Elgoibarko Arau Subsidiarioak:14 urte aldatu gabe. Arduragabekeria ala tranpa-interesatua?

Elgoibarko Arau Subsidiarioak zaharkiturik daude. 1992an egin ziren. Ez dute balio. Aldaketa puntual gehiago ez da egin behar Arau orokorrak aldatu arte.

 14 urte dira, jadanik, Elgoibarko Arau Subsidiarioak berritu zirela. 1992-3an, hain zuzen ere. Egoera arrunt batean, beste edozein herritan, zortzi edo hamar urte irauten dute arau orokor horiek indarrean, hurrengo berraztertzea egiten den arte.

 Izan ere, hamar urtetan herriaren egoera erabat aldatzen baita, bai lege berriak ezarri direlako, bai gizartea aldatzen doalako, nekazal sektoreak, zerbitzuak, nahiz industrialak garatuz, desagertuz, e.a. doazelako, bai eraikuntza sistemak bilakatuz doazelako, edo herritarrentzako behar berriak sortzen direlako.

 Elgoibarren Arau Subsidiarioen eraberritze hori orain 6 urte egin behar zen, baina ez zen egin; ez orduan, eta ez da egin gaur arte.

 einbiou-ren iritzia da, hortaz, Arau Subsidiario horiek zaharkiturik daudela. Ez dutela balio.

 Eta horren adierazgarri nabariena udalaren jokaera bera da: 14 urte hauetan -eta batez ere bosgarren urtetik aurrera, hau da, berraztertze orokorra egiteko orduan-, 12 aldiz, gutxienez, aldatu behar izan ditu, buruan-buruko egokitzapenei aurre egiteko, eta gehiagotan nahi izan du aldatzea, ezin izan duen arren. (ikus 1. eranskina)

 Baina badago beste argumentu bat, indartsuagoa, Arau Subsidiario horien berritze beharra ezinbestekoa dela azaltzeko: Hain zuzen ere, azken 14 urteetan, Elkarte autonomoan egon diren lege aldaketa eta egokitzapenak; hala nola, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak, Lurraldearen Arloko Planak eta Lurraldearen Zatiko Planak, e.a.

 Zehazki, batzuk aipatzekotan,

-1997ko maitzaren 27an aprobatu ziren LAG-DOT “directrices de ordenación territorial de la comunidad autónoma del país vasco” deritzenak.

 -2005eko ekainak 6an aprobatu zen LAP-PTP “Plan Territorial Parcial del área funcional de Eibar (Bajo Deba)” deritzona.

 -2005eko otsailaren 22an aprobatu zen LZP-PTS “Plan Territorial Sectorial de red ferroviaria del a CAPV” deritzona.

 -2005eko otsailean onartu zen LZP-PTS “Plan Territorial Sectorial de ordenación de margenes de los ríos y arroyos de la CAPV- vertiente cantábrica” deritzona.

 -2005eko urtarrilak 28an aprobatu zen LZP- PTS “Plan Territorial Sectorial de creación pública de suelo para actividades economicas y equipamientos comerciales” deritzona.

…e.a.

Lege hauek nahitaez bete beharrekoak –de obligado cumplimiento- izanik, ezinbestekoa da Elgoibarko Arau Subsidiarioak berrikustea, egin beharreko aldaketak eta egokitzapenak antzemateko, eta herrirako onenak diren erabakiak hartzeko.

Orduan, zergatik ez dira aldatu NNSSak hainbeste urtetan?

Bada, itxuraz, Herriko jauntxoei ez zaielako komeni.

PNV eta EAk, azken urteetan, daramaten politika zera da, komeni zaionean, Arauen aldaketa puntualak egitea. Eta kito.

Normalean, ldaketa puntualak salbuespenak izaten dira, noizean behin egitekoak, baina hemen, "lege" bihurtu dira udalaren eskutik, et hori 3 arrazoigatik izan daiteke: Arduragabekeriagatik, Jauntxokeriagatik, edo tranpa egiten ari direlako.

Guk uste dugu, kasu honetan, hiruak bildu direla.

1.- Alde batetik, NNSSen eraberritze prozesua luzea, adostu beharrekoa, Elgoibarko herri osoari eragiten diona izango da. Hortan sartzea lan handia da udalarentzat, eta ez du nahi izan ardura hori hartzea.

2.- Bestalde, Udalari errazagoa egin zaio, praktikoagoa, azkarragoa, NNSSen erabarritze prozesua hasi baino aldaketa puntualak egiten jarraizea. Izan ere, nahi duenean, nahi duena eta nahi duen erara alda dezake -udalean oposiziorik ez dagoela jakinda-, eta hori egiten ari da.

3.- Horrez gain, hau guztia PNVren jauntxokeriaren adierazgarri garbia dela esan dezakegu, alderdi honek beste indar guztiak baztertu, eta inorekin harremanik izan gabe egiten dituelako herri honetan gauzak. 

einbiou-k eskatzen du Elgoibarko Arau Subsidiarioak eraberritzeko. Aldaketa puntual gehiago ez da egin behar Arau orokorrak aldatu arte.

 


Utzi iruzkina: