PNVk alde bateko biktimak bakarrik omentzen ditu. Besteak, eta bereak, ahaztuaz
Datorren larunbatean Elgoibarko udalak egingo duen biktimekiko ekitaldia dela eta, Ezker abertzaleak zera azaldu nahi du:
Penaz ikusten dugula, nola gure herriko alkateak, PPko zinegotziari behin eta berriz men eginez, berriro ere, alde bakarreko biktimen omenaldia antolatu duen. Honelako ekitaldiek, Euskal Herrian bizi dugun gatazkaren ukazioan sakontzea bilatzen dute: Euskal Herrian gatazkarik ez dela, ETA-ren “arazoa” baino.
Gaur, noiz enegarrenez saltzen diguten bide polizialaren bidez ETAren bukaeratik gertu gaudela(azken atxiloketak), honelako ekimenak estrategia horren barruan kokatzen ditugu. Gatazkaren ukazioa eta bide polizial eta errepresiboen justifikazio eta eraginkortasuna saltzen dizkigute.
Espainiar estatuak eta frantses estatuak ez daukate arazo bat ETArekin, herri honekin baizik. Euskal Herriak ez dauka erabakitzeko eskubiderik onarturik eta eskubideen ukazio hori da herri hontara gatazka eta sufrimendua ekartzen dituena. Bitartean, gatazka bera ukatzen eta bide errepresibo eta polizialean sakontzen segitzen bada, emaitza zein izango den badakigu: alde guztietako sufrimendu gehiago, biktima gehiago...
Ezker abertzaletik behin eta berriz aldarrikatu eta defendatu dugu gatazka hau gainditzea behar beharrezkoa dugula, eta hori negoziazio eta elkarrizketatik baino ez dela etorriko. Alde guztietako sufrimendua eta biktimekin bukatzeko bidea hori da, eta horri ekiteko ardura daukagu instituzio zein eragileok. Gainontzeko guztia gatazkaren luzamendua eta sufrimenduaren betikotzea elikatzea da, eta ekintza honekin, hain zuzen ere, herritarren arteko zauriak areagotzea.
Hau horrela, larria iruditzen zaigu PNV eta EAren jarrera udaletik era honetako omenaldiak antolatzean, alde bakarreko biktimak oroituz, beste askotan ezikusia egiten dutenean. Elgoibarren, lehen eta oraingo preso poltikoek, edota altxamendu faxistaren aurka gudan hildakoek, edo fusilatuek ez dute inoiz, ez omenaldirik, ez eta interes agerpen duinik izan Udalaren partetik. Udalak ez luke inoiz ahaztu behar guztion ordezkari dela.
Elgoibarko Ezker abertzalea
2009-04-22
Iruzkinak
Utzi iruzkina: