneko haizeak

zelaire ekarri

agureak kometa

aideratzen jarri

bat-batean kometa

ihesean pozgarri

askatasun gogoak

hori deko sarri.

 

Agurea atoan

korrika atzetik

galduko ete eban

eutsola gurarik

hegoak moztekotan

ezin egin ihesik

kometa batek baina

ez deko hegorik.

 

Beragaz berba iteko

lotu nentzen bertan

ta gizona pozarren

ikusiaz bueltan

aipamentxoa egin

ta une horretan

Erabili nahi neban

hortxe eskaini eustan.

 

Eta haizean aurka

genduala bota

kometak teink egiten

eban bere soka

gobernatzea bera

zan nire erronka

askatasun gogoak

indarra deko ta.

 

Zuzen zerure jota

eta ez tatarrez

tero txoria hurbildu

jakon gogo txarrez

nahiz ta txikerragoa

zan txoria eurrez

erasotzen eutsan, ba,

belatza balitz lez.

 

Denporea kontura

barik iragan zan

gizonari kometa

nik itzuli notsan

lotu nintzan orduan

gogoetagintzan

apurtxo baten barriz

ume izan nintzan.

 


Utzi iruzkina: