Hainbat auzoz osatutako herria

pedrozuberogoitia@outlook.com 1707239861990

   Bitxia egingo bazaizue ere, gaur Lengua ikasgaian lantzen den figura literario bat ekarri nahi dizuegu gogora, sinekdokea hain zuzen ere. Jakina denez, sinekdokea osotasuna zatiagatik –edo alderantziz– ordezkatzean datza. Gehienetan, figura erretoriko hau erabiltzeak hizkuntza aberastu edota edertzen du, baina badaude erabilera nahasgarriak. Oso ezaguna den bat aipatzearren, badira Basque Country erabiltzen dutenak buruan EAE –Euskal Herriko mendebaldea– baino ez duten arren. Edo, gertu-gertura etorrita, Deustu aipatzea baina benetan gure herria osatzen duten auzoetatik bakarra adierazi nahi izatea.

   Arazoak, bistan da, ez dauka konponbide errazik. Gerra ondoren sortu ziren auzo berrietara etorri ziren milaka lagunek identitate berriak garatu dituzte eta, hainbat arrazoi direla medio –klase sozialen arteko aldeak eragindako haustura ez da txikiena–, identitate berria Deustu Doneperiagarekiko tartea markatzean oinarritu da. Arangoiti edota San Inazio periferiako auzo-langile arrotzak ziren pedigridun deustuar askorentzat eta, hori ikusita, bertako bizilagun askoren erantzun logikoa deustuartasunari uko egitea izan zen.

   Deserrotzeari dagokionez, badago aipatzea merezi duen beste arrazoi sendo bat, kanalaren eraikuntza, hain zuzen ere. 1950eko hamarkadan egin zen obra honek, Euskalduna auzunea, hainbat baserri eta Etxezuri futbol zelaia betiko desagarrarazteaz gain, auzoen arteko loturak eten zituen. Pentsazazue, adibidez, zein erraz joan ahal zen Ibarrekolandatik Erriberara edo Elorrietatik Zorrotzaurrera garai hartan…

   Halere, periferian ere beti egon dira era batera edo bestera erroei eta memoriari eutsi diotenak. Arangoitin Los Tomateros konpartsa indartsu ibili zen 1980ko hamarkadan, Erriberan inoiz ez dute galdu herri-kontzientzia, Elorrietan ere izan da deustuartasunari eutsi dionik eta San Inazion Larrako euskaltegiak edota Errondoko Auzo Etxeak Deustuko baserrien izenak ez zituzten zoriz aukeratu. Pozgarria eta ulergarria da herritar horien jarrera. Azken batean, beste hainbat esparrutan sustraiei eustea positibotzat jotzen badugu, zergatik ez gertu-gertuko kontuetan?

   Memoriaren hari mehe hori indartzea da blog honen helburuetako bat. Ez da lan erraza; izan ere, hirigintza mailan aldaketa handiak datozkigu hamarkada honetan. Deustuko irla etxebizitzez beteko dute eta milaka lagun etorriko dira bertara. Gure mendi maldak ere inoiz baino urbanizatuago daude eta asko dira pasiatzera datozenak Artxanda, Elorriaga edo Sepurukoatxa nahastuz edota gaztelania hutsez izendatuz. Bazter hauek zer izan diren gogoratzea eta zer nahi duten izen irudikatzea beharrezko ariketa da. Horretarako iruditeria ere zabaldu beharko genuke eta Deustuarekin lotu natural-natural Arangotiko Agirre baserria, Larrakotorre dorretxea edota Arbolagaña txakolindegiko irudia, Tigrearen eraikina, Done Petri plaza edo Deustuko zubia lotzen ditugun era berean.

   Badakigu batzuei arrotz samarra egingo zaiela baina, nazio mailan ere badago Euskal Herria ia-ia Kantauriko eskualdetara mugatzen duenik. Gu, aldiz, begirada zabaltzearen aldekoak gara eta ildo horretatik jarraituko dugu aurrerantzean ere. Azkenik, elkarteei dagokienez, badaude Deustualdea osoan dihardutenak, adibidez, Berbaizu Euskara Elkartea edota Ondalan Erraldoien Konpartsa. Azken batean, zergatik ez eutsi garai bateko batasunari auzo bakoitzaren izaera zainduz? Ea anexioaren urtemugak aukera ematen digun gogoeta egiteko honen inguruan.


Utzi iruzkina: