Mendi-lepoko hilerria

pedrozuberogoitia@outlook.com 1635705661942

   XIX. mende amaiera aldaketa handien garaia izan zen mundu osoan eta Ibaizabaleko bazterrak ez ziren salbuespena izan. Industria astuna heldu zen gure herrietara, errepide eta trenbide berriak egin ziren, auzo berriak altxatu ziren fabriketan jardutera zetozenentzat eta abar. Biztanle kopuruak arin egin zuen gorantza eta, ondorioz, baita hildakoenak ere. Bestalde, higieneari garrantzi handiagoa ematen hasi ziren eta, beste hainbat berrikuntzekin batera, hilerriak berriztu edota zabaldu egin ziren.

   Deustukoari dagokionez, 1894an egin ziren lehen lurperatzeak Elorriaga mendiko mahasti batean, Ibarrekolanda eta Goiri -egungo Arangoiti- auzoen artean eraiki zuten kanposantoan. Beraz, XX. mendean zehar hildako deustuar asko eta asko bertan lurperatu zituzten, hiltzerakoan ere bakoitzaren egoera sozioekonomikoari eutsiz: senitarte boteretsuenetakoak panteoi -dozenaka daude- eta hilobi ederretan eta herritar xehe askorenak, aldiz, horma-hilobietan. 1988an egin ziren azken lurpeko hilobiratzeak, ordurako erakundeek hilerriaren erabilera mugatzeko eta beste herri-lan batzuk egiteko asmoa baitzuten.

   Asmo horien artean Enekuriko errepide berria eta Arangoitirako sarbidea zeuden. Horiek egiteko 1999an Bizkaiko Foru Aldundiak hilerriko beheko aldea desjabetu zuen. Urte batzuk beranduago, 2008an hain zuzen, Udalak egoera kaxkarrean zeuden hilobiak erretiratu zituen. Horri esker, egun 8.000 m2 dituen kanposantuko eremu berdeak ugaritu ziren eta hobekuntza horri bertatik dagoen ikuspegi ederra gehitu behar zaio. Bihar bertara gerturatzen denak gure auzoetako abizen ezagun asko ikusiko ditu hilarrietan, tartean Juan Ajuriagerra buruzagi jeltzalearena.


Utzi iruzkina: