Zer eman digu Prest! aldizkariak?

pedrozuberogoitia@outlook.com 1620463638465

   2019an Prest! aldizkaria 200 zenbakira iritsi zen. Hori dela eta, lerro batzuk idazteko eskatu zidaten. Aurtengo martxoan, berriz, 20 urte bete ditu eta idazkitxo hura -pare bat gauza aldatu ondoren- blogera ekartzea otu zait. Hemen dituzue orduan esandakoak: 

  Lehengo batean, Bilbotik gure auzoetarantz busean gentozela, mende erdia atzean utzitako bikote bat suertatu zitzaigun parean. Berehala ohartu ginen zerabilten autua interesgarria zela oso…Belarriak zorroztu eta, disimulatzeko, mobiletako pantailetara begira-begira jarri ginen.

- Gogoratzen duzu zelako handi-usaineko ametsak genituen duela 20 urte? Gure herria askatuko genuela uste genuen, bizimodua beste era batera antolatzeko gauza izango ginela, gure hizkuntza edonon eta edonoiz entzungo zela…

- Basa baino tontoagoak ginen,,,eta ez du balio esatea gazteak ginela, horrelako eldarnioetan murgiltzea guk egin genuen moduan ez da normala.

- Tira, dena ere ez, eh? Lartxoan ari zarela esango nuke…Zer edo zer lortu dugu. Beitu, adibidez, gure ekimenez jaio zen Prest! aldizkaria…

- Prest!? Benetan zabiltza? Burukominak kenduta zer eman digu aldizkari demontre horrek ba?

- Bo, gauza handirik ez baina, adibidez, egun badakigu Deustualdeko 2700 etxetan euskarazko prensa idatzia sartzen dela hilean behin…

- Bai, hilean behin aldizkaria etxean, ados, baina horrez gain, zer?

- Badago beste kontu bat. Hogei urte hauetan gure bizilagun askoren berri izan dugu eta sarritan oso gauza interesgarriak zituzten kontatzeko.

- Ez dut hori ukatuko. Baina euskarazko prentsa zabaltzeaz eta gure arteko elkar ezagutza aberasteaz gain, zer ekarri digu Prestek?

- Pasa den mendean publizitatea euskaraz ikustea ez zen oso ohikoa…

- Egia, egia, baina aitortu: euskarazko prentsa bultzatu, elkar ezagutza sustatu eta publia gure hizkuntzan ateratzeaz gain, zer deabru eman digu Prestek?

- Esango nuke Deustualdeko historia hobeto ezagutarazten eta gure auzoen arteko aldeak txikitzen ere lan polita egin duela…

- Bale, bale, baina, ea ulertzen duzun: euskarazko prentsa bultzatu, elkar ezagutza sustatu, publia gure hizkuntzan atera, Deustualdeko historia hobeto ezagutarazi eta gure auzoen arteko aldeak txikitzeaz gain ZER DEMONTRE EMAN DIGU PRESTEK??

- Humm…agian arrazoia duzu, egindakoak hor daude baina ez dira nahiko. Hori bai, badakit jende gaztea ibili badabilela orain proiektutik tiraka, sarean duen lekua handitzen, bideragarritasun ekonomikoa lantzen eta abar. Ziurrenik 20 urte barru aitortu beharko didazu zeozertxo bat ekarri digula gure aldazkiriak, ez duzu uste?

- Ez dakit ba, lehenengo osorik heldu beharko gara 2041era eta ez da erraza izango mundo zoro honen martxa ikusita…

- Et, et, et, ez zaitez jarri katastrofista, horixe helduko garela, oraindik guk geuk ere gauza asko egin behar ditugu eta ;-)

 


Utzi iruzkina: