Merkadilloa: Elgoibarko herritarren nahia bete da 6 urte eta gero.
Elgoibarko Ezker abertzaleak Elgoibarko herriari:
Hasteko, noski, Merkadilloaren alde egin duten Elgoibarko herritarrak eta hainbeste sufritu duten langileak nolabait zoriondu, uste dugulako, euren borrokarengatik izan ez balitz –nahiz eta beranduegi izan- gaur ez zela merkadilloa herri erdian egongo.
Gertaerak gogoratzeko:
6 urte handi pasa dira PNVak, era bortitz eta inposatzailean, Uztaila-abuztuan, merkadilloa herri erditik kendu zuela. Horrek, azken urteetan, herrian izan den iraulketa handienetakoa ekarri zuen. Ia 3 urteetan zehar mozioak, elkarretaratzeak, manifestazioak, herritar ekimenak, eta, azkenik, herri galdeketa egin ziren. 3600 herritarrek, errolda eskuan, bozkatu zuten merkadilloak herri erdian jarraitzearen alde. Udaleko PNVko alkateak, eta gobernu batzordeak, ez zuten kasurik egin.
2.- Are gehiago, izatez, udal ez demokratikoa zen hark –ezker abertzalea udaletik kanpo utzita baitzegoen- era ez-demokratikoan jokatzen jarraitu zuen, botereaz abusatuz, Udaltzaingoa herritarren kontra jarriaz, Ertzain armatuak plazara ekarriaz eta epaitegietara kasua eramanez. Herritarrak astindu zituzten Plazan, langileen tendereteak desegin, isunak jarri, eta azkenik, epaitzera eraman zituzten, oraindik ere, ordaintzen ari diren kalteak sorraraziz.
3.- 6 urte handi pasa ondoren, PNVak, berriz ere, itxuraz, hainbat ikerketa egin eta gero, -zenbat diru publiko xahutu dute ikerketa honetan?, edo, agian, hauteskunde kanpainari hasiera eman nahian, ezer gertatu ez balitz bezala, erabaki arrunt bat izan balitz bezala, Merkadilloa herri erdian jartzea erabaki du.
Elgoibarko Ezker abertzaleak, itzulera hau ikusirik, eta honekin dena normaltzat hartu nahi dela ikusirik, zera adierazi nahi du:
1.- Alde batetik, Merkadilloaren afera agintariek kontzienteki hartutako erabaki oker batek zer kalte egin dezakeen erakusten duen adibide garbia da. Erabaki honek, izatez larri zebilen herriko merkataritzari kalte nabaria egin zion; bertako langileei ere sekulako kalea, bai ekonomikoa (isunak, epaiketak) bai soziala (langabezia, ziurtasun falta, aurrejubilazioak) bai pertsonala (depresioak, haserreak); eta oro har, herritarrei, batez ere, behartsuenei, nagusiei, hau da, merkadilloaren erabiltzaileei, kalte egin zion.
2.- Bestetik, Merkadilloaren afera jokabide ez-demokratiko eta inposatzailea erakusten duen adibide garbia da. Herritarrek hasieran, sindikatuak gero, mugimendu sozialek bilerak eskatu zituzten alkatetzarekin, PNV alderdiarekin -Elkarrizketa eskatu zuten hainbat aldiz-, eta ezezko borobila izan zen erantzuna. Are gehiago, legediak eta ordenantzak aldatu zituzten, arazoa konponbidean baino galbidean jartzeko, eta gainera, polizia bidali zuten eta udaltzaingoa erabili –manipulatu- zuten, euren alderako, herritarrengandik urrutiratuz.
3.- Azkenik, hau gure herriko eskuinak, PNVak, gobernatzeko daukan moduaren adibidea da. Maniobra honek, eta hemendik aurrera egingo dituzten holako modukoak, ezin dizkigute begiak itxi. Azken hiru urteetan, Arau Subsidiarioen berrikusketan, berdintasunaren arloan, Pilarreko kasuan, Olasoko errotondaren kasuan, Apartheid politikoaren kasuan, e.abarren, PNVak kasu gutxi egin dio herritarren iritziei, edo txarragoa dena, alde bateko herritarrei bakarrik kasu egin diela ikusten ari gara, “parte hartze” hitza era instrumentalean bakarrik erabiliz, hau da, berak nahi duena egiteko. Hori da euren gobernatzeko modua. Lehen, eta orain.
Horregatik, Elgoibarko Ezker abertzaleak, salatu nahi du:
Gai hau, PNVren aldetik, sorrarazi duen sufrimendua ahaztuaz, fribolitate hutsez erabili izana, eta, orain, PNVko alkatea merkadilloaren salbatzaile bezala agertzeko ahaleginak
a) hiru urte kostatu zaionean merkadilloari buruzko erabakia hartzea, lehenengotik garbi zegoenean, 3600 bozka alde baitzeuden.
b) hiru urte hauetan, herriko merkataritza ahuldurik egon dela, egoera honen arduradunak, alkatetzak, irteera eskuan izanda, aplikatu ez duelako.
c) hiru urte hauetan merkadilloa erdi hilda utzi dutela, 21 postu bakarrik gelditu direla, lehen 40 zeudenean, eta batzuk hileko errenta ordaintzeko ere arazoak izan dituztela.
2.- Gainera,
d) Langileak eta herritarrak 6 urtez, astero, toki heze eta ilun batean eduki dituzuela, euren errua ez onartzearren.
e) Behar ez zen ikerketa egiten dirua gastatu dela, emaitza jakin batera heltzeko.
Bukatzeko, adierazi nahi dugu, udaletik kanpo egonda ere, Ezker abertzaleak jarraituko duela, Merkadilloarekin egin zuen bezalaxe, herri borrokak aktibatzen, herritarren nahiak kontuan hartu, eta irizpide hauek gizartera eramaten, gauzatzen, beste Elgoibar hobeago bat, posible bakarrik ez, beharrezkoa dugulako, etorkizunean.