AZAROAK 25 INDARKERIA SEXISTAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Azaroaren 25a, Emakumeon kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko
eguna, duela gutxi arte jendartean nahiz eremu instituzionalean aintzat hartzen
ez zen eguna zen. Egun ordea, aintzat hartzeaz gain, indar politiko guztien
aldetik “politikoki zuzena” den diskurtsoa eta irudia sustatzen ari dira. Gure
ustez, horrelako sasi-jarduera politikoa eta itxurazko diskurtso horren bidez,
instituzioek indarkeriaren jatorrian
duten erantzukizuna ezkutatu eta indarkeria bera jendarte patriarkalaren
ondorio zuzena dela aitortzea saihestu nahi dute.
Emakumeon
kontrako indarkeria, indarkeria
patriarkala, emakume eta gizonen arteko harreman hierarkikoaren ondorioz eta
emakumearen gizonezkoarekiko menpekotasunean sakonduz, emakumeok sufritzen
dugun indarkeria da eta jendarte honek eragiten dituen diskriminazio egoera
guztietan du oinarria. Egun munduan zein Euskal Herrian dugun arazo politiko
eta sozial larrienetakoa delarik.
2008a hasi zenetik 5 emakume erail dituzte eta duela ia bi hilabete
beste emakume bat desagerturik dago, honek dakarren esangura politiko eta
sozialarekin. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunerokoa dira
gurean. Elgoibarren 2006 eta 2007 artean 28 salaketa izan ziren (hirutik bat
baino ez da salatzen!).
Administrazioen aldetik, emakumeon aurkako indarkeriari aurre egiteko
martxan dauden lege, protokolo eta akordio instituzionalak, ez dira praktikan jartzen ari edo/eta antzuak
dira. Ez dute ahalbidetu ez prebentzio integrala
ezta babeserako neurri eraginkorrik ere. 2005ean onarturiko Berdintasun Legeak
emakumeen aurkako indarkeriari buruz hainbat ekimen jasotzen baditu ere hutsune
estrukturalak eta gabezi nabarmenak ditu. Legeak jasotzen dituen neurriak
aplikatzeko ere, ezintasuna dago, mekanismo behartzaileak ez baititu jasotzen
eta horien betetzeko dagoen borondate falta agerizkoa da.
Hau guztia gutxi balitz, administrazioek sustatzen duten itxurakeria
salatu beharra dago. Izan ere, indarkeriari aurre egiteko politika integrala
eta eraginkorra oztopatzeaz gain, mugimendu feministaren borroka eta zehazki
indarkeria sexistaren kontrako borroka asimilatzeko saiakera iruzurtiak
garatzen ari dira.
Elgoibarko ezker abertzalea
Iruzkinak
Utzi iruzkina: