Heldu
Heldutasuna.
Ume eta gazte ginela heldutasuna izaten zen helburua. "Izan zaitezte helduagoak" zenbat aldiz entzungo nion irakasle bati baino gehiagori. "Noizbait egingo haiz heldu!" zenbat gurasoei entzungo ote nien.
Baina zer esan nahi dugu "heldua" esaten dugunean? Batzuetan "konstantea" esan nahi dugu, edo "serioa", edo "kontsekuentea", edo "langilea", edo ...
Gizarteak heldutasunera iristera goizegi behartzen gaituelakoan nago. Helduak garela sinetsaraztera.
Ezagutu dudan pertsona serio, langile eta azkarrenetako bati jasan behar izan dizkiot jarrerarik umeenak. Bestalde, badakit niri ume-jarrera eduki duela iruditzen zaidan pertsona horrek heldutasun osoz hartuko zuela erabakia.
Beraz, zer da heldutasuna?
Ez al dugu besteen heldutasuna gurearen arabera baloratzen? Besteen lekuan inoiz egon ez bagara (eta inoiz egongo ez garen ziurtasunarekin), zilegi al da guk besteen heldutasuna baloratzea?
Galdera hauek buruan nituela etxera nentorrenean bikote bat ikusi dut atari batean musuka. Nire presentzia ikusi eta atzera egin du bitako batek. Urrundu naizenean berriz ere segi dute musuka. Eta bitartean ni heldutasunari buruzko gogoetetan murgilduta...
Inkoszienteki biak etiketatu ditu nire buruak: "atzera egin duena helduagoa balitz, ez luke atzera egingo, atzera egin ez duenak, aldiz, heldutasunez onartu du erabakia".
Eta galdera da, inor etiketatzea ez al da heldutasun falta baten seinale? Ala beldur baten erreakzio dira etiketak?
Ala heldutasuna, pertsonen araberakoa izan ordez, erabakien araberakoa da?
Eta heldua al da inoren heldutasuna baloratzeko beharra duen hori?
Heldua ez al da aurrean duena nolakoa edo nor den baloratu gabe esan nahi duena dioena? Ala umekeria arriskutsu bat litzake hori?
Agian bere umetasun falta ezkutatu nahi duen inoren kareta izan daiteke heldutasuna?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: