Xabier Letona: “Fraide kaputxinoen hilabetekaria izatetik, kooperatiba astekaria izatera pasatu gara”
ARGIA astekariko zuzendaria den Xabier Letonak hitzaldia eman zuen azaroaren 14ko arratsaldean Mondragon Unibertsitateak Eskoriatzan duen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean (HUHEZI). Astekariaren historia, lanak eta arazoak izan ziren hizpide aipatutako hitzaldian, 1919. urtean astekaria sortu zenetik gaur egunera arte. Urteetan zehar ARGIAk “hainbat aldaketa” jasan dituela azpimarratu zuen Letonak: “Fraide kaputxino batzuen erlijio gaiak kontatzen zituen hilabetekari batetik, era guztietako gaiak jorratzen dituen kooperatiba astekarira pasatu gara”. Halaber, zuzendariak, Zeruko argia izatetik ARGIA izaterako aldaketak, magazine izateko formatu aldaketak, Susa argitaletxearen eta Apika informatika bulegoaren sorrerak ere izan zituen solasgai.
Arazoen gainetik
ARGIAk, urteetan zehar hainbat arazori aurre egin behar izan zizkiola nabarmendu zuen Letonak. “EUSKALDUNON EGUNKARIA sortzeko prozesuan parte hartu genuen eta hau oso positiboa izan zen arren, arazoak jasan behar izan genituen, izan ere, kazetari askok EUSKALDUNON EGUNKARIAra joatea erabaki zuten”. Bestalde ARGIAren koloreztatze prozesua ere aipatu zuen “koloretan inprimatzea oso garestia zenez, 1991an azala soilik ateratzen genuen koloretan, baina 1997az geroztik astekari osoa koloretan inprimatzeko erabakia hartu genuen”. Hitzaldiaren azken partean Xabier Letonak, teknologia berriei buruzko aipamenak egin zituen: “aitzindariak gara Euskal Herrian astekariak sarean jartzerako orduan eta nahiz eta bere garaian kontrajarriak izan genituen aldaketak zirela eta gaur egun Sareko argia dugu interneten”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: