Zergatik ez zara isiltzen?
Pazientzia galdu zuen atzo Espainiako errege Juan Carlos I.ak XVII. Goi Bilera Iberoamerikarrean, Santiagon (Txile). Arrazoia: Venezuelako presidente Hugo Chavezek Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznarri «faxista» deitu izana, eta hori zela-eta Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori, erantzuten ari zitzaionean, moztu izana. «Zergatik ez zara isiltzen?», bota zion Espainiako erregeak Chavezi. Gero bilera utzi zuen tarte batez, haserre.
Goi bileraren azken txanpan gertatu zen ika-mika. Zapaterori erantzuteko eskatu zuen hitza Chavezek. Hark lehenago azaldu zuen estatuek ezingo dutela aurrera egin baldin eta argudioak bilatzen badituzte kanpoko norbaitek aurrerapena eragozten diela esateko. Haatik, Chavezek nabarmendu zuen ezin dela kanpoko eragileen eragina gutxietsi. Bidenabar, Aznarri, «faxista» deitu zion. Herenegun halaxe deitu zion, eta Espainiako erregeak eta Zapaterok pribatuan errieta egin zioten.
Chavezen esanetan, Aznarrek, presidente zela, 1999ko uztailean Caracasera eginiko bisita ofizialean «lehen munduko klubarekin bat egiteko» gonbita egin zion, eta «horiek izorratu dira», esan zion, munduko herrialderik pobreenez mintzo. 2002ko apirilean kargutik kentzeko izandako estatu kolpea sostengatu izana ere egotzi zion Chavezek. «Kolpearen berri bazekien, eta sostengatu egin zuen».
«Suge bat gizatiarragoa da, faxista edota arrazista bat baino»; hala irudikatu zuen Chavezek Aznar. Zapaterok, aldiz, errespetua exijitu zion Chavezi: «Jarrera ideologiko baten aurkako muturrean egon daiteke, eta ni ez nago Aznarren ideietatik gertu, baina espainiarrek hautatu zuten, eta harekiko errespetua exijitzen dut».
Nikaraguako presidente Daniel Ortegak bi bider hitz egin izana leporatu zion Zapaterori, gainerako agintariek soilik behin mintzatu zirela gogorarazita. Gainera, Espainiako enpresek Amerikan duten jokabidea kritikatu zuen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: