Bukatu da, bukatu da!
Ikasturte ederra joan da; gogoz hasi genuen eta gogoz hartu dugu uda ere.
Izan ditugu hamaika istorio, abentura, plan eta ikasteko aukera, ezagutu dugu inguruan zebilela ez genekien jendea ere, eta hitz egin dugu erruz euskaraz. O, bai, mintzo izan gara batekin, bestearekin, astean behinekotik aurrera, beti euskaraz!
Txokoaldeko Txalaparta Txokora joan ginen azaroan, gogoratzen? Hura bai erritmoa Oreka TXeko lagunena, eta ez zitzaien perkusiorako tresnarik falta.
Abenduan San Tomas talo afaria egin genuen. Bai, bai, egin: geuk jo eta erre, eder askoak zeuden. Ia bazirudien Ataungo Talogileak genituela geure artean!
Literatura Lehiaketa ere izan dugu azken aldian. Lan ugari jaso ditugu, kalitate handikoak, noski, eta nahikoa lan izan dute epaileen txapela nori eman aukeratzen. Azkenean asmatu zuten, ordea: Mikel Rezola garaile, eta Olatz Alllur eta Uxue Fernandez aipamenetan. Sari banaketa ekitaldia ere ederra joan zen, Txiribogakoei esker, tortilla eta sagardoz lagundurik.
Ikasturtea amaitzeko afari bikaina izan genuen Artzabalen, jokoz lagunduta, gainera: zenbat pisatuko ote zuen gaztak? Yulik bai asmatu, eta gazta osoa beretzat.
Esan bezala, ederra joan da ikasturtea. Orain oporraldia datorkigu, lanak atsedenari utz bekio tokia, hura ere ondo hartuko dugu eta. Baina ez kezkatu, hau ere gero arte bat baizik ez da, irailean bueltan izango gaituzue, indarberrituta eta saltsarako desiatzen.
Beraz, aprobetxatu zuek ere oporrak, segi euskaraz eta bixi bizi!
Irailera arte,
Etumeta AEK Euskaltegia
Iruzkinak
Utzi iruzkina: