Elorriagako talaia

pedrozuberogoitia@outlook.com 1671995563838

   Duela urte batzuk, gabon aurretxoan, berri zirraragarriekin etorri zitzaigun alaba eskolatik: Olentzero abiatzear zegoen bere opari kargamentuarekin, berandu barik hasiko zen Pagasarriko maldetatik behera! Eskola bera Elorriaga mendiaren lepoan egonda ez zitzaidan egokiena begitandu urrekoa baztertzea mendi famatuaren mesedetan. Uste dut une horretan bertan erabaki nuela egunen batean Elorriagari buruz idatziko nuela. Sasoi beretsuan, papel zaharren artean bertso hau topatu ostean, pentsatu nuen egokia izan ahal zela gure mendiaren gaineko artikulua hasteko:

Goialde aldapatsu

Erandioko muga

hamaika errekastoren

lehen iturburua

mendetan ikusi du

makina bat guda

Elorriaga mendia

hori bai gailurra!

   Azken oinari helduta, jakina da 222 metroko tontor horretan banderak jartzen zirela XVIII. mendearen amaieratik. Banderen helburua Abrako itsasontzi- mugimenduen berri ematea zen; bertan aritzen zen telegrafista babesteko, berriz, eraikintxo bat altxatu zuten. Langilearen eginbeharra zehatza zen: Portugaleteko barra zeharkatzen zuten ontzien berri ematea, bereziki zein jatorri zuten eta zer garraitzatzen zuten. Horretarako Getxoko Usategin zegoen talaiariak bidalitako infoa baliatzen zuen; izan ere, hiru masta handitara igotako banderek ziurtatzen zuten bi puntu horien arteko hartu-emana. XIX. mendean, berriz, seinale horiek sistema elektriko baten bidez hasi ziren egiten. Kontua da banderen dantza horren ondorioz ingurukoen artean Banderas izena zabaldu zela eta, apurka-apurka, Elorriaga zaharra ahanzturan galdu zela.

   Artikulu honen helburu nagusia, beraz, izen hori berreskuratzea da. Ez da aditua izan behar jatorria igartzeko: Deustuko ibar zabalerantz barreiatzen diren maldetan elorria zen nagusi. Malda horien artean errekastoek sortutako ibarbidetxoak daude, euren artean ezagunena izen bereko auzoan hasten dena, Berrizkoa alegia. Era berean, auzune horretan daude Erandio eta Sondikako udalerriekiko mugak finkatzen dituzten mugarriak. Beraz, Asuako bailara eta Ibaizabalekoa bereiztearekin batera, muga politiko-administratiboa ere finkatzen du Elorriagako gainak.

   Gorago esan dugun legez, mendi hau begiraleku aparta zen itsasadarra zein Txorierriko sarbidea kontrolpean izateko. Lehen gerra karlista hasi eta gutxira –1835ean – liberalek gotorleku bat eraiki zuten banderen seinaletarako etxetxoaren alboan. 1836ko azaroan karlistek hartu egin zuten gailurra baina gabon gaueko erosoaldian Esparterok zuzendutako tropek bota egin zituzten bertatik. Berrogei urteren bueltan ostera ere piztu zen gerra Euskal Herrian eta, marmotaren egunean legez, atzera ere karlistek Bilbori setioa ezarri zioten zenbait astez eta, beste posizio militar batzuen artean, Elorriagako gotorlekua hartu zuten. Jakina denez, 1874ko saiakera horretan ere porrot egin zuten eta, aste batzuen buruan, erretiratu egin ziren.

   Gotorlekua kaltetu samar heldu zen XX.mendera baina 1937eko ekainean oraindik izan ziren borrokaldiak bere inguruan tropa frankistek azken erasoa jo zutenean. Behin Burdinezko Gerrikoa hautsita Gaztelumendin, erreketeak eta italiarrak Artxandako mendilerroko aldapetan gora hasi ziren. Ekainaren 16ko arratsaldean tanke-erasoa jo zuten Elorriagako posizioen aurka. Gudariek eutsi egin zuten ozta-ozta, baina biharamonean faxisten etenik bako bonbardaketa egunsentian hasi zen eta goizean zehar gotorlekua hartu zuten. Beranduago, azken kontraeraso batean, errepublikaren aldekoek ostera ere hartu zuten gaina baina ezinezkoa zen eustea: ekainaren 18ko goizean mendilerro guztia zegoen kolpisten esku eta hurrengo egunean hiria bera ere Frankoren agindupean geratu zen.

   Egun gotorlekuko hormen behealdeak baino ez dira geratzen eta, gainera, irrati-errepikagailuen eta telefono konpainien antenek hartzen dute gailurra. Halere, igoerak merezi du bertatik dagoen ikuspegia aparta baita eta gainera haizeak, edozein norabidetik jota ere, beti du hozkirri ikutu eder bat.


Utzi iruzkina: