ELGOIBAR: Udal zerbitzuak, alkatearen jarrera itxia eta herritarron interesak!

einbiou 1456132110403 Elgoibartarrok | 2010-10-15 11:08

Udal zerbitzuak, alkatearen jarrera itxia eta herritarron interesak!

 

Arduraz ikusten ditugu Ezker Abertzaletik, legealdi bukaerara iristen ari garen honetan, Alkateak eta berarekin batera gobernu taldeak, hartutako erabakiek sortzen ari diren liskar eta konpondu ezinak. Udal langileenganako jarrera itxi zein ulerkaitzek, lan giroa eta azkenik herritar guztiontzako diren zerbitzuen okertzea ekarri dute. Entzungor egin eta malgutasunik gabeko jarrera batean tematzeak arduratzen gaitu eta Alkateari berari eskatzen diogu Udal langileei entzun eta hauekin balizko arazoak konponbidean jartzeko bitartekoak jar ditzala. Hori ere, bere erantzunkizuna baita.

 

Udaltzaingoa izan da oraingoan egoera jasan ezin batera iritsi dena, baina lehenago (beste legealdi batzuk) ere bizi izan ditugu antzerakoak beste udal langile batzuekin. Udaltzaingoaren arazoak zehatzak dira eta Udalean jakinaraziak izan dira guk dakigunez. Beraiek egingo dituzte publiko horrela nahi izan ezkero. Beraz, berriz ere Alkate jaunari exigitzen diogu konponbidean jartzeko bitartekoak jarri eta jarrera aldatu dezala.

 

Udal zerbitzuak eta udal langileen lan baldintzek ezin dute momentuko interes edo jokaldien menpe egon. Herritarrontzat ahalik eta zerbitzu onenak nahi ditugu eta langileentzako baldintza duinak, berdin udaltzainak izan, brigadako langileak izan, administrariak izan edo udalak partea duen patronatuetako langileak izan (San Lazaro egoitza, kiroldegia etab.). Zerbitzu hauek guztietan, edo gehienetan behintzat Udalak pribatizatzea edo kanpotik kontratatzea bilatu du, edo beste modu batzuetan gastua murriztea (aldi baterako langileak finkoak beharrean etab.), honek dakarren lanaren aldirokotasunarekin zein lan baldintzen kaskartzearekin. Honek guztiak, zerbitzuen kaskartzea dakar ezin bestean eta egoera herritar guztiok pairatzen dugu. Udalak, herritarrok ordaindutako zergekin, arduraz jokatzeko ardura dauka, are eta gehiago bizi dugun krisi egoeran, baina udal lanpostuetan zein oinarrizko zerbitzuetan apurrak aurreztea, geure buruari harrika jardutea da. Badago aurreragotik non aurreztua, kontua hori bakarrik bada.

 

 

Zinegotzi independentistak eta ezker abertzaleko udalgintza taldea

2010eko Urriaren 14an


Utzi iruzkina: