AULKIEN BOROBILARI AGUR

eginbideabakeari 1456132057449 egin bidea bakeari | 2012-05-15 23:04

2007.urtea zen. Udaberria. ETAk Madrilen T4ko atentatuarekin suetena apurtu zuen, gutako askoren ilusioak lurrera botaz. Gizartea jota eta  ilusiorik gabe bezala zegoen. Zatiketak eta aurreiritziz betetako jarrerek bakearen alde lan egiten zuten taldeak eta pertsonak batzea oso zail egiten zuten. Bakoitza gure arrazoiekin, gure argudioekin, gure kritikekin, gure lehentasunekin, gure ekimenekin, gure helburuekin, gure egiekin, gure aldetik genbiltzan. Topo egin ezinik. Irteerarik gabeko zirkuluaren barruan itzuliak emanez bezala genbiltzan, burua galtzeko eta itxaropena bera ere galtzeko arriskuan.

Egoera horren aurrean, Bidea Helburu taldeak,  baliabide ez bortitzekin bakea lortu behar dela pentsatzen zuten pertsona anitzak onartu zezaketen ekimen bat abiaraztea pentsatu zuen. Pertsona anitzen arteko elkarlan esperientzia bat egitea zen helburua, zenbat eta aniztasun gehiago hobe.

Ekimenaren sustatzaileek saiakera ez zela erraza bazekiten. Une hartan saiakerak aurrera egiteko zituen zailtasunak ezagutzen zituzten, bazuten jakiteko haina esperientzia, baina ez ziren kikildu, aurrera egin zuten.

Bidea Helburuko kideak, bakearen aldeko erakundeetako kide batzuekin harremanetan jarri ziren, ideia proposatzeko eta parte hartzera gonbidatzeko,  era erabat pertsonalean. Hortik jaio zen,  lehenik talde sustatzaile txikia eta "Egin Bidea Bakeari" ekimena ondoren.

Lehen lana, ekimena, bere arrazoiak eta helburuak azalduko zituen jakinarazpena adostea izan zen. Egia esan, arazotsu gerta zitezkeen elementuak alde batera utziz, adostasuna lortzea ez zen zailegia izan. Benetako borondatearekin, akordioak posible gertatzen direla garbi utziaz.

Ekimenaren xehetasun praktikoak ere erabaki ziren:

•    Topaketak Boulevard-en, hileko lehen eta hirugarren ostegunetan egitea.
•    Borobilean jarritako aulkietan eserita 15 minututan  isilunean mantentzea.
•    Une bakoitzean  interesgarriak izan zitezkeen pertsona edo taldeak Borobilera gonbidatzea.

Hau da jakinarazpena:

“ Bulebarreko topagune/espazio biribil honetan biltzen garen pertsonok gure herrian bakeak aurrera egitea nahi dugu. Elkarrekin bakean bizi nahi dugu. Halaxe nahi du gure gizarteak. Ez dugu nahi datozen belaunaldiek egungo indarkeria adierazpen hauek jaraunsterik.
 
Gure adierazpideak biribilean ipinitako aulkiak eta isiltasunaren indarra dira. Gatazka luze bateko parte sentitzen gara eta konponezin hori gizatiartu egin nahi dugu, indarkeria gabeko bideetatik zuzendu, hitza, elkarrizketa eta parte-hartzea erabiliz, giza eskubideak  inoiz eta inola urratu gabe.
 
Bizi dugun egoerak sortzen duen sufrimendu izugarria ez dugu ahazten. Sufritzen duten guztiei gure elkartasun  osoa  adierazten diegu.


 Bakean bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu.
Herritarron ekimen apal honen asmoa elkarrizketa bultzatzen duten beste ahalegin batzuekin bat egitea da; ez ditu, inola ere, ordeztu nahi.

Espazio berean esertzearekin erakutsi nahi dugu prest gaudela guztiona den leku hau elkarbanatzeko, elkar errespetatuz, eta taldean adierazi nahi dugu asper-asper eginda gauzkala etengabeko indarkeria eta eskubide-falta egoera honek.

 Ardurak dituztenak BERRIRO ESER DAITEZEN ESERIKO GARA HEMEN, bakea bilatuko duen prozesu berri bati ekin diezaioten. Ez dugu etsi nahi, gaurko konponezin egoera honetan, objektu pasiboak izatera. Ez dugu ezer egin gabe geratu nahi, kulpa guztiak besteei botata.

Bakeari bideak ireki nahi dizkiogu eta pertsona guztiei eta bakoitzari gonbita egiten diogu, egunero bakea eraikitzeko aktiboki zer egin dezakeen pentsa dezan. Hasteko, topagune-aulki hauetan esertzera gonbidatzen zaitugu, non ideia eta izaera oso desberdineko pertsonak baikaude. Zenbat eta gehiago bildu, hainbat eta hobe.”

(Oharra: Hizki lodian dagoena bigarren fase batean, 2009. urte aldera erantsi zen.)

Hasieran taldeko izan ziren pertsonetatik batzuk, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, topaketetara etortzeari utzi egin zioten une batean edo bestean, baina beste batzuk berriz elkartzen joan dira. Talde egonkor bat beti egon da. Ekimenaren inguruan maiztasun gehiagorekin edo gutxiagorekin biltzen ziren pertsona taldea sortzen joan da eta beren artean pixkanaka eratu den estimua eta elkar ulertzea azpimarratu nahi dugu. Baloratu behar da, ordurarte, elkar ezagutzen ez genuen pertsonak ginela kasu askotan, eta gaur oraindik ez dakigu bakoitzak nola pentsatzen duen ere

Arrazoi bategatik edo besteagatik taldea utzi duten pertsonak  ezin ditugu ahaztu, ezta guregana  hurbildu  eta itxaroten zutena ez aurkitzean jarraitu ez dutenak ere. Gure errespetu osoa.

Gurekin izan ziren eta utzi gintuzten pertsonen arrazoiak ez ezagutzearen pena geratzen zaigu, baina onartu behar da.
Hileko lehen eta hirugarren ostegunetan bildu gara, eguraldi onarekin eta txarrarekin, lan eguna edo jai eguna izan elkartu gara. 100 topaketa baino gehiago egin ditugu.
Esanahi handiko pertsonek, gurekin eseriz, beren babesa eman digute, abestu dute, dantza egin dute, txalaparta jo dute, grafitiak margoztu dituzte eta abar.

Nolanahi ere, isilunea izan da topaketen elementu nagusia. Isilunearekin, eseri garen aulkiez eratu dugun borobilak, nahiz eta era apalean, Euskal Herriarentzat desiratzen dugun egoera irudikatu  nahi izan dugu.

Gure baliabideak mugatuak izan dira, hala ere, demokratikoki funtzionatu dugu, nahiz eta norbaitek egindako akatsen bat egotzi ahal izan, muga horien erruz hain zuzen ere. Ekimenaren balorazioak egiteko eta berriz planteatzeko bilerak eta galdeketak  egin dira.
Taldea autokudeatu eta autofinantzatu egin da bere funtzionamenduko gastu gutxietan.

Bere edukiagatik edo errealizazioagatik, kolaborazioengatik edo beste arrazoi batzuengatik hunkigarri eta atsegingarriak izan dira topaketa batzuk, beste batzuk berriz, errutinazkoagoak, denetik izan dugu.

Topaketetan  benetakotasuna eta bakezaletasun handia nabari izan da.

Ez da erraza izan itxaropenari eustea hilabete luze hauetan, baina eutsi diogula uste dugu, baita elkartu garen ia bost urteen zehar bizi izandako unerik zailenetan ere.

Hilabete hauetan,  pertsonalki eta taldean, ekimen hain apalak eraginkortasunik ba ote zuen arazo hain handiaren konponbidean galdetu diogu gure buruari, egiten genuenak zerbaitetarako balio ote zuen alegia. Hondar ale bat jarri dugula ziur gaudela esan behar dugu.

Pauso oso garrantzitsuak eman dira arazoaren konponbiderako eta lortu nahi genuen helburuaren norabidean azken hilabeteetan zehar:

•    ETAren iragarkia indarkeria behin betiko uzten duela adieraziz.
•    Azken hauteskunde orokorretara eta udaletakoetara, sigla desberdinekin Ezker Abertzalea aurkeztu ahal izana, eta lortutako emaitza bikainei esker erakundeetan  bere lana egitea ahalbidetzen duena.
•    Donostiako Nazioarteko Konferentzia eta gatazken konponbidean adituak diren nazioarteko sei pertsona esanguratsuengatik sinatutako Aieteko Adierazpena.
•    Gizartearen parte handiak presoen erreibindikazioetatik asko onartu ditu.
•    Elkarrizketaren alde mugimendu garrantzitsuak ari dira sortzen.
•    Bizikidetasunaren eta adiskidetzearen aldeko Hainbat ekimen agertzen ari dira.
•    SORTU-ren legeztapena gero eta hurbilago ikusten dela dirudi.
•    Ezker Abertzalea normalizazioranzko pauso garrantzitsuak ematen ari da.

Guztia egina ez dagoela eta lanean jarraitu behar izango dela badakigu. Parte har daitekeen ekimen asko ditugu eskura.
Egoera berriak, bakearen alde lan egin duten mugimendu asko beren posizioak berrikustera  eragin ditu, guk ere gure etorkizuna ikuskatu behar izan dugu.

Hainbat bilera egin ditugu azken udatik, asistentzia eta parte-hartze handiarekin.

Erabakia ez da erraza izan. Iritziak zatituak egon dira. Jarritako helburuak bete diren edo ez jakitea zaila da. Batzuentzat beteak daude, besteentzat berriz ez. Bakoitzak jarritako itxaropenak ere ez dira berdinak, gure arteko aniztasuna dela eta hain  zuzen ere. Ez genuke ahobatezkotasunik inoiz lortuko puntu honetan segur aski.

Oso zaila  egiten da ahobatezkotasuna lortzeko eman beharreko baldintza zehatzak finkatzea.

Puntu honetan iritzi desberdinak izan da, denbora luzean taldea sendo mantentzea zaila dela  badakigu, eta etorkizunari aurre egiteko sendotasuna beharrezkoa dela ere bai.

Nabari dirudiena zera da,  gizartea, markatu genituen helburuen bidean dagoela eta lortzeko arrazoizko posibilitateekin gainera.
Irautea izan da hasieratik erronka, baina ia bost urteren ondoren, lehen aipatutako arrazoiak kontuan izanez,  ekimena amaitutzat ematea zuhurragoa dela uste izan du gehiengoak, izan ere,  jarritako helburuak betetzat emateari eta ekimena bukatutzat emateari dagokionez ikuspuntu desberdinak  izateak,  taldearen indarrak eta taldea bera ahuldu egiten baititu aurrera begira, higaduragatik, hau bezalako ekimen batek merezi ez duen amaiera izateko arriskuan jarriz. Hau, ñabardurekin bada ere, izan da sen nagusia.

Beraz, 2012ko Urtarrilaren 24ko bileran, gehiengo zabalez, honakoa erabaki zen:

•    Boulevard-en egiten ditugun topaketak bukatutzat ematea, 2012ko Maiatzaren 3an egingo dugun azkeneko topaketa bereziko ospakizunarekin.
•    Ekimenaren inguruan urte hauetan zehar eratzen joan den taldea oso interesgarria dela kontuan hartuaz, posta elektronikoaren bidez kontaktuan mantentzea, normalkuntza prozesuan atzerakadak gertatzen direlako, hartzen den erabakia atzera botatzea beharrezkoa balitz ere.  

Lan asko geratzen da oraindik: presoak, biktimak, bakea, bizikidetasuna, adiskidetzea, eta abar. Euskal Herriaren geroa eta bere errebindikazioak  geratzen dira. Gure aniztasunak, bakoitza bere ahaleginak alor batera edo bestera zuzentzera eramango gaitu. Zeregin asko eta  alor asko daude lanerako. Bakoitzak aukeratuko du berea.

Amaitzeko, bizi izandako esperientzia BAIKORRA eta ABERASGARRIA izan dela esan dezakegu. ESKERRAK GUZTIEI.

Donostia, 2012ko maiatza.


Utzi iruzkina: