asteburu hau

errailak 1456132321117 Burdinazko izaratan | 2013-04-21 08:17

 

Gazte grinatsuak tabernan, begiak bizi, asteari buruzko kronika egiten diote elkarri, damuak disimulatu eta garaipenak azpimarratuz ahots ozenez. Pareko bi begiak komunera joan zaizkidanez, begira nago munduari, kafe hutsa zeukan taza hutsaren konpainian eta pentsatu dut ez nagoela hemen. Lehenago aritu naiz neure buruaren bila etxean, baina ezta ere. Bilbon ere begiratuko dut bada ezpada ere, esperantza gutxirekin, dena den.

 

Ordu bata da, sei gradu eta nekatuta nago, gaua esna emateko asmoz noa etxera, praktikotasunaren ikuspuntutik ez daukan arren zentzu handirik. Irakurtzen hasi naiz postontzira eroritako poemak, bizi-bizirik dauden hitzak, lehen pertsonak. Uztazu, egin lo. Ez dut jarraitu itzarrik, ez dut ilargia itzaltzen ikusi. Gaur beste egun bat da eta gaur ere ez nago hemen.

 

Denbora ni jaten ari da eta ez zait inporta gehiegi, neure burua egurtzen hasteko ez daukat inongo gogorik, are, asmorik. Poeta edo arrantzalea banintz, legitimoa zatekeen asteburu hau.


Utzi iruzkina: