zorionez edo zorigaitzez,
anitz ekibokatu ekarri gintuzten
deserriko azken ipurdi honetan bizi edo hiltzera.
eta bizi, estu, ia mirari, gainbizi gara
Joseba Sarrionandia
Bizitzearen aditzak badu jarraipenaren zentzua, edozein denboratan idatz
daitekeelako, bakoitzean esanahi ezberdina emanez. Hortaz, bizi izan zuen,
bizi zuen, bizi izan du, bizi du, bizitzen ari da, biziko du.
Hiltzea, ordea, beste kontu bat da. tiro bat da, azken puntu bat, argia itzaltzea
da, azukrea bezala disolbatzea, liburua ixtea da, tira egitea komuneko bonbari.
Horregatik,ez ditu denbora guztiak hartzen, hartuagatik, esanahia beti berbera
delako. Tiroa. Hil izan zen? Hil izan da? Edo hil zen edo ez zen hil. Hil zen.
Hil da. Hilko da. Hiltzen ari da. Azken honek ere ez du jarraitasunik adierazten,
hiltzen ari denari begira, hilko dela ikusten dugulako, ez besterik. Azken puntua.
Sarrionandia, aldiz, beste era batean da hiltzeaz mintzo. Hark parean jartzen ditu
bizitzearen eta hiltzearen ekintzak, Deserrian bizi edo hiltzera doanak heriotza
modu iraunkorrean ulertzen du, jostatzen edo kantatzen jardun daitekeen gisan
aritu gintezkeelako hiltzen, baina hizkuntzak ez du hiltze hori etengabeko
degradaziorik gabe deskribatzen uzten. Izan ere, tiroa da PUM,
nola luzatu hori denboran?
Puntu bat da bukaera, zentzurik ez du denboran zehar luzatzeak
arkatza orritik altxa gabe.
Argia itzaltzen da eta dena ilun, baina iraunkorki itzaltzea eta
berriz ez piztea ez dira gauza bera.
Azukrea disolbatzen da, kitto, hortik aurrera disolbatuta dago egon,
jada ez da ari.
Komuneko bonbak lehenengoan eraman du guztia, joaten jarraitzen duen ura
ez da, beraz, jarraipena, memoria baino.
Eta gramatikak baimentzen ez badit, nola esango dut
hormako bikote ihartu hori hiltzen ari dela?
Degradatu gabe, tirorik gabe, puuuuuu...uuuum luze luze batean daudela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: