Udalean aurkeztutako alegazioak 2006 - 06 - 19 Lerun Txiki-Morterika
Elgoibarko Udalak atera berri duen “Modificación de las normas subsidiarias de Elgoibar en relación al sector Lerun txiki-Morterika” deiturikoaren aurrerapenari egindako alegazioak.
Elgoibarko Udaleko arduradunari:
“Modificación de las normas subsidiarias de Elgoibar en relación al sector Lerun txiki-Morterika” deiturikoaren aurrerapena kontsultatu ondoren, eta hainbat hutsune atzeman eta gero, alegazio batzuek aurkeztea erabaki dut.
1.- Sarrera
14 urte dira, jadanik, Elgoibarko Arau Subsidiarioak berritu zirela. 1992-3an, hain zuzen ere. Egoera arrunt batean, beste edozein herritan, zortzi edo hamar urte irauten dute arau orokor horiek indarrean, hurrengo berraztertzea egiten den arte.
Izan ere hamar urtetan herriaren egoera erabat aldatzen baita, bai lege berriak ezarri direlako, bai gizartea aldatzen doalako, nekazal sektoreak, zerbitzuak, nahiz industrialak garatuz, desagertuz, e.a. doazelako, bai eraikuntza sistemak bilakatuz doazelako, edo herritarrentzako behar berriak sortzen direlako.
Elgoibarren Arau Subsidiarioen eraberritze hori orain 6 urte egin behar zen, baina ez zen egin; ez orduan, eta ez da egin gaur arte.
Alegazio hauek aurkezten dituenaren iritzia da, hortaz, Arau Subsidiario horiek zaharkiturik daudela. Ez dutela balio.
Eta horren adierazgarri nabariena udalaren jokaera bera da: 14 urte hauetan -eta batez ere bosgarren urtetik aurrera, hau da, berraztertze orokorra egiteko orduan-, 11 aldiz, gutxienez, aldatu behar izan ditu, buruan-buruko egokitzapenei aurre egiteko, eta gehiagotan nahi izan du aldatzea, ezin izan duen arren. (1. eranskina)
Baina badago beste argumentu bat, indartsuagoa, Arau Subsidiario horien berritze beharra ezinbestekoa dela azaltzeko: Hain zuzen ere, azken 14 urteetan, Elkarte autonomoan egon diren lege aldaketa eta egokitzapenak; hala nola, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, Lurraldearen Arloko Planak eta Lurraldearen Zatiko Planak, e.a.
Zehazki, batzuk aipatzekotan,
-1997ko maitzaren 27an aprobatu ziren LAG-DOT “directrices de ordenación territorial de la comunidad autónoma del país vasco” deritzenak.
-2005eko ekainak 6an aprobatu zen LAP-PTP “Plan Territorial Parcial del área funcional de Eibar (Bajo Deba)” deritzona.
-2005eko otsailaren 22an aprobatu zen LZP-PTS “Plan Territorial Sectorial de red ferroviaria del a CAPV” deritzona.
-2005eko otsailean onartu zen LZP-PTS “Plan Territorial Sectorial de ordenación de margenes de los ríos y arroyos de la CAPV- vertiente cantábrica” deritzona.
-2005eko urtarrilak 28an aprobatu zen LZP- PTS “Plan Territorial Sectorial de creación pública de suelo para actividades economicas y equipamientos comerciales” deritzona.…e.a.
Lege hauek nahitaez bete beharrekoak –de obligado cumplimiento- izanik, ezinbestekoa da Elgoibarko Arau Subsidiarioak berrikustea, egin beharreko aldaketak eta egokitzapenak antzemateko, eta herrirako onenak diren erabakiak hartzeko.
Esandakoagatik, Oro har, horrelako Arauen berrikusketaren behar hain nabarmena ikusita, Udalak proposatzen duen aurrerapen honetan, Lerun-Morterikako sektorearen tamaina ikusirik, eta eragingo duen eraldaketaren sakontasuna ikusirik; jakinez gainera ekintza horrek Arau Subsidiario berrien inguruko irizpide objektiboak hipotekatu ditzakeela, eta gero beharrezkotzat hartu daitezkeen aldaketak oztopatu ditzakeela, nire iritzia da ez dela bidezkoa proposatzen den aldaketa, Elgoibarko Arau Subsidiarioen Berrikusketa egiten ez den bitartean, behintzat.
Oinarrizko ikuspuntu hau argitu eta gero, komenta dezagun arau aldaketa zehatz honi buruzkoa.
2.- Aurrerapenaren Azterketa
Elgoibarko Udalak, 2006ko maiatzaren 19an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean aditzera eman duen Aurrerapenean, hainbat hutsune eta desegokitasun daudela iruditzen zait.
1.- NNSSen aldaketarako egokitasuna eta beharraren Justifikazioa aztertzen duen 3. atalburuan ez dago oinarrizko baieztapena –lur industrialaren gabezia- justifikatzen duen ikerketa arrazonaturik.
Atal horretan jartzen du: “…está justificada por el interés social derivado de la gran necesidad de suelo industrial existente en la comarca que hace que las actuales disponibilidades del suelo no alcancen a cubrir la demanda existente…………. Esta falta de suelo es especialmente acuciante en el entorno de los municipios de Eibar y Elgoibar.”
Baieztapen honen aurrean esan beharra dago, bere garaian, Lerun Txiki-Morterikako planeamendua egin zenean, 1992an, eta gero ibaiaren mozketarako Zatikako Plana –Plan Parcial- egin zenean, 1995ean, lur industrial behar hori, agian, garbiago agertzen zela.
Planeamendu horietako Helburu Urbanistikoetan –Objetivos urbanísticos-, esaten zen:
“Lograr una sensible ampliación del suelo industrial, reduciendo en parte el desequilibrio existente entre la oferta y la demanda de suelo industrial existente”.
Handik aurrera, ordea, eta 14 urte igaro direneko honetan
1.- Elgoibarren, gutxienez, 4-5 gune industrial handi eraiki dira, eta gaur egun, Elgoibarrek Eibar berak baino plaza industrial gehiago ditu.
2.- Egungo gune industrialak oraindik ez daude beteta, (Albitxuri, Olaso, Arriaga…)
3.- Gune degradatuak agertu zaizkigu, agian, regeneratu edo aprobetxa daitezkeenak, Santa klaran, Deba kalean, Ermuaranbiden… beste eraldaketarik egin baino lehen.
Ez hori bakarrik. Arlo industrialaren eta enpresen garapenari begira ere, gaur egungo industria berriak ez dira lehengoak, teknologiak eta metodologiak asko aurreratu dira, zerbitzuen sektorea hazten doa, eta 1992-5ean planteatu ziren beharrak ez dira ziuraski berdinak.
2.- NNSSen aldaketarako azaleraren kokapena eta ezaugarriak aztertzen duen 4. atalburuan, alde baterik, ez da kontuan hartzen ezaugarri nabarmenena: IBAIA eta honen manipulazioak ekar dezakeen ondoriorik; eta bestetik, gutxietsita agertzen da bertako balio eko-biologikoa, ezer baliodunik egongo ez balitz bezala.
Zehazki, atal horretan esaten du: “Los terrenos afectados……están formados por una serie de praderas a cota baja al oeste de la N-634, y zonas de arbolado……que cuentan con una topografía más pronunciada”
Hasteko, esan behar da, plan horrek, gaur egun Elgoibarren dagoen zanpatu gabeko tokietako bat –eta gutxi gelditzen dira- zapuztuko duela. Iturriak, errekak eta larrak; bertako zuhaitzez osaturiko basoak, eta agian, ekosistema oso bat ere osatzen duen txoko berdea ukituko -eta apurtuko- ditu.
Horretaz gain, Deba Ibaiari buruz, eraldaketa honen hasierako planak, 1995ekoak, ibaiaren mozketa eta lur-betetzea ekartzen bazuen ere, orain, ordea, planteatzen denak Ibaiaren ibilguari ukitzen diola argi eta garbi ikus daiteke.
1.- Ibaiak 2 gune industrialen erdi-erditik igaro behar du; horretarako kanalizatua izango da, horrek ekar ditzakeen arazo guztiekin:
- Bai errekan beherako zortasunak eta ondorioak. San Antolin eta Altzolako ingurunean, besteak beste.
- Bai errekan gorako zortasunak eta ondorioak.
Elgoibarko herriak jasan behar izan dituen uholdeak jasan eta gero, kontuan hartu beharko dira, nora arte, egin nahi denak, meandroaren funtzioak, -ur handiak hartzeko gaitasuna, tentsio hidrologikoa jaistekoa, uraren abiadura gutxitzekoa, e.a.-ezabatzen edo mantentzen dituen, eta bat ote datorren Uholdeak Ekiditzeko Udalak duen Plan estrategikoarekin (Ba ote dago plan hori?)
2.- Bertara beste erreka bat, gutxienez, eta hainbat iturri, kanalizatu behar izango dira, Morterika erreka, esaterako. Horrek ere arazoak ekar ditzake.
3.- NNSSen aldaketarako azaleraren kokapena eta ezaugarriak aztertzen duen 4. atalburuan, baita ere, alde baterik, gutxietsita agertzen da bertako 3 baserrien izaera, ezer baliodunik egongo ez balitz bezala, eta bestetik, ez da kontuan hartzen hor inguruan izan daitezkeen aztarna arkeologikoen ikerketa.
Udalaren memoriak dio “Existen tres caseríos……que quedan declarados fuera de ordenación.”
Edozein gune industrial egiterakoan, jakina da, legez, gune horren %2a ekipamendu edo beste zerbitzuetarako izan behar direla. Baserri horiek, ikusiko balitz balioren bat dutela, -naiz historikoa, kulturala, patrimoniala- erabili daitezke ekipamendu horiek, edo bestelako zerbitzuren bat, gauzatzeko.
Bukatzeko, jakina da baita ere, meandroaren sakoneko aldean, noizbait kobazulo edo aintzinako –agian, erromatar garaiko- meategi izan zitekeenari buruzko aztarnak daudela.
3.- PROPOSAMENA
Orain artean esandakoaren harira 5 alegazio egin nahi ditut, aipatutako hutsune eta gabeziak konpon daitezen asmoz.
Ezertan hasi baino lehenago, zuen planak, edo dena delakoak, baldintza hauek bete beharko lituzkeela uste dut, aurrera egiteko.
1.- Ikerketa berria eta sakona, -inpartziala izango den norbaitek egindakoa-, baieztatzeko, 2006.urtean, Elgoibarren lur industrialaren beharra dagoela.
2.- Ingurumen Inpaktuko ebaluaketa Orokorra – Evaluación Conjunta de Impacto Medioambiental- azalduko duen Txostena.
3.- EAEko Ibaien eta Erreken ertzak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana -Plan Territorial Sectorial de ordenación de margenes de los ríos y arroyos de la CAPV- vertiente cantábrica- zehaztasunez betetzeko behar diren baldintzak azalduko dituen Txostena. Hiru arloak hartuko dituena: Hidraulikoa, urbanistikoa eta ingurugiroari buruzkoa.
4.- Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritzako baimena eta iradokizunak jasoko dituen txostena.
5.- Gunean dauden 3 baserrien balioari buruz eta inguruan egon daitezkeen aztarnei buruzko ikerketaren txostena.
6.- gunean azal daitezkeen aztarna arkeologikoen inguruko ikerketaren txostena.
Elgoibarren, 2006-06-15
einbiou
Iruzkinak
Utzi iruzkina: