Agirre Lehendakaria, gure Kale Nagusia

pedrozuberogoitia@outlook.com 1673283523296

   Igandea, goizeko 10.15, Pio XI. plaza, gure buruen gaineko zerua itsaso gris bat da baina badirudi aterrik eutsiko diola. Abia gaitezen gure auzoen ardatz nagusia den etorbidean zehar, ziur betiko paisaiaz gain hainbat kontu berri ikusiko ditugula eta! Ezkerreko espaloiak egiten duen botila-lepoa pasatuta, tipi-tapa hasi gara. Lehenengo ezustea: alemandar eskola zegoen lekuan mormoiek eliza bat altxatu dute. Oraindik ez ditu zabaldu ateak baina, patuak ez badu eragozten, berandu barik bisitari berriak ikusiko ditugu sartu-irtenean adreilu gorrizko tenplutik. Tira, darraigun aurrera eta begira dezagun eskumara: mendea duela gutxi bete zuen arren, Carrere etxeak dotore dirau. Etxeak etxe, Done Petrira heldu gara. Hau anabasa! Garai batean herriko gunea zena –udaletxea, eskola, frontoia–, hankazgora dago orain. Asmoa egungo errepidearen sei errailetik bi kentzea da eta plazaren alde bietan hainbat aldaketa egitea. Elkargunerako espazioa irabaziko dugu, ziur, baina ez ete dugu galdu aukera eder bat benetako plaza bat izateko?

   Burutazioek zeruaren kolore bera hartu dute, hobe aitzinerantz egitea. Etorbideko hurrengo tartea, urrezko milia, kafetegi, jatetxe eta dantzaleku dotereen kokaleku izan zen sasoi batean. Garaiak aldatu dira eta orain txinatarren denden, joko-aretoen eta telefono konpainien parajea bihurtu da. Avenida zinemak –azken tartean Renoir– izan zirenak ere orain artikulu merkeen saltokia dira… Luis Power kalearen hasiera atzean utzi eta Famili Sakratuko arkupetxoan sartu gara. Eskumaldean egun udaltegi bihurtutako Bidarte jauregia ikus dezakegu. Zorionez, eraikina inguratzen zuten basotxo eta belardien lagin bat geratzen da. Udaberri betean benetan eskertzen da berdetasun eztanda hau asfaltoaren erdian.

   Ezustean aldapatxoa, oinez ez da hainbeste igartzen baina bizikletan joanez gero nabarituko duzu: Zubiriako gainari ekin diogu. Ezkerretara salestarren jabetzak, Elizak oraindik pisu espezifiko handia dauka Deustun, bereziki hezkuntza arloan. Errotondara heltzea eta auzoz aldatzea bat dira, heldu gara Ibarrekolandara. Bat-batean, Sarrikoko parketik datozen usain gozoek eta aldats beheran joateak are atseginago bihurtzen dute pasiera.

   Bide erdia egin dugu, 10.30ak dira. Ez dabil jende askorik metroko sarreran eta ezta atzean dagoen Musikako Parkean ere. Beranduxeago helduko dira atso-agureak, gazte taldeak eta patinetedun umeak lehenengo baserrigune eta ondoren aparkaleku izan zen ingurura. Alboan nagusien erresidentzia, bertan eman zituen Xabier Gereñok azken urteak. Bitxia da zeintzuk erreferente pizten zaizkigun hirian zehar firin-faran gabiltzanean… Arkitektura maite duenak, adibidez, ezkerretara zuzendu behar du begirada tarte batez etxe amerikarrak ikusten baitira. Eraiki zirenean zalaparta eragin zuten eta, urte asko joan diren arren, Le Corbusierren lorratzari jarraituz altxatutako etxeek ez dute galdu xarmarik.

   Navarro Villosladara heldu gara eta, aditua izan barik ere, erraz antzematen da San Inazion sartu garela. Etxe-blokeak uniformeagoak dira, jakina denez erregimenak auzoa eraikiarazi zuenean ordena eta egonkortasuna islatu nahi zituen. Zorionez orain giro bizia da nagusi ezkerraldeko espaloian dauden taberna, kafetegi eta dendetan. Jendea ogi bila jaitsi da edota zuzenean kafea hartzera terrazaren batera. Apur bat aurrerago, eskumaldean, auzoko gune garrantzitsua zena: Mugimenduaren eraikina. Diktadorea hil ostean auzokideek okupatu zuten –lehenengotariko berjabetzea estatu osoan– eta urte luzez Kultur Etxea egon zen bertan, “La Kultur”. 2004tik, berriz, Euskararen Etxea dugu eta gure hizkuntzaren alde dabiltzan zenbait erakunde aterpetzen ditu.

   Ia oharkabean iristen ari gara helmugara. Domeka izanik itxita dago liburutegia. Baten batek gogoratuko du bertan Espainiako poliziak izan zuen komisaldegian emandako orduak. Bistan denez, erabilera hobea dauka orain… Bagaude Lebante plazan. Ederra da gero! Frontoia bazter batean, ura, kioskoa, eskailerak igota umeen parkea eta leku gehiago. Atzerago eskolak eta goian zelatari, Elorriaga mendia.

   Plaza pasatuta errepideak eskumara egiten du eta etorbidea oinezkoen gune batean sartzen da. Azken auzora ailegatu gara, Elorrietara. Zuhaitzen artean aurrera egiten dugu eta, metro batzuen buruan, ostera ere ageri zaigu asfaltoa. Lanbide Heziketako ikastetxea eta azken blokea; aurreraxeago dagoen kale-plakak Elorrietako Erribera iragartzen du. 10.45 dira, martxa onean etorri gara. Espaloira begira dagoen erakuslehioari erreparatu diogu, bideo-jokoen denda handi bat da. Jaieguna bada ere zabalik dago eta barruan mormoi itxurako morroi bat dagoela begitandu zaigu. Arraroa dator gero XXI. mendeko hirugarren hamarkada!


Utzi iruzkina: