Euskal Herriko lehen inpresionistak Deustun (II)

pedrozuberogoitia@outlook.com 1626193511431

   Guiard, pintore bikaina izateaz gain, oso gizaseme soziala zen eta lagun-sare zabala egin zuen bizi izan zen lekuetan. Bilboko lagunen artean zeuden, beste askoren artean, Anselmo Guinea eta Manuel Losada margolariak. Biek ala biek liluraz entzuten zituzten lagunak argien hiriaren gainean kontatzen zituenak eta, aukera sortu orduko eurak ere harantz egin zuten. Guineak, Guiarden antzera, puntako margolariak ezagutzeaz batera inpresionismoaren eraginari ireki zizkien ateak. Bere egonaldia, aldiz, askoz laburragoa izan zen eta, hilabete batzuen bueltan, ostera ere Bizkaian finkatu zen. Garai horretakoak dira, hain zuzen, Sirgerak, 1892 eta Sirga aurrealdetik, 1893 lanak, biak Deustuko Erriberan kokatuak. 

   Hirugarren artista bat aipatu beharko bagenu, zalantza barik Dario Regoyos litzateke. Jaiotzez asturiarra bazen ere (Ribadesella, 1857), lotura estua izan zuen Euskal Herriarekin. Gurean egonaldi luzeak egin zituen eta 1911an sortu zen Euskal Artisten Elkarteko kide izan zen. Regoyosek ere bide berriak urratseko gogoa erakutsi zuen gaztetatik. Guiard Parisen zen garai beretsuan bera Bruselan finkatu zen eta hor hasi zen esperimentatzen akademizismoaren aurka sortu ziren korronte berriekin.

   Estatuan Regoyos izan zen inpresionismoa eta puntillismoa beste inork baino gehiago landu zuena. Halere, dozenaka koadro eder ondu ostean, 1909an mingaineko minbizia antzeman zioten. Artatu zuen medikua Getxokoa zenez, bertan hartu zuen etxea. Ondorengo hilabetetan, gaitzari aurre egiteko estrategia irmoa garatu zuen: trasteak hartu besapean eta hango eta hemengo bazterrak margozten jarraitu. Bere ibileretan behin gutxienez Deustu aldera urreratu zen eta maisuki jaso zuen bertako plaza bat (Botika Zaharrekoa?) Deustuko plaza koadroan. Handik lau urtera hil zen Batzelonan lorratz sakona utzita margolari eta zale askoren gogoan.

   Ezin dugu errepaso labur hau amaitu Alberto Arrue aipatu barik. Jose eta Ramiro anaiak bezala, bera ere pintzel eta pigmentu artean ibili zen txiki-txikitatik. 1878an jaioa, umezurtz geratu zen lehen haurtzaroan eta izeba batek hartu zuen. Instituto Vizcainon egin zituen batxiller ikasketak eta jarraian, izebaren babes osoa lagun, bere bokazioan mugildu zen bete-betean: Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan eman zuen izena eta bertan Anselmo Guinea eta beste hainbat artista izan zituen irakasle. Aldi berean, Antonio Lekuonaren tailerrera joaten zen eskolak jasotzera pintore beteranoaren eskutik.

   Ondoren beste hainbat hiri eta akademia etorri ziren: Madril, Erroma, Paris… Bilbora bueltatu zenerako bere lekua ondo irabazia zuen puntako pintoreen artean. Beraz, ez gaitu harritu behar jakiteak 1911-1912an bera izan zela gorago aipatu dugun Euskal Artisten Elkarteko lehen presidentea. Hamaika koadro marraztu zituen, euretako asko arrantzaleak eta nekazariak erakutsiz. Guk, ordea, kutsu hiritarra duen bat ekarriko dugu hona artikuluaren azkenburuko legez: Deustuko ikuspegia. Gonbitea ere hor doatsue: zoazte Abandoibarra etorbidera ea aurkitzen duzuen non kokatu zen Alberto Arrue koadroa taxutzerakoan…

 


Utzi iruzkina: