Egunak

estraperloan 1456132389315 Estraperloan | 2007-10-03 21:45

Hileak dira ez zeniola bizitarik egiten. Udaberrian ikusi zenuen azken aldiz. Urtaro horretako txatxukeri erromantikoek bihotza ukitu zizuten antza eta urreratzea erabaki zenuen. Ez zeneukan bere berri jakiteko gogo askorik. Bazenekien non zegoen. Urte 2 dira ez dela lekuz aldatu. Gainera, Anderrek ematen dizu bere berri elkar ikusten duzuenetan. Badakizu jakin, Anderrek inoiz ez dizula barkatu. Anaia, anaia da. Badakizu baita ere modu bakarra dagoela Anderrekiko harremana lehengora bueltatzeko. Baina beno, gaur etortzea erabaki duzu. Edo erabakiarazi dizute. Ez da gutxi.

 

Trenean ezeri zara. Leku asko egon arren, norabidearen kontra jesartzea erabaki duzu. Kilometroak igarotzen ikusten zabiltza. Etxe bat eskerretara atzean laga, baserri zahar bat eskuinetara... Badakizu jakin hori ez dela bide egokia. Joana, iragandako zerbait dela. Zaila dela aldatzea. Zure buruari min ematen zabiltza. Baliteke hori nahi izatea. Egindako bekatuaren penitentzia egin nahi duzu. Joño Mikel! Ez zela zure errua izan! Ez ezazu zure burua horrela zigortu. Ez du zentzurik. Ez du merezi.

 

Mila aldiz galdera bera egin diozu zeure buruari. Mila aldiz madarikatu egun hura. Hau horrela izan balitz, horrela irten balira, utzi ez banio... Bizitza baldintzaz beterik dagoela ohartu zara. Baldin eta hau, baldin eta bestea... bizitza baldintzaturik dago. Patuan sinetsi izan duzu beti, bakoitzaren geroa idatzirik dagoela dioten horretarikoa zara. Baina ez zaude ados zuri egotzi dizutenarekin. Urte bi dira ez duzula lo ongi egiten. Urte bi gauero amesgaiztoren batekin esnatzen zarela. Baina ohartu zaitez Mikel, hemen zaudela, konturatu zaitez bizitzak bigarren aukera bat eman dizula zuri, patu edo dena delako horrek bizitza berri baten aurrean utzi zaituela. Ez ezazu aukera hau galdu. Saia zaitez iraganeko akatsak konpontzen, ahalegindu bizitzari norabide berri bat aurkitzen.

 

Ezin duzu. Aspaldi eman zenuen amore. Etsipenak gain hartu zizun egun hura behin eta berriz madarikatzen duzu. Buruan duzun gauza bakarra gaur ez zenukeela bisitarik egin behar da, bisita zuri egin beharko zizuketela. Egoskorra zara!

 

Negua da. Euriak ez du atsedenik hartzen. Inguru dena putzuz beterik daude. Begi bistan dituzu azken egunetako elurteak zuritutako mendi gainak. Zuri daude goialdeak, zuri zure burua; hotz egiten du kalean –negua da-, hotz zure barnean. Baina hotz hori erre nahian dabil zure barruan pizturik dirauen sugarrak. Zentzu bako antitesi bat dirudien arren horrela dago zure barrena. Horrelatsu zaude zu. Zuhaitzak biluzik daude –negua da-, biluzik dago zure egunerokotasuna. Etxean ez dute zure berririk ez bada amak deitzen dizulako, lagunekin ez zara asteetan batu, lankideekin ez duzu hitzik trukatzen... Bai Mikel, negua da zure bizitzan. Luzaroan irauten dagoen negu hotz, gogor eta zuria.

 

Trena geltokitik gero eta gertuago dago. Laster du amaiera burukomina eragiten dabilkizun triki-traka hotsak. Trena habiatu denetik zurekin batera egon da, bidaia-lagun izan duzu musika desatsegin hori. Etengabeko borrokan garaile izan da trenean ozta-ozta entzun zenezakeen musika klasikoaren kontra. Berehala jaiki beharko duzu ahulki gogor eta deserosotik. Berehala murgilduko zara berriz ere errealitate gogor eta deserosoan.

 

Gelditu da trena. Zabaldu dizute atea. Pausu bat egin duzu aurrera. Pausu bakar hori nahikoa izan duzu nasara irteteko. Bertan geratu zara pixka batean. Zutik. Geldi. Irmo. Atzera egitea pentsatu duzu une batez. Etxera eramango lizukeen trenaren zain egotea igaro zaizu burutik. Mikel mela-mela geratzen zabiltza. Ohartu zara. Eta berriz ere bideari ekin diozu. Aspaldian egon ez zaren arren ez duzu bidea ahaztu. Hankak berez doaz. Guardasola trenean utzi duzula konturatu zara. Berdin dio. Olentzerotan etxekoek oparitu dizuten gabardina ona izango denaren esperantza duzu.

 

*****

            Txikitatik ezagutzen zuten elkar Mikelek eta Igorrek. Haurtzaindegitik unibertsitatera heldu arte elkarrekin egin zituzten ikasketa denak. Txikitako makina bat bihurrikeri  konpartitu zituzten. Biak bat ziren. Karakola eta barea. Mortadelo eta Filemon. Mikel eta Igor.

 

            Laguntasun handi horregatik kosta zitzaion horrenbeste Mikeli gau hartakoa bere errua ez zela izan onartzea. Min ematen zion Igor ohe hartan batek daki noiz arte imajinatzeak. Geldi. Gorpu bat bailitzan. Zerraldo. Min ematen zion. Beldurra ematen zion. Ezin zuen irudikatu zati batean bederen (lar zebilen luzatzen gauza onerako zati hura) ez zuela izango pilota partidurik norekin jokatu, ostiral gauetako kalaka haiek urruti geratu zirela.

 

            Azkeneko ikusi zuenean oroitzapen txarrez, tristez, hotzez itzuli zen etxera. Gau osoa begirik bildu gabe igaro zuen. Erietxeko 222. gela. Elurtua. Izoztua. Fluoreszentearen argiak lurrean islatzen ziren, bere begietarako norabidea hartuz. Eski-estazio batetan eguzki izpiek elurrezko maindire zuria jotzen dutenean lez. Paraje antzekoak dira, ospitalea eta mendi elurtua. Denboraren nozioa galdu egiten da bietako edozein tokitan. Erraz galdu zintezke. Zuriak itsutu egiten zaitu. Infinitate horretan nora ezean aurkitzen zara. Mendebaldeak ekialdearekin topo egiten duen tokian, iragana etorkizunarekin bat egiten duen unean, ez aurrera ez atzera.

 

            Mila hodi. Mila korapilo. Kanpotik gorpura. Kanpora gorputik. Plastikozko hoditxoen autopista bat ematen zuen, nondik era guztietako likidoak trafiko geldiezinaren  irudi ziren.

 

            Beldurgarria. Higuingarria. Baina Igor zen. Igor zegoen infernu haren erdian. Izozturik sugarren artean. Urte pare bat lehenago, berarekin hara eta hona zebilen hura zen azken bisitaldi hartan bere aurrean ohean etzanda zegoena. Erdi hilik. Erdi bizirik.

 

            Anbulantziak garraiatu zuen azken urteetan etxebizitza duen horretara. Okasioak eskatzen zuen argi eta doinuekin. Ohore denekin. Minutu batzuk lehenago, auto barruan zegoen. Gorputz guztian zehar beira eta metal zatiak barneraturik zituela. Aurpegi odoldua. Arropa erabat urratuak. 24 urte guztiz puskatuak.

 

            Mikelek zorte gehiago eduki zuen. Ebaki batzuk eta ubeldura mordoez aparte ezer gutxi izan zuen. Harrezkero duen zama edo samina egun hartako mina baino latzagoa da.

 

            Bere kabuz irten ahal izan zuen autotik Mikelek. Eta amorruaren amorruz dudatan jarri zuen aldameneko gorpuari laguntzera joan edota ondoko automobilaren gidariari muturrak txikitzen habiatzea. Ezbai inuzente horrek ez zuen askorik iraun. Berehala hartu zuen mugikorra eta larrialdietakoak hiru minutu ingurura han zeuden.

 

            Larunbat gaua zen. Uztailean galduriko egun sinple bat. Giro sargoria egiten zuen. Zerua izarrez beterik. Ilargiari aldiz egun batzuk geratzen zitzaizkion borobiltasun perfektura iristeko. Egun ederra Renault  Laguna hark semaforo gorria jan izan ez balu. Zuzen zuzenean, ziztu-bizian gure autoko ezkerreko atea kolpatu zuen. Kolpatu eta barrura arte sartu.

 

*****

            Bizi direnak agertzen direla! Urte bete agertzen ez zarela Mikel! Pasa, pasa barrura! Ez zaitez atean gera!...Mikel!? Hor al zaude? Behin etorriko eta kasurik ere ez? Horrenbeste mereziko genuen bada honezkero lagunek ezta?

 

            Alperrik nabilela iruditzen zait, ez dit erantzungo, entzungo balit sikiera...

 

            Mikel, nire egoeraren erantzule sentitzen zara, baina inolako funtsik gabe... senideek sarri esan didate kolpatu zigun autoko gidariak positiboa eman zuela analisietan... ze zerikusi zeukan kalamidade hark zurekin? Beno, badakit ez didazula galderarik egingo, ez eta ezer kontatuko... baina ni behintzat nire bakarrizketez gogaitua nago eta nire hitzak edo pentsamenduak bederen norbaitekin  partekatzeko desiraz nago. Desiraz nago zulo honetatik irteteko, desiraz amonaren babarrun platera dastatzeko... zainetan sartzen didaten likidoek ez dute inolako zaporerik... nazkagarria da eguneko otordu denen menua berdin-berdina izatea.

