Itxaropenaz
Mattinen hitzak, uztailaren 16ko elkarretaratzean:
Toki askotan, eta hemen ere bai, noiz edo noiz, erdera hutsez egiten da errazago zaielako, denbora gutxi dugulako, edo denek ulertzeagatik… Nik hiru arrazoi horiexengatik euskara hutsez egingo dut: errazagoa zaidalako, euskara behar den tokian jartzea presakoa zaigulako (ez dugu galtzeko denborarik), eta denek ulertzeagatik euskararen egoera nolakoa den, zer pentsatua emateko; honek ere zeresan handia du gatazkarekin eta bakearekin. Hau esanda:
Gure gizarteko egoera honek desesperantza eta etsipenera bultzatzen du; nik nolabaiteko itxaropena ikusarazi nahi nuke: bat oso luzerako eta bestea berehalako.
Gizateria, bere sorreratik, zorioneko izatera deitua dela sinetsita nago ni. Denok dugu zorion eta bake egarria. Nik ez dut zalantzarik helduko dela gizartea egarri hori asetzera. Guztiok denon onaren bila, ez nire ona, hasten garenean, sartu gara zorion eta bake bidean, baina denena: hasi Afrikan gosez hiltzen ari direnetatik eta Bush-enganainoko guztiena. Baina guk ez dugu denak hasi zain egon behar. Hemen gauden berrogei lagunok hori nahi ote dugu? Eta praktikan hori bizi ote dugu? Berrogei lagun baino talde txikiagoetatik hasita egin dira gauza handiak. Horretara animatu behar genukeela uste dut; hori aztertzera, nor bere lekuan, taldeka edo nolabait antolatuta. Guk honezkero ez dugu gauza handirik egingo, baina etorriko dira berriak eta jarraituko dute guk hasten duguna.
Etsitzea azkenekoa dela esan ohi da, baina nik azkenean ere ez dela etsi behar uste dut. Etsitzeko ez dago azkenik. Etsipenak ez du lekurik!
Mattin
Iruzkinak
Utzi iruzkina: