Gortina, harria, loreontzia

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2013-06-03 10:20

 

 

 

Itsasoa den bezala da gortina bat urdina. Bere moduan dauzka uhinak, haizearen arabera mugitzen direnak. Haizea boladatan iristen da eta haizeak dituen bezala dauzkat nik boladak. Beraz, itsasoak gortinarena duen moduan, haizearen antza dut nik eta haizearen arabera mugitzen badira gortinaren tolesdurak, nire arabera sortuko dira akaso olatuak.

 

Distantzia den bezala da harria hotza. Biei eskua gainean jartzean, kendu egin nahi izaten dut. Askotan jarri izan dut jertsea ipurdipean, harri gainean esertzeko gero, gutunak eta emailak bidali izan ditudan bezala, elkarren bizitzako zati izaten jarraitzen dugula sinesteko edo. Harria ez bezala, ordea, bat-batean distantzia urtu dezake hegazkin batek.

 

Zelaia den bezala da loreontzi bat udaberri. Behar du ura eta beroa, hazteko. Behar du gortinatik edan eta harritik babestu, naizen boladen, izaeraren, egarri izan eta hutsuneak, ukatu gabe, ahazten ikasi. Nigandik hasi uda berriak asmatzen.

 


Utzi iruzkina: