ALFREDO TRAMPA EGITEN ARI ZAIGU.

eea 1456132042576 Elgoibarko Ezker Abertzalea | 2009-11-16 12:51

Ezker abertzaleak salatu nahi du, gaur, alkatetzaren jokabidea.

Arau subsidiarioak egiterakoan, etorkizunera begira herritarren parte hartzea bultzatzen ari direla diote ahobetez, baina gero, aldaketak eta eraikuntzak eurak pentsatutakoaren arabera egiten ari dira, beste inork esandakoari kasurik egin gabe.

 

Hau da Pilar ikastetxearen inguruko kasua. Gaur jakin dugu udalak lizitazioak egin dituela obra aurrera eramateko. Eta ez zaigu zilegi iruditzen arauak eztabaidatzen ari garen bitartean, horrelako erabakiak hartzea. Etorkizunera begira eragin handia izan dezaketen erabakiak arauak onartuta eta gero hasi beharko dira egiten, bestela akabo, esandako guztiak ez du ezertarako balio.

 

Ezker abertzaleak egin dituen 80 proposamenen artean, zera proposatu du, Pilarreko eraikuntzari begira, gaur egungo asmoen berrazterketa egitea.

Berrazterketa hau beharrezkoa ikusten da, Urasandi-berriko antolaketa, agian, beste modu baten egin baidaiteke.

 

Izan ere,

 

1.- Pilarren egingo den eraikuntza erabat bertikala da, 6 edo 7 pixu izango ditu, zaharren egoitzetarako aldundiak berak duen irizpidea ere betetzen ez duen eraikuntza, beraz.

            Hospitaleak, eskolak, zaharren egoitzak eta horrelakoak egiteko irizpidea

            horizontalitatea da, zabalerara egin behar dira, ez gorantz.

 

2.- Ez ditu sarrera onak izango, horregatik bat atzealdetik, gainetik egin beharko dute, Urasandiko desnibel handia gainditzeko. Horrek erabat baldintzatzen du egoitzaren egitura, seigarren pisutik egin nahi baitzaio sarrera, eta barrualdea ere horretara egokitu beharko delako.

3.- Ez da erosoa izango, Nagusiak 3 edo lau pisutan banaturik egon beharko dira, igogailuak erabili beharko dira ezinbestean, eta langileak gora eta behera.

 

#

Horregatik, ezker abertzaletik berrazterketa eskatzen dugu. Zergatik ez Urasandi berri erabili eraikuntza horizontalago bat egiteko, gune berde handi batekin, eta Pilarreko orubea etxeak egiteko erabili?

 

Proposamen hau udalera bidalita dago, baina lizitazioak egiten ari badira, horrek esan nahi du atzera ezinezko pausuak ematen ari direla, inorekin kontatu gabe. Parte hartzea, aurpegia zurtizeko bakarrik ote? Ala udalak nahi dituen aldaketei men egiteko? Hori ez zaigu iruditzen garbi jokatzea denik.

 

Elgoibarko ezker abertzaleak eskatzen dio Alkatetzari,

 

1.- Gera ditzala, oraingoz, eta behar diren arauak onartu arte, eragin handia izan dezaketen proiektuak. Zehazki, oraingoan, gera ditzala Pilarreko proiektua.

 

2.- Pilarreko proiektuaren deserosotasuna kontuan hartu dezala, eta egoitzaren kokapena berraztertu, agian, proposamen hobeak dauden ikusteko.