 

            Denbora ugari izan dut hemen nagoenetik buruari jira-biratan aritzeko, eta berriz bira eta berriz jira... gauza ederra dela bizitza konturatu naiz, eta behar bezala zaindu ez dudan altxor preziatu batek eskutik ihes egin izan balit moduan sentitzen naiz. Gauzen balioaz beraiek gabe geratzen garenean ohartzen garela esan ohi da, topiko bat dirudi baina... egi borobila baino ez da. Ez da erraza zure burua konbentzitzea maindire zurizko ohe batetik zuzenean zure hilobira joan zintezkeela. Ez da erraza ere, egin gabe geratu zaizkizun horiei buruz pentsatzen jarri, eta egin ez izanaren inpotentziaz esnatzea egunero; esnatu edo...

 

            Bai, damu naiz. Damu mila eta bat gauzetaz, behar zen momentuan barkatu esan ez izanaz, egoki zenean maite zaitut hitzak ahoskatu ez izanaz... besarkada bat ematea bezalako gauza sinplerik ba al da? Edota noizbehinka bada ere, telefonoa hartu eta zelan zaude? galdetzea...

 

            Mikel, garaiz zaude, ez ezazu zure bizitzako ezer gutxietsi, damuak damutu orduko bakarrik du konponbidea, behin damutu ondoren... beranduegi da. Azalean geratzeko ohitura dugu, gure baitan ezkutatzeko joera, ireki itzazu begiak, eta ikusi zure aurrean zabal litekeen mundu berri hori. Sinets ezazu mundu berri horretan. Bestela ikus nazazu ni; ikus dezakezuna soilik naiz, berdin dio egia esan -eta arrazoi duzu- nire aldamenean jarri edo ateko markoaren babesean jartzea, edonondik ere ohe gainean zerraldo erdi hilik -erdi bizirik- datzan gorpu bat baino ezin liteke atzeman. Egunez egun bertan lotan igarotzen ditut orduak Edurne Zuri bainintzen, baina bere printzea noiz etorriko den jakin gabe.

 

            Beraz, hartu itzazu hitzok, -pentsamenduok esan beharko nuke ziurrenik- lagun baten aholku eran, eta ez ezazu gehiago zure burua egurtu, horrek ez baitu eta inolako azalpenik. Zertarako eri bi bat egon litekeen tokian?

 

*****

- Kaixo Mikel. Aspaldian ez zaitut inguruotan ikusi. Egia esan hemen denak berdintsu jarraitzen du. Medikuek diote okerrera behintzat ez duela egin, badakizu, bertan egunak joan eta egunak etorri, koma egoera honetatik noiz esnatu zain. Bizitzen jarraitzeko beste aukera omen ditu lurpean bukatzeko. Baina bitartean, itxoitea besterik ez dugu...

 

Egia esan, denbora asko igaro da azkenekoz elizara joan nintzenetik, fedeak ere aspaldi egin zidan ihes, baina edozeri lotzeko gai omen gara anaiak... aspaldian sendagileekin beste hitz egiten dut goiko horrekin, laguntzaren baten bila edo... baina halere alferrik nabilela iruditzen zait sarritan.

 

Gela elurtu honetara sartzen naizen aldiro eta bera hor izozturik ikustean... izugarrizko negargura etortzen zait, baina egia esan eta zergatia jakin gabe, eutsi egiten diot, Mikelek ikusten nauelakoan... baina alperrik da dena, alperrik errezoak, negarrak, eta tamalez medikuen lana ere alferrekoa delakoan nago.

 

Behar bada, eta damuak alperrik izan arren, ez naiz anai ona izan. Behar bada ez dugu ulertzen jakin. Behar bada...

 

Besoak ikusten dizkiodanean, sentimendu arrotz batek gain hartzen nau, higuinak, amorruak, tristeziak... ubeldurak, zauriak...  iraganaren oroigarriak...

 

Elurturik daude mendi gainak Igor, zoragarri daude, esan al dizu Mikelek? Oroitzen nola txikiak ginela, amonak egindako eskularru eta bufanda jantzirik elur artean jolastera joaten ginen? Oroitzen Igor ? Gaur hotz egiten du. Euria ari du. Eta parkeko putzuren batetan itotzeko gogoak dauzkat. Laino grisetara igo eta bertatik iragana ikusi nahi dut etorkizuna gurea delakoan...

 

-         Etxean geratu izan bagina...

 

 

 

 

             

 


Utzi iruzkina: