Sarriko
Zalantza handi barik, esan dezakegu gero eta ezagunagoak diren mendi-maldak albo batera utzita, Deustualdeko birika eta olgetarako gune zabalena Sarrikoko parkea dela. Baina nork jarri zion izena paraje horri? Bada Zubiriako kondeak izan ziren Ibarrekolandan zeukaten lursaila bataiatu zutenean XX. mendearen hasieran.
Zubiriatarrak, nafarrak jatorriz –zehazki, Bakaikoakoak–, Deustun finkatu ziren XVIII. mendearen hasieran. Leinu horren barruan jaio zen Tomás Zubiria Ibarra 1857an. Gizonak ibilbide politiko oparoa egin zuen: Gorteetan diputatu, Espainiako erresumako senataria, Errestaurazio garaiko jauntxo garrantzitsua… Sarri gertatzen den bezala, erregimenaren alde egindakoek saria ekarri zioten: 1907an Zubiriako Kondearen titulua jaso zuen.
Garai beretsuan, orduko jauntxo eta dirudunen artean boladan zegoenari eutsiz, bere mailari zegokion tamainako bizilekua eraikiarazi zuen Ibarrekolandako bere lurretan. Finka berriari Sarriko izena jarri zion eta bi etxe-ate zeharkatuz sartzen zen bertara. Batak, Etxezuri bidekoak, zutik dirau; bestea, ordea, atzeko sarbidea zen eta kanala eraiki zenean bota zuten Sarrikoetxe baserriarekin batera. Landabaso bidean, berriz, zaldientzako eraikinak zeuden.
Eraikin nagusia Severino Atxukarrok XIX.mendearen amaieran diseinatu zuen jauregia izan zen. Bi solairu zituen eta makurdura handiko teilatua. Etxezuriko bidean altxatu zen –eta egun zutik dirauen– old english estiloko eraikina, berriz, Manuel Mª Smith arkitektoarena da. Ingurua nabarmen edertu zen 1928an egin ziren txukuntze-lanei esker: bidexkak, iturriak, loreak, apaingarriak… Egun ikusi ahal den harrizko arkua ere –familiaren armarri eta guzti– une hartan eraiki zuten.
Tomas Zubiriak ez zuen aukera handirik izan hobekuntzez gozatzeko handik gutxira hil baitzen, 1932an hain zuzen. Horrela bada, ez zuen ikusi bere erresuma txikiaren gainbehera: gerra piztu zenean 1936an errepublikaren aldeko milizianoek jauregia kontrolpean hartu zuten biltegi bezala erabiltzeko eta handik gutxira erre egin zen. Maria del Carmen Somonte Basabe kondesa, berriz, Areetan finkatu zen gudak iraun zuen bitartean.
Gerra amaitzean, berriz, alargunak jauregia mediterranear estiloan berreraikitzea agindu zuen. Era berean, atari-etxe berria altxatu zuten –egun bus geltokiaren ondoan dagoena– baina ez zuten bota Etxezuri izkinakoa. Dena den, ingurua aldatzen ari zen eta aldaketok laster nabaritu ziren finkan ere. Kanalaren obrak zirela eta, behekaldeko bi baserriak bota zituzten eta 1950eko hamarkada amaieran familia Areetan zuen etxera mugitu zen. Horrela bada, 1960an udalak 63.000 m2 zituen finka erosi zien Zubiriatarrei. Urte berean udalbatzak lurrak Hezkuntza Ministeriora –bertan Zientzia Ekonomiko eta Enpresarialen Falkultatea egiteko– doan uztea erabaki zuen.
Fakultateak, lau urte lehenago sortu zuten arren, ez zuen egoitza finkorik eta kokapen berriari esker hazkunde eta finkatze bidean jarri ahal izan zen. Hasieran ikasgelak kondeen txaletean bertan zeuden baina 1964-65 ikasturterako Jesús Basterretxeak diseinatutako eraikin berrira pasatu ziren. Lau urte beranduago Bilboko Unibertsitatea sortu zen, apurka-apurka hazten joan zena Fakultate eta Unibertsitate Eskola berriak gehituz. Jakina denez, bertatik jaio zen 1980an EHU eta, beraz, esan dezakegu Ibarrekolanda izan zela EAEko unibertsitate publikoaren seaska.
Parkeari dagokionez, gure lorategi botanikoa dela esan dezakegu. Hainbat eraldaketa eta mutilazioren ondoren parkeak azalera galdu duen arren –31.920 m2 ditu– badago non gozatu zuhaitzen gerizpe goxoaz edota urtaroz urtaro aldatzen diren lore sailen artean. Beraz, badakizue, sekuoia alerik edota Larrakotorreko harriak ikusi nahi baduzue derrigorrezkoa da osteratxoa egitea berdegune eder honetara.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: