Kontsultaren alde!
Igaro da Urriaren 25a. Data horren garrantziaz ohartzeko Hirukoak eta Aralarrek bultzaturiko ekimenari itzal egin nahian bultzaturiko "alternatibak" kontuan izatea besterik ez dago.
Gara irakurtzea besterik ez zegoen, Ezker Abertzale Ofizialak nabari duen azkureaz ohartzeko. Azken urteotako aurrepausu handienean lekuz kanpo geratu dira. Hori ekiditeko agit-prop lotsagarria jarri dute martxan eta aurrez aurre Kontsultaren aldekoen kontra jarduteko ausardia edota ahalmenik gabe, hiru fronte ireki zituen:
- AHT-ren aurkako aldarrikapenarekin Durangon liskarrak sortzera abiatu ziren. Atzo Políticamente Incorrecto saioan Nekane Erauskinek botatakoak bide horretatik zihoazen. Ezker Batuak bilaturiko aitzakiak lotsarik gabe bere eginez: Kontsulta bati bai, beste batzuei ez. Hemen abertzale batek ezin du onartu bi gaiak nahastea: euskaldunon erabakitze eskubidea eta gai sektorialen inguruko erabakiak hartzeko demokrazia parte hartzailea. Ze demagun Euskal Herri independentea lortzen dugula. Logikoa denez, bertan ezkerreko, eskuineko, zentroko alderdiekin batera, ekologistak, komunistak, faxistak etabar luze bat agertuko lirateke. batzuk demokrazia parte hartzailearen aldekoak, besteak kontrakoak; batzuk kapitalistak, besteak antikapitalistak; batzuk demokratikoak, besteak ez demokratikoak; etabar. Baina helburu hori eskuratzeko BIDE BAKARRA erabakitze eskubidearen alde jotzea da. Abertzale batek ezin ditu nahastu farolen kolorea erabakitzeko kontsulta eta gure izaera nazionala erabakitzeko eskubidea. Nekane, abertzalea zara ala Madrazoren kofradiakoa?
- Ahaztuak 1936-1977 deituriko elkartearen gerizpean, Gasteizen Falangek deituriko manifestazioa liskarren bidetik metro gutxitara zeuden abertzaleen ekitaldia desitxuratzeko muntaia plazaratu zen. Herri askotan agerturiko deialdi anonimoak dira saiakera ahantzu honen lekukoak.
- Independentzia eguna Hernanin. Honekin EAE-ko hiru herrialdeetako Batasunak abian jarritako estrategia agerian geratzen da. Festa izan behar zuenak liskar moduan eztanda egiteak, Ezker Abertzale Ofizialren porrot ideologiko-estrategikoa inoiz baino ageriagoan utzi zuen.
Emaitza: Ezker Abertzale Ofiziala argazkitik kanpo geratu zen Berriro ere. Izan ere, Iparraldean Departamentua eskatzen denean, Batasunak autonomia eskatzen du; EAE-n erabakitze eskubidea aldarrikatzen denean, Batasunak independentzia exijitzen du; Nafarroan ikurriña udaletan zintzilikatzea eskatzen ari garenean, beraiek EAE-n ikurriña defendatu beharrean Nafarroako ikurra plazaratzen dute; Nafarroan PSN-NaBai gobernua posible zenean, Batasunak purismo abertzalea defendatzen zuen; EAE-n hirukoaren aurrean, Patxi Lopezekin pastela nola banatu negoziatzen zuten Elgoibar inguruko baserri batean; Nafarroan abertzaleon arteko elkarlana bultzatzen bada, Batasuna PNV-ren aurka amorruz agertzen da, hori bai, EAE-n denon arteko elkarlana defendatu izan den arren;....
1904-1906 artean Liga Foral Autonomista bultzatu zutenen pareko jarri dira Hirukoa eta Aralar. Hortik dator etorkizuna. Gogoratu dezagun 1936 urte arte ez genuela autonomia lortzerik izan, eta gerraren erruz soilik, nahiz eta Bizkaian eta Araba zein Gipuzkoako gune txikietan eta urtebetez soilik izan. Orain ere, ez dakigu zenbat denboraz egon beharko garan borrokan, baina, argi dago bidea hau dela. Argazki honetan Batasuna ez da ageri. Jarriko dituzte mila zalantza, mila aitzakia, baina EHAK-ren arduragabekeriari esker gaur egun PP eta PSOE-k lau haizetara botatzen dute "la mayoría exigua del Parlamento, por 34 contra 33 diputados, indica que la consulta divide". Nire galdera da, Ezker Abertzale Ofizialak azaldu ahal digu zergatik eman zuen boto bakarra beste 8 abstentziora jaurtikiz? Nola liteke ehun mila abertzale zintzok Espainiaren morroitzapean PP-PSOEri 34-33ren diskurtsoa baldintzatzea? Honetan ere Batasuna lekuz kanpo, etsaiari laguntza paregabea emanez, noski.
Tristea, baina Kontsultaren aldeko bidea etenik gabe zabaltzen ari gara eta ni ere historiaren parte izango naiz. Han egon nintzelako. Ez nitzen egon Durangon AHT-ren aitzakiarekin, Hernanin festa izan behar zena bortizki zapuztuz edota Gasetizen faxismoaren aurkako aitzakiarekin egun historiko bat iluntzen... Komunikabide espainiarrek zer goraipatu zuten ikustea besterik ez dago. Batasunak Espainiaren alindartzea bultzatzen du.
Bukatzeko, PSOEkoak Bilbon ikusteak ere pena galanta eman zidan. Pena, baina ez tristuragatik, egindako ekitaldi tristeagatik baina. Hori da Lopezek saldu nahi digun garai berria? Beraiek zapuztu zuten Estatua, 30 urtez izozkailuan gordeta izan ondoren, zer eskaintzera datoz? Hildakoa berpiztea? Ez da Gernikako Estatua betetzeko ordua, aurrerapausua ematekoa baizik. Horretara ere PSOE berandu, baina ezin bestean gurekin bat egitera dago kondenatua. Kataluinan ez bezala, herri honen alde lan egiten ez duten neurrian, etorkizun iluna iragartzen diet. Laster ikusiko da....
Iruzkinak
Utzi iruzkina: