ZUREGATIK IOSU!!!
Apirilaren
17an, Ikus-entzunezko komunikazioko hirugarren mailako ikasleoi bihotz
zati bat lapurtu ziguten. Goizeko ordu txikitan joan ziren zure bila,
ehiztaririk koldarrenen antzera, eta gauaren iluntasunean eraman
zintuzten. Telebistan garaikur gisara erakutsi ondoren, bost egun eta
bost gau luzez eduki zintuzten euren hatzaparretan; mehatxuz, burlaz
eta jipoiez jositako 120 ordu amaigaberen agonian. Orain, Alcala Mecoko
espetxean zaude, Euskal Herritik ehunka kilometrora; baina, halere
Iosu, jakin ezazu urruti egon arren gurekin zaudela, gu zurekin gauden
bezalaxe. Zaila zaigu denbora batez elkar ikusiko ez dugula onartzea.
Jakin badakigu aurrera egingo duzula: ezinezkoa delako itsasoari mugak
jartzea bezala arrano bat lau pareten artean giltzaperatzea.
Hasieratik
gelakideok zure hutsunea nabari dugu, Txus. Hiru urte dira elkar
ezagutzen dugula, eta lehenengo egunetik igarri genuen ez zarela
gizarte-sistemak eskaintzen duen besaulki erosoetan lasai jesartzen den
horietakoa: egunero hankarekin egiten dituzun kolpetxoekin sumatzen
genuen zure egonezina. Jada klase arteko zigarretak ez ditugu lehen
bezain gustura erretzen eta atsedenaldietako jeladun ebakiei ere zure
esentzia falta zaie. Ziberbandalismoak ere behera egin du asteotan.
Bihotzaren
zati bat kentzeaz gain, bertso afarietako laguna urrutiratu digute.
Txomintxapel fakultateko egunean, zure omenez egingo dugu topa; harro
baikaude zurekin konpartitutako une guztiez eta zu lagun izateaz.
Klaseetan aspertzen garenean ere gelako ormetan jarri dugun zure
argazkiari begiratu eta, ziur, gure ezpainetan irudikatzen duzun
irribarreak gailenduko duela. Zuk bakarrik bete dezakezun hutsunea utzi
duzu gugan, Iosu. Ez dugu etsiko berriz ere gure artean izan arte.
Besarkada
bero bat zuretzat eta beste bat gureentzat Eskoriatzatik. Zaindu
sorbaldak, ez galdu irribarrea eta egin beti aurrera! Maite zaitugu
Iosu!
Aritz Sue Maldonadok
Ikus-entzunezko komunikazioko 3.mailako ikaskideen izenean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